Ibon Cormenzana: "Bizitzeko eta arriskatzeko gogoa pizten duen pelikula itxaropentsua da 'La cima'"

  • Ibon Cormenzana:
    Ibon Cormenzana "La cima"ren zuzendaria
eitb.eus

  • DataMartxoak 25
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Ostiral honetan iritsiko da zinema aretoetara Ibon Cormenzanaren pelikula berria, Patricia López Arnaiz eta Javier Rey protagonista dituena.

Gaur iritsiko da Hegoaldeko zinema aretoetara "La cima", Ibon Cormenzana bizkaitar ekoizle eta zuzendariak azken lantegi horretan egindako laugarren film luzea. Patricia Lopez Arnaiz ("Ane") gasteiztarra eta Javier Rey protagonista dituen istorioa Himalaian dago kokatuta, bertan egingo dute bat Ioneren eta Mateoren bideek.

Ione pertsonaiak, Edurne Pasaban gipuzkoar alpinistaren figuran oinarrituta, hamalau zortzimilakoak igo eta gero sentitzen duen hutsunea kudeatzen saiatzen ari da aterpe batean, jendearengandik aldenduta. Mateok, bestalde, antzinako promesa bat bete nahi du.

EITBren parte-hartzea duen filmean, istripu batek Ione eta Mateo elkartuko ditu, eta orduan ikusiko da kolektiboaz haraindi salbatzerik, gailur zilegirik zapaltzerik, baden.

Non jaio zen "La cima"?

"La cima"ren jatorria da azaltzea ahaleginak eta bi egin eta gero gailurra zapaltzean edukitzen den sentsazioa. Lehenik eta behin ezer ez zarela sentitzea, inguruan hamaika mendi baina inor ez duzula, eta bizitzarekin lotuta dena osatzen ari garen sentipen hori. Zaila da hitzez azaltzen, eta irudien bidez saiatzea pentsatu nuen.

Krisi handiak eta galerak gainditzeko prozesua ere asko interesatzen zait gai moduan. Alpinistek borroka metaforikoa ere egiten dute gailurrera bidean: batzuetan iritsi egiten dira, batzuetan ez dute sekula lortzen eta beste batzuetan hil egiten dira bidean.

Mateo eta Ione bizitzarekin berriz bat egiteko igo behar dira Annapurnara.

Argumentua zuri otu zitzaizun, eta zuk zuzendu duzu filma, baina Nerea Castrorekin lan egin duzu gidoia idazteko orduan. Zeren bila? Nolakoa da norberaren ideia pertsonal bat besteei irekitzeko prozesua? Zer tentsio sortzen dira eta nola kudeatzen dira?

Nerearengan bilatzen nuen bi pertsonaia horiei nortasuna ematea, oso gutxirekin eta oso gutxi hitz eginez hunkitzeko eta komunikatzeko ahalmen handia izatea. Bera ere erakartzen zuten mendizaletasunak eta alpinismoaren mistikak, eta berehala etorri ginen bat. Argi izan nuen pertsonaiak ondo zainduko zituela idazteko lanean.

Kostatzen da ideia bat irekitzea. Berez, gizaki bakoitzak modu ezberdin batean irudikatzen du istorio bera. Biok aseko gintuen eremu batean bat egiteko giltza asko hitz egitea, ideia berrietara irekita egotea eta alpinistek mendian duten bezalako adiskidetasuna erakustea da.

Zuzendari gisa, kolaborazio horretatik ateratzen den gidoian % 100ean sinetsi behar duzu eta gogo biziz landu ahalik eta bizitza onena emateko.

Patricia López Arnaizek eta Javier Reyk zama handia dute pelikulan, erabat baita beraiengan oinarrituta. Zer behar zuten biek, zergatik aukeratu zenituen eta zer eman diote pelikulari zure ustez?

Patriciarengan euskal matriarka bat bilatzen nuen: itxuraz gogorra izanik ere, sentiberatasun handia duen norbait. Horrela ikusten dut nire ama, eta horrela ikusi nuen Patricia urte batzuk lehenago ere, "Alegría tristeza" pelikulan laburki elkar ezagutu genuenean.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri