Zinema eta zientzia uztartu dituzte #LabMeCrazy! Jaialdian
#LabMeCrazy! Science Film Festival jaialdia Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren ekimen interesgarria da, eta xede du gazteak ikus-entzunezko hizkuntzaren bidez zientzia-ezagutzara hurbilaraztea. Otsailaren 21etik 25era bitartean, jaialdi horren hirugarren edizioak hainbat proiekzio eta jarduerez gozatzeko aukera emango du. Javier Diez koordinatzailearekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta jaialdiaren xehetasunen berri eman digu.
Nola sortu zen #LabMeCrazy!? Nola sortu zen halako jaialdi bat abiarazteko ideia?
#LabMeCrazy! Science Film Festival jaialdia Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoaren ekimena da. Erakunde horrek zientziaren arloko hezkuntzan, dibulgazioan eta ikerketan dihardu. Zientziaren eta garapen teknologikoaren aurrerabide berriek giza izaera aldaraz dezakete, eta gizakiaren zereginari eta zientzialariek duten erantzukizunari buruzko zalantzak mahaigaineratu ditzakete. Eztabaida hori nafarrei helarazi nahi genien, modu atseginean eta gaur egungo garaietara egokituta.
Gogoratu genuen urte luzez TeleNatura naturari buruzko zinema-jaialdia antolatu zela, eta horrexegatik hitz egin genuen Bienvenido Leónekin, Komunikazio Fakultateko irakaslearekin, berak zuzentzen baitzuen jaialdia. Halaxe hasi zen sortzen #LabMeCrazy! Science Film Festival. Batik bat gazteei zuzendutako jaialdia da, zientziarekiko grina eta zientzia-bokazio berriak pizteko xede duena.
Lehenengo edizioa 2019an egin zen. Zer nabarmenduko zenuke edizio hartatik?
Barneko ikuspegiari dagokionez, nabarmenduko nuke hainbesteko ilusioa egiten zigun proiektua gauzatzeak eman zigun poza. Proiektu on asko ez dira gauzatzen.
Ekitaldi gisa, eremu guztietan izan zuen harrera ona hautatuko nuke. Oso harrera ona egin zion ikus-entzunezko industriak oro har; izan ere, lehenengo urtean bertan ehun bat herrialdetako 2.000 produkziok eman zuten izena. Asko poztu gintuen, halaber, komunikabideek erakutsi zuten interesak, estaldura handia eman baitzioten. Eta, agian, politena izan zen proiekzioetan eta ekintzetan jende gazte asko ikustea. Horrek indarra eman zigun aurrera egiteko.

Zuk diozun bezala, mundu osoko mila produkziotik gora jasotzen dituzue lehiaketarako. Nola baloratzen duzue erantzun hori eta nola hautatzen dituzue saridunak?
Gure ustez, parte-hartzea oso ona da, batik bat aintzat hartuta oso jaialdi berria dela. Baina, are hobea egin nahi dugu. Helburua da ikus-entzunezko edukiak dituzten ekoiztetxe guztietara iristea apurka-apurka, jaialdiaren helburuak lortzen lagunduko digun proiekzio handirik gal ez dezagun.
Hautaketa-prozesuari dagokionez, oso prozesu nekeza da. Aurretiko epaimahai handi bat dugu, aurkeztutako lan guztiak ikusi eta baloratzen dituena. Lan horren bidez, kategoria guztietako finalistak hautatzen dira. Azkenik, jaialdiko epaimahai ofizialak baloratzen ditu. Epaimahai hori hainbat profiletako pertsonek osatzen dute: zientzialariak, komunikatzaileak, zinegileak, ikasleak... Diziplina anitzeko eremu horrek hautatzen ditu jaialdiko irabazleak.
Ba al dago zientzia-dibulgazioari hobekien erantzuten dion zinema-generorik ala ikus-entzunezko edozein hizkuntzaren bidez jorra daiteke?
Historikoki, dokumentalen generoa hartu izan da egokientzat ikus-entzunezko baliabideen bidezko dibulgaziorako. Hori hala da dokumentala estuki lotuta dagoelako errealitatearekin. Gainera, gai konplexuak oso modu errazean eta atseginean azaltzeko gaitasuna du. Baina gure gizartearen gainerako eremuetan bezalaxe, azken urteotan teknologia izugarri garatu da eta ikus-entzunezkoak ekoizteko zein kontsumitzeko modua aldarazi du.
Jaialdiak hainbat kategoria ditu zientzia komunikatzeko modu horiek guztiak biltzeko. Gaur egun, bideoaren ekoizpena unibertsal bihurtu da. Duela 20 urte, telebistarako edo zinemarako ikus-entzunezko bat ekoizteko materiala oso garestia zen. Orain, milioika bideo egiten dira egunero, berehala erakusten zaizkio publikoari eta berehala hedatzen da mundu osoan.
Beraz, ondorio gisa esan dezakegu ikus-entzunezkoen bidez modu askotara dibulga daitekeela zientzia. Estilo bakoitzak bere publikoa eta kontsumo-ezaugarriak ditu. Eta dena etengabe bilakatzen da. Garrantzitsua da estilo bakoitzaren elementu gakoak identifikatzen jakitea eta horiek ustiatzea, dibulgazioa eraginkorra izan dadin.

Jaialdiarekin batera hainbat ekintza egiten dira. Zer eskaintzen diote programari ekintza osagarri horiek?
Zinema zoragarria da eta eragin handia izan dezake ikuslearengan, are gehiago, haren bizitzan aldaketa bat eragin dezake. Baina zinemaren esperientziak inoiz ez du izango kontaktu errealik zientzia-praktikarekin.
Hori dela eta, #LabMeCrazy! Science Film Festival jaialdian orea eskuekin lantzeko aukera eskaini nahi dugu, benetako zientzia-esperientziak izateko aukera. Ekintza horiek hainbat gairen inguruan antolatzen ditugu, baina badute elementu komun bat: zientzialariek eta ikertzaileek zuzentzen dituzte.
Hortaz, zientzialarien lana ezagutzen laguntzen diegu bertaratzen direnei. Eta hori oso garrantzitsua da guretzat, aintzat hartuta zientzia-arloan bokazio berriak piztu nahi ditugula.
Ikerlan ugariren datuen arabera, emakumeen presentzia zientziaren arloan % 40tik beherakoa da eta kopuru hori hortxe dago geldirik. Nola lagun dezake komunikazioak egoera hori orekatzen?
Oso gai zaila da, arrazoiak anitzak eta oso ezberdinak direlako. Aldaketa sozialak motelak dira eta gogo onez eta pazientzia handiz egin behar zaie aurre.
Komunikabideek zeregin garrantzitsua dute horretan; izan ere, beraiek erabakitzen dute zein mezu iristen zaion gizarteari. #LabMeCrazy! Science Film Festival jaialdiko lantaldeak jakin badaki zein den bere erantzukizuna; horrexegatik laguntzen dugu zientziako eta zinemako emakume erreferenteei ikusgaitasuna ematen, bai filmen protagonista direnen bidez, bai hitzaldi eta ekintzetan parte hartzen dutenen bidez.
Horren adibide dugu jaialdiaren lehenengo edizioan sari nagusia irabazi zuen dokumentala, Marian Diamond zientzialariari buruzkoa.

Aurtengo programan edukiak sare sozialetan hedatzen dituzten zenbait pertsonak parte hartuko dute. Zer helburu ditu ekimen horrek?
Lehen esan dugun bezala, etengabe aldatzen da gizartean komunikatzeko modua, baina Internet etorri zenetik eta, batez ere, smartphonen eta tableten erabilera orokortu zenetik, aldaketa hori askoz bizkorragoa da. Plataforma askotan hitz egiten da zientziaz, eta bakoitzak komunikatzeko bere berezitasunak ditu. Baliabide hori gazteek asko erabiltzen dutenez, interesgarria iruditzen zitzaigun zientziaren dibulgazioan arrakasta duten influencer-ak gonbidatzea, beren esperientziak kontatu eta plataforma bakoitzean zientzia komunikatzeko gako batzuk eman ditzaten.
Bestelako publikoetara iristeko bide bat da, eta ez dugu hori lortzeko aukera alferrik galdu nahi. Baldinbaitere, LabMeCrazy Social Media Forum izango ahal da sare sozialetan dibulgatzaile berriak sorraraziko dituen ekimena!
Nola nahi zenuke #LabMeCrazy! hazten jarraitzea?
Hazi baino lehen, ezinbestekoa da Nafarroako gizartean posizio sendoa finkatzea. Eta, horretarako, harremanak izan behar ditugu helburu sozial berberak partekatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuekin, komunikabideekin, unibertsitateko komunitatearekin eta gizartearekin oro har, ikus-entzunezkoen industriarekin, eta abarrekin. Eta hori lortzeko etengabeko tratua eta lan ona behar dira, eduki erabilgarriak eta haien gustukoak eskainita. Lehenik eta behin posizio hori finkatzen jarraitu behar dugu.
Prozesu horretan aurrera egin ahala, normala da jaialdia beste egoitza batzuetara eramateko aukerak sortzea, zientziarekiko grina ahalik eta pertsona gehienei transmititzeko. Baina, oraingoz ez dugu presarik, lehenik lan handia egin behar da etxean bertan...
(2022ko otsailaren 21ean argitaratutako Berezia).


