Liburutegiak eta Garapen Iraunkorreko Helburuak
- DataMartxoak 16
- Gaia Artxibategiak eta Liburutegiak, Bestelakoak
Liburutegi arloko berrogeita hamar profesional inguru elkartu dira gaur goizean Artxibo Historikoaren eraikinean, Euskadiko Liburutegi Sareak eta ALDEEk deitutako jardunaldi batean, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko bidean duten eginkizuna argitzeko.
Mikel Aizpuruk, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak, eman dio hasiera topaketari. Bere sailak eta Jaurlaritzak berak GJHekin konpromiso sendoa dutela adierazi du bere hitzaldian, eta argi utzi nahi izan du kulturak eta ondareak berezko helbururik ez duten arren, munduaren eraldaketarako bien zeregina funtsezkoa dela. Ildo horretan, liburutegiek dagoeneko betetzen duten papera nabarmendu nahi izan du, baita zeregin berrietara irekitzeko duten ohiko jarrera ere.
Ildo beretik mintzatu da Alicia Sellés, Liburutegi Lankidetzarako Kontseiluko eta 2030 Agendako lantaldeko koordinatzailea, FESABID Artxibistika, Bibliotekonomia, Dokumentazio eta Museistika Elkarteen Espainiako Federazioko kide gisa. Sellések ibilbide bat egin du 2030 Agenda abian jartzea ekarri zuen prozesuan barrena, eta 5 milioi pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten lan parte-hartzailearen garrantzia azpimarratu du, gerora NBEko kide diren herrialdeen konpromisoa ekarri zuena.
Adituaren hitzetan, pobreziaz, hezkuntzaz, lan duinaz, berdintasunaz eta ingurumenaz hitz egiten duten 17 GJHak ez dira arrotz liburutegientzat. Izan ere, azken urteotan erreferentzia izan diren hiru txosten aipatu ditu, hala nola IFLAren Manifestua, erakunde berdinaren informazioaren erabileraren joerei buruzko 2013ko txostena («Surcando las olas o atrapados por la marea») eta IFLA beraren 2017ko Garapen eta Informazio Sarbiderako Txostena. Hiru dokumentuek Liburutegien paperaren garrantzia jasotzen dute eta Garapenaren esparru politikoan agertu behar direla ondorioztatzen laguntzen dute, dagoeneko horretan ari direlako. Horrela jasotzen da, halaber, Informaziorako eta liburutegietarako Estrategia Nazionalaren Proposamenean.
Ondoren, Fernando Juarez ALDEE Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroen Profesionalen Euskal Elkarteko presidenteak hartu du hitza. Bere hitzaldian kulturak duen funtsezko pisua ulertzeko dauden zailtasunak nabarmendu ditu, baina elkarteek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du, GJHetan bildutako iraunkortasunaren alde urteak daramatzan sektorea indartzeko. Era berean, liburutegien gaitasun eraldatzailea ulertarazteko beharra aipatu du, profesionalen ahalduntzea espazio bakoitzetik egiten diren ekintza positiboak ikusarazteko bide gisa aipatuz.
Jardunaldia 13:00ak aldera amaitu da, 2022rako GJHei buruzko ekintza zehatzak zehazteko taldekako lan-dinamika bat egin ondoren.


