"Los caballos mueren al amanecer", bizitzen zatiak ehunduz
Ione Ateneak irekiko du Punto de Vista 2022 jaialdia, zeina martxoaren 14tik 19ra izango den. Bigarren film luzea aurkeztuko du: Los caballos mueren al amanecer. Film intimo horretan, iragana eta oraina gurutzatzen dira denbora eta espazio beretan. Zuzendariarekin hitz egin dugu filmaren errealizazio-prozesuaz eta estreinaldian izan dituen sentipenez.
Los caballos mueren al amanecer filma García anai-arreben etxebizitza zen hartan sartu zinen unearekin hasten da. Noiz jakin zenuen esperientzia pertsonal hori film bat izango zela?
Etxe hartan bizitzera sartu nintzenean, berehala sentitu nuen hor film bat zegoela. Topaketa interesgarri bat gertatzen ari zen, nire ustez: bi garai desberdin, bi belaunaldi, elkar ezagutzen ez duten bi familia toki berean aurkitzen dira ausaz.
Filmean kontatu dudan moduan, etxe hartara lagun batekin sartu nintzenean, Rosita (arreba) hil zenean geratu zen bezala aurkitu genuen guztia. Anai-arreben presentzia oso handia zen etxean, berehala aurkitu genituen haien izenak, argazkiak... Haien objektuen bidez anai-arrebok irudikatzen hasi ginen, eta une horretan asko identifikatzen ginen haiekin.

Jolasean hasi ginen, haien izenak erabiltzen: nire lagunari Antonio deitzen nion, eta hark Rosita deitzen zidan. Bigarren gauaren ondoren, uste dut, nire lagunak zera esan zidan goizean: «Imajinatzen duzu burua joaten zaigula, eta benetan haiek garela sinesten dugula? Hori film bat izan daiteke». Eta ni zinema dokumentala ikasten hasi berria nintzenez, zera esan nuen: «Noski! Hau film bat izan daiteke...». Eta etxea aurkitu eta eraldatzeko prozesu osoa dokumentatzea erabaki nuen.
Gerraosteko eta frankismo garaiko giro grisak zeharkatzen du filma, baina protagonistek beren espazio propioa koloretan bizitzea lortzen dute. Zure esperientzia artista-belaunaldi baten erretratua izan daiteke?
Filmean asko nabarmentzen dira nire sentipenak, bere materialak eta historia interpretatzeko dudan modua.
Baina ziur Garciatarren esperientzia beren belaunaldiko beste artista batzuekin lotuta dagoela. Uste dut nork bere estrategiak bilatzen zituela egoerari aurre egiteko.
Argazkiari funtsezko garrantzia ematen diozu proiektu osoan, ia-ia beste pertsonaia bat da. Zer esanahi du zuretzat?
Beste une batzuetan, argazkiren bat aurkitu izan dudanean, altxor txiki bat iruditu izan zait beti: zer misterio gordetzen dituen, nola bultzatzen gaituen istorio posibleak imajinatzera eta beste garai eta toki batzuetara bidaiatzera... Pentsa zer izan zen etxe hartan irudi horiek guztiak aurkitzen hastea; erabat liluratuta nengoen.

Alde batetik, familia-album bateko irudi tipikoak zeuden, eta halakoak ere berez liluragarriak iruditzen zaizkit, baina, horiez gain, eszenaratzeen argazki asko zeuden, 1950eko hamarkadako genero-filmen grabaketak balira bezala (westerna, zinema beltza, belikoa), baina berehala ezagutu nituen haietan hiru anai-arrebak.
Haiek dira film posible horietako protagonistak, eta argazkiok funtsezkoak dira nire filmerako.
Hain zuzen, kontakizuna eraikitzeko, irudi solteak, bizitza txatalak ehundu dituzue, eta Diana Toucedo arduratu da muntaketa egiteaz. Jada harekin lan egin zenuen zure lehen lanean (Enero, 2019). Zer ideia ziren ezinbestekoak istorioa aurkezteko? Zure lanaren zer alderdi nabarmenduko zenuke?
Dianarekin lankidetzan aritzea funtsezkoa izan da. Nik filma egiteko ideia bat nuen, baina ez nuen lortzen muntaketan eman nahi nion formak funtzionatzerik. Apur bat galduta nengoen une batean jarri nintzen harekin harremanetan, eta elkarrekin erabaki genuen behin betiko off-eko ahotsa jartzea.
Gidoiari ere buelta bat eman genion, anai-arreben istorioaren zenbait alderdi hobeto dimentsionatzeko. Adibidez, Brugerari eta marrazkigileei buruzko guztiari presentzia handiagoa eman genion.
Muntaketa egitearekin batera, nire ahotsa idatzi, ikertu eta aurkikuntzak egiten jarraitzen genuen; gero, berriz idatzi eta muntaketa egokitzen genuen. Halaber, zenbait gauza grabatu nituen muntatzen ari ginela.
Hala, pixkanaka-pixkanaka lanean jarraitu genuen, amaierako muntaketara heldu arte. Eta orduan, oraindik ere, aurkikuntzak egiten jarraitu genuen...
2020ko Zinebi Networking Foro Profesionalerako aukeratu zuten lana. Zer ekarpen egiten dizkiete halako ekimenek ikus-entzunezko proiektu baten ekoizpen-prozesuari?
Halakoetan egindako ibilbidea oso aberasgarria izan daiteke proiektuentzat. Alde batetik, zure ideia aurkeztu eta azaldu behar izateak asko laguntzen dizu egon daitezkeen arazoak, indarguneak, funtsezko alderdiak eta abar aurkitzen. Bestalde, ekimen horietan parte hartzeak ikusgarritasuna ematen dio etorkizuneko filmari, baita kolaborazio edo interes posibleak sortzeko aukera ere.
Gainera, normalean sari bat irabazteko aukera dago.

Filmak emango dio hasiera Punto de Vista jaialdiari, eta aurten, gainera, zuzendari artistikoa estreinatuko du. Zer sentipen nahi zenuke uztea proiekzioak jendearengan?
Ilusio handia egiten dit jaialdi honetan estreinatzeak, izugarri gustatzen zait eta; gainera, ziklo berri honekin bat etorriz estreinatuko dut. Hain zuzen ere, filmak ere ziklo-aldaketa batez hitz egiten du, kasu honetan, gune batek bere bizilagunen bidez jasaten duenaz.
Espero dut jendeak proposatzen dugun bidaiaz gozatzea eta hiru anai-arreba hauen eta haien etxearen istorioan murgiltzea.
Nolako ibilbidea nahi zenuke izatea Los caballos mueren al amanecer filmak?
Lehenik eta behin, ahalik eta ibilbide handiena izatea jaialdietan, eta nazioartean ere estreinatzea nahiko genuke. Bestetik, mota guztietako guneetan ikus dadin gustatuko litzaidake, filma ikusteko gogoa duen pertsona guztietara heltzea.
Zer proiektu berri duzu esku artean une honetan?
Oraintxe bertan, zenbait gauza ditut buruan, baina oraindik hasierako ideiak soilik dira eta nahiago dut pixka bat itxaron horiei buruz hitz egin aurretik.
Halaber, bi film luze jarraian egiteko esperientzia biziaren ondoren, beste pertsona batzuen proiektuetan lankidetzan aritzeko gogoa dut.
--
Ikusi trailerra hemen:
(2022ko martxoaren 11n argitaratutako Berezia).


