Dena prest 22. Korrika abiatzeko
- DataMartxoak 31
- Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura
Korrikaren 22. edizioa Amurriotik abiatuko da, 16:30ean, "HitzEkin" lelopean. 2.500 kilometrotik gora egingo dituzte euskararen alde, gau eta egun gelditu gabe.
Urtebeteko atzerapenarekin bada ere, itzuli da Korrika Euskal Herrira. Ohi bezala, aurreko edizioa amaitzen den lurralde berean hasiko da hurrena. 2019an, Gasteiz izan zen 21. edizioaren helmuga, eta, aurten, Amurriotik irtengo dira korrikalariak martxoaren 31n, 16:29an.
"HitzEkin" lelopean abiatuko da AEK-k antolatutako Korrika. Antolatzaileen arabera, Euskal Herria "gogotsu" dago irteeratik helmugara arte euskararen alde egiteko. Lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramango dute korrikalariek, helmugara itsi arte barruan gordeta mezu sekretu bat daramala.
22. edizioaren lehen egunean, Aiaraldeko eta Enkarterriko herrietatik ibiliko dira korrikalariak. Amurriotik irtenda, Arespalditza eta Artziniegatik igaro, eta Enkarterri zapalduko du: Balmaseda, Zalla, Gueñes eta Gordexola. Gau aldean, Arabara itzuliko da, eta Bizkaira sartuko da ondoren.
Gauerditik aurrera, gautarrek Hego Uribetik egingo dute korrika; Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri eta Galdakao aldean. Durangaldera igaroko dira ondoren, Zornotzatik.
Lehen bi egunetan, herri hauetatik igaroko da Korrika:
Martxoak 31, osteguna
Amurrio 16:30
Arespalditza 17:19
Artziniega 18:15
Balmaseda 19:29
Zalla 20:18
Gueñes 21:02
Gordexola 21:36
Okondo 22:06
Laudio 22:38
Ugao 23:51
Apirilak 1, ostirala
Arrigorriaga 00:20
Basauri 01:03
Etxebarri 01:54
Galdakao 02:27
Zornotza 03:29
Iurreta 04:44
Durango 05:11


