Kontenporanea 2022, martxan
- DataMartxoak 29
- Gaia Ikusizko arteak
Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek, Kontenporanea 2022 topaketako lantaldearekin batera, ekimenaren seigarren edizioa konfirmatu du. Horrela, maiatzaren 20, 21 eta 22an, arte garaikidearen topaketa berriro egingo da, San Juan plazan. Kultura garaikidearen topaketa da Kontenporanea, eta Irungo Udalak sustatzen du, eta artearen, kulturaren eta diseinuaren esparruko gazte profesionalek antolatzen.
“Esparru honetan diharduten bertako profesionalen eskutik, arte garaikidearen sustapena azken urteotan hirian gehien garatu den lan ildoetako bat da. Duela ez asko, artistentzako laguntzak iragarri genituen, eta hau hurrengo mugarria da: Kontenporanea. Horrela, kultura kalera aterako dugu berriro ere, pandemiaren ondorioz behar gehien duen honetan sektoreari laguntzen jarraitu nahian”, adierazi du Juncal Eizaguirrek.
Edizio honetako gai orokorra ekosistema enpatikoak dira: plaza leku atsegin bat izatea da helburua, topo egiteko leku bat, harrera egiteko, elkar zaintzeko, non afektuek, keinu emozionalek, oroitzapenek eta oroipen partekatuek duten garrantzia; kontakizunak sortzeko eta partekatzeko leku abegikorra izango da plaza.
Kontenporanearen bereizgarrietako bat da inguruko gazteek taxutzen dituztela jarduerak: elkarlanean oinarritutako formatu kolektibo baten barruan, lurraldeko proiektu artistikoak ezagutarazteko eta tokiko, Espainiako eta nazioarteko sortzaileekiko esperientzia bat partekatzeko engranaje baten parte dira guztiak.
Aurtengo topaketa antolatuko duen batzordea eskualdeko hiru gaztek osatzen dute: Ane Borreguero ekitaldiaren irudi grafikoarekin eta dokumentazioarekin zuzeneko lotura duten gaiez arduratuko da; Iratxe Airesek edukien programazioari eta bitartekaritza gaiei helduko die; eta Jone Pujanak sareetako komunikazioan eta espazioaren diseinuan jarriko du arreta. Aipatutako arloetako prestakuntza espezifikoa du bakoitzak, baina zeharka lan egingo dute batzordearen baitan, eta, horrela, denek parte hartuko dute edukiak asmatu eta sortzeko prozesuan.
Programa osatzeko lanak martxan daude jadanik, eta, behin burututa, jendaurrean jakinaraziko da emaitza.


