Tabakalerak 2022ko Noka Mentoring eta 2deo Serieak deialdietan hautatutako proiektuak iragarri ditu
- DataMartxoak 22
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Sortzen ari den zinema-talentuari laguntzeko, Tabakalerak zinemaren eta telesailen sektoreko profesionalei zuzendutako bi deialdiren ebazpenak ezagutzera eman ditu. NOKA eta 2DEO SERIEAK programek denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala emango diete ikus-entzunezko sortzaileei. Sortzaileek hiru tutoreren laguntza izango dute, lan-saioak egingo dituzte sektoreko profesionalekin, Tabakalerako baliabide eta programa guztietarako sarbidea izango dute, eta laguntza ekonomikoa emango zaie euren proiektua garatzeko.
Noka Mentoring
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak, Zineuskadi elkartearekin batera, Noka Mentoring 2022 programaren deialdia ebatzi dute. Emakume zinegileei zuzendutako ekimena da, eta zinemaren sektorean haien presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu. Noka Mentoringek Euskadin eta Nafarroan egoitza daukaten zuzendari berrien film luzeen proiektuak lagundu, tutorizatu eta babesten ditu. Laugarren edizio honetan aukeratutako hiru zuzendariak Maria Inês Gonçalves, Andrea Sánchez eta Ainhoa Gutiérrez dira. Datozen hilabeteetan Noka Mentoring programak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko die Maider Oleaga, Mar Coll eta Diana Toucedo zuzendarien eskutik.
Hiru profesional horiek filmen lehen fasearen jarraipena egingo dute, eta deialdian hautatutako zinemagileei egitasmoaren inguruko txosten bat osatzen lagunduko diete zinema arloko beste laguntza batzuk jaso ahal izan ditzaten, bai Eusko Jaurlaritzarenak, bai ICAArenak (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua), bai nazioarteko zinema-industriaren foro profesionalenak. Hautatutako hiru zuzendariek Noka Mentoringek eskainitako programan parte hartu eta beren proiektuak ahalik eta baldintza onenetan garatzeko 4.000 euroko diru-laguntza jasoko dute.
Parte-hartzaileek Donostia Zinemaldian aurkeztuko dituzte euren proiektuak, industria-sektorearen aurrean. Gainera, Zineuskadik amaiera-jardunaldi batzuk antolatuko ditu NOKA Mentoring programaren edizio guztietako parte-hartzaileentzat. Jardunaldi horietan, nazioarteko koprodukzioa sustatuko duen finantzaketa-plan bat taxutuko dute, eta garapen-fasetik jarraitu beharreko marketin-estrategiari helduko zaio. Era berean, orientazioa jasoko da Estatu mailako banaketa eta nazioarteko salmentei dagokienez.
Hautatutako proiektuak eta zinemagileen biografiak
Maria Inês Gonçalves Zineman graduatu zen Lisboako Antzerki eta Zinema Goi Eskolan, eta Elías Querejeta Zine Eskolako Zinema Sorkuntzako Masterra egin zuen. O Meu Pijama bere lehen film laburra Premiers Plans d 'Angers jaialdian estreinatu zen eta nazioarteko jaialdietan ibili da. En búsqueda de Beatriz proiektua luzemetraia da, fikziotik eta haurren iruditeriatik abiatuta, Portugalgo 1383ko krisi dinastikoan ahaztutako baina nagusi izan zen Beatriz de Portugal Erdi Aroko infantaren istorioa aztertzen duena.
Ainhoa Gutiérrez del Pozo zinemagilea eta ikertzailea da. Arte Ederretan Graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, Zinema Dokumentalean masterra egin zuen Buenos Aireseko Zinema Unibertsitatean eta Lurraldea modulua Huarteko Arte Garaikideko Zentroan. Medvedek (2019), Nafarroako Pirinioetako hartza ardatz duen zuzendariaren bere lehen lana, Kimuak katalogoan hautatu zuten. Ainhoa Gutiérrez-en Abaño, 2086 proiektua, egilearen arabera “etorkizun postapokaliptikoetan garatzen den zientzia-de-ez-fikziozko istorio bat da. Energia hidroelektrikoaz, giza harremanez eta gizakia ez denarekin elkar lotzeko beharraz hausnartu nahi du”.
Andrea Sánchez Kultura Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritzean tituluduna da ESCRBCCren eskutik, obra grafikoaren espezialitatean, 2018an. Urte horretan bertan, Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Artxibo Graduondoko kide izan zen, eta ikus-entzunezko materiala zaintzen espezializatu zen. Gaur egun, Donostia Zinemaldiko artxiboko kontserbatzaile-zaharberritzaile gisa ari da lanean, Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren barruan. Andrea Sánchezen El espectro de Justine II filmak Elenaren istorioa kontatzen du, El espectro de Justine inoiz estreinatu ez zen B serieko beldurrezko filmaren remake batean protagonista izateko Andorrara heltzen den aktorearen istorioa.
2deo serieak
Aitor Gabilondo ikus-entzunezko fikzioaren sortzaileak, Xabier Berzosa ekoizleak, Laura Sarmiento gidoilariak eta EITBko eta Tabakalerako ordezkariek osatutako balorazio batzorde batek 2deo serieak 2022 deialdiaren barruan garatuko dituzten hiru proiektuak aukeratu ditu. Lander Castroren eta Igor Garciaren Agur, terrorista euskarazko proiektuak, Ana Urquijo Fabeiroren Anomaly eta Asier Urbieta San Martinen Eneko proiektuek tutorizazioa, laguntza eta proiektuen babesa izango dute.
Sortzaileek Laura Sarmientoren, Aitor Gabilondoren eta Xabier Berzosaren mentoria eta banakako aholkularitza izango dute, eta 6.000 euroko laguntza euren egitasmoen garapenerako. Apiriletik irailera hiru egonaldi presentzial egingo dituzte Tabakaleran, gidoiaren analisia eta berridazketa lantzeko, baita proiektu bakoitzaren ekoizpen- eta banaketa-estrategia ere. Programaren azken zatian eta Donostia Zinemaldiarekin bat eginez, ekoizle, banatzaile, inbertitzaile, plataforma eta telebista-kanalekin topaketa profesionalak egiteko aukera izango dute, beren telesaila ekoizteko aukerak lortzeko.
Hautatutako proiektuak eta biografiak:
Lander Castro eta Igor Garciaren Agur, terrorista, “Lander Otaola euskal aktorearen bizitzan (pixka bat) oinarritutako euskarazko istorioa da, eta, aldi berean, bere burua aurkitzen saiatzen den norbaiten istorioa da”.
Lander Castro Platanoboligrafo ekoiztetxeko kidea da. 2021ean bere lehen film laburra filmatu zuen zuzendari eta gidoilari gisa, Carnívoro, urte bereko Sitgeseko Zinemaldiko sail ofizialean estreinatu zena. Igor Garcia ekoiztetxe bereko sortzaileetako bat da eta Superdown edo La Piscina bezalako film laburrak zuzendu eta idatzi ditu. Azken hori Zinebi jaialdiko sail ofizialean hautatu zuten. Gaur egun, Yerma luzemetraiaren proiektua garatzen ari da, zuzendari gisa bere opera prima izango dena.
Ana Urquijo Fabeiroren Anomaly filmak Ana Mollyren istorioa kontatzen du. Post-nerabe haserretua eta bizitzan oso galdua da. Unibertsitateko lehen urteari aurre egiten saiatzen da, Sadiek, bere antsietatearen deabruak, bizitza oztopatzen dion bitartean. Ana Urquijo gidoian espezializatutako komunikatzailea da. Komunikazioko Gradua egin zuen Entretenimentua (telesailak, filmak eta bideojokoak) aipamenarekin Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean, eta Ikus-entzunezko Gidoiak Sortzeko Masterra ere burutu du unibertsitate berean.
Asier Urbieta San Martinen Eneko proiektuak Eneko-ren amaren istorioa kontatzen du. Semea aitarekin desagertu zen 1999ko Gabonetako oporretan. Amak bizitza aldatuko dion bilaketa bati ekin zion. Biziraupena da benetako istorio honen motorra, funtsean maitasun istorio bat besterik ez dena. Asier Urbieta San Martin ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da. Serieak, film laburrak eta dokumentalak idatzi eta zuzendu ditu, eta horien artean aipagarrienak Altsasu telesaila eta Pim Pam Pum eta False Flag film laburrak dira, 200 jaialditan baino gehiagotan hautatuak izan ziren eta 40 sari jaso zituzten.
Crossover 2022
2deo serieak 2022 apirilaren 25etik 30era Tabakaleran egingo den Crossover serieen jaialdian hasiko da, eta aurtengo deialdian aukeratutako hiru sortzaileek jaialdiaren programazio osoa ikusteko aukera izango dute. Crossover jaialdia “Kontatutako seriea” izeneko saioarekin abiatuko da 2deo laborategian. Venga Juan, Vamos Juan eta Vota Juan telesailaren sortze prozesua eta intrahistoria kontatuko dute Diego San José eta Víctor García León zuzendari eta gidoilariek.
2deo serieak programaren azken zatia Donostiako Zinemaldiarekin batera egingo da. Bertan, hautatutako sortzaileek aukera izango dute ekoizleekin, banatzaileekin, inbertitzaileekin, plataformekin eta telebista-kanalekin topaketa profesionalak edukitzeko, beren seriea ekoizteko aukerak lortze aldera.


