Leah Whitman-Salkin ikertzaile eta editorea aukeratu dute Juncal Ballestín Nazioarteko Bekaren 2022ko deialdirako. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak sustatzen du beka, eta honako bi helburu hauek ditu: Euskal Herriko nahiz nazioarteko testuinguruko arte feministaren historiografia garatzea eta museoaren programei eta haren bildumari atxikitako emakumezko artisten eta pentsalarien ekoizpenak aztertzea. Guztira 24 hautagaik betetzen zituzten aurten deialdiaren baldintzak, tartean zela Whitman-Salkin. Euskal Herriko artista, idazle eta pentsalari feministen inguruko ikerketa sakona egiteko proposamena aurkeztu du bekara, mundu osoko emakumeen eta idazleen ahotsa azaleratzeko proiektu baten barruan. Bederatzi hilabeteko epea izango du lan hori gauzatzeko, eta Artium Museoaren Ikerketa eta Dokumentazio Zentroarekin eta Euskal Herriko artxiboen eta literatura itzulpenaren esparruko profesionalekin lankidetza estuan jardungo du.
Juncal Ballestín Nazioarteko Bekaren Balorazio Batzordea honako kide hauek osatzen dute: Carmen Gaitán, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluko Artearen Historia eta Ondarea Saileko zientzialari titularra; Lourdes Méndez, EHU/UPVko Antropologia Sozialeko katedraduna; Hilary Robinson, Loughborougheko Unibertsitateko School of Social Sciences and Humanities ikastegiko Feminismo, Arte eta Teoriako katedraduna; Azucena Vieites, artista; Xabier Arakistain, arte-komisarioa; eta Beatriz Herráez, Catalina Lozano eta Elena Roseras, Artium Museoaren ordezkariak.
Leah Whitman-Salkin historialaria eta editorea Montana argitalpen-proiektuaren aitzindaria da: proiektu horrek liburu sail bat du oinarri, itzulpen, fikzio, poesia eta saiakera sozial eta literarioari lotua, eta konpromiso berezia du mundu osoko emakumezko idazleekin eta gaur egun garrantzi eta oihartzun berezia duten obra ahantzi edo baztertuekin. Hain zuzen ere, Whitman-Salkinek Juncal Ballestín Nazioarteko Bekaren lehen deialdira aurkeztu duen proposamenak ikerketa-lan horren hedapena planteatzen du, eta azken xedea du Euskal Herriari loturiko egile baten obra bat ingelesera itzultzeko proiektua gauzatzea. Whitman-Salkinen proposamenak Artium Museoko taldeekin eta Ikerketa eta Dokumentazio Zentroarekin lankidetza estuan aritzea eskatuko du.
Leah Whitman-Salkin (Alaska, AEB, 1986) editore independenteak argitalpenaren alderdi kolaboratiboak ditu lan-ildo nagusitzat. Bere lanetan, itzulpena, bisualaren eta idatzizkoaren espazioa eta edizioaren bidez jakitera emateko prozesua ikertzen ditu. Arlo politikoaren eta poetikoaren nahiz literarioaren eta bisualaren arteko ukipen-guneak ikertzea xede duen Montana liburu sailaren sortzaile eta editorea da. Sail horretako lehen lanak (Up Your Ass, Valerie Solanas, eta Custody of the Eyes, Diamela Eltit) aurki emango ditu argitara Sternberg Press britainiar argitaletxeak.
Whitman-Salkin November 28 ekimenaren sortzailekide ere bada. Espazio komunitarioei, banaketa alternatiboari eta argitalpen-jarduerei buruzko esperimentu bat da November 28, Tiranako (Albania) liburu-denda eta irakurketa-areto batean kokatua. Hantxe antolatzen du, beste zenbait lankiderekin batera, Radical Sense irakurketa-talde feminista, 2018az geroztik astero elkartzen dena. 2016an, Veneziako Arkitekturako Bienaleko Albaniaren Pabiloiaren komisarioa izan zen, Simon Battisti eta Åbäkerekin batera, zeinetan proposatu baitzuten itzulpenari, musikari eta espazio emotiboei buruzko argitalpen-proiektu bat. 2013tik 2019ra Harvard Design Magazineko editorearen ondoko izan zen, eta, aurretik, Sternberg Presseko editore.
Leah Whitman-Salkin Artearen Historiako lizentzia eskuratu zuen Bard Collegen, non ikertu baitzituen artista-taldeak eta demokrazia erradikala. 2017an, egoitza egin zuen Stokholmeko Iaspis programan, Suedian, eta 2019anBanffeko Banff Centren, Kanadan.


