Iker Alvarezek eta Haizea Pastor: "Euskal animazioak aitortza gehiago behar ditu"
- DataOtsailak 9
- Gaia Ikus-entzunezkoa
"Zutik" Iker Alvarezek eta Haizea Pastorrek zuzendutako animaziozko filma Goya sarietarako izendatuta dago, eta beraiekin hitz egin dugu larunbatean Valentzian sariak banatu aurretik.
Urrun iritsi dira, iritsi ere, "Zutik" animaziozko filmeko iratxo eta zuhaitzak. Zinemako pantailetatik pasatu eta bertatik umeei naturarekin modu sakonagoan bat egiteko deia egin eta gero, Goya sarietarako izendatu dute Iker Alvarezek eta Haizea Pastorrek zuzendutako istorioa.
Iratxo eta zuhaitzen istorioa Baleuko (Euskal Herria), Tortugastudios (Brasil) eta Polar Studio (Mexiko) etxeen arteko koprodukzioa da, eta EITBren parte-hartzea du. Larunbatean Valentzian egingo duten sari banaketaren atarian zorte ona opa eta gero, Alvarez eta Pastor zuzendariekin hitz egin dugu.
Zorionak izendapenagatik! Espero zenuten?
Iker: Eskerrik asko. Bada, beti dago aukera txiki bat izendatua izateko, baina ez dut horretan asko pentsatu azkenera arte. Lan asko genuen.
Espero dezagun zorte apur bat izatea, euskal animazioak behar ditu eta aitortza gehiago.
Haizea: Eskerrik asko! Espero, espero… Beti izan dugu itxaropen txiki bat, baina mezua jaso bezain pronto… Ez nuen sinisten!
Gure txikientzako pelikula bat, eta gainera euskaraz, Goya sarietan izendatuta egotea kristoren aitortza da.
Ikusi dituzue zuen sailean hautagai diren gainerako filmak? Zer iruditu zaizkizue?
Iker: Ez ditut ikusi. Gainetik, besterik ez. Zer produkzio diren eta abar jakin besterik ez.
Haizea: Gaur egun, txikitxo batekin ezinezkoa dut zinemara joatea… Hala ere, gustatuko litzaidake.
Trailerrak ikusi ditut, eta aniztasuna dago pelikula guztien artean. Animazioan aberastasun hori islatzea oso garrantzitsua iruditzen zait, bai gaiaren bai irudien tratamenduaren aldetik.
Nola aurreikusten duzue otsailaren 12ko gaua? Nola irudikatu duzue zeuen buruetan?
Iker: Ikusiko dugu, oraingoz ez dut ideia garbirik. Dena den, aitortza hori ona litzateke: behar ditugu hemen horrelakoak, eta horrek pelikula gehiago egiteko aukera ematen badu, bada, primeran.
Haizea: Seguruenik, urduri eta pozik aldi berean. Goya saria eramatea, berez, itzela litzake. Baina momentua bizitzearekin bakarrik ere asko eramango dut etxera: gala bizi, jendea ezagutu, urduritasuna…
Nik uste gau horretan sentimendu nahasi asko biziko ditugula, eta horrek ere xarma berezia izango du.
Gidoia lau pertsonak idatzi dute, eta zuzendaritza lanetan ere bi pertsona aritu zarete. Zein izan dira lankidetza ondo burutzeko gakoak?
Iker: Lan koral hori ohikoa da animaziozko pelikuletan. Lan gogorra da, zati eta erronka askorekin. Bakoitzak bere indarra eta abilidadeak jarri ditu mahai gainean.
Sekreturik ez dago, umore ona eta lan gogorra, besterik ez. Irizpideak inoiz ez dira komunak izaten, poliki-poliki joaten dira elkartzen, batzuetan nahita eta gehienetan nahi gabe, proiektuak bizitza propioa hartzen duen heinean. Berak agintzen du, horixe da gakoa.
Haizea: Gidoiari dagokionez, zuzendariok iritsi ginean bazegoen istorio bat onartuta. Gero, bakoitzak istorio hori kontatzeko moduari eragin dio bere jakintza arlotik. Bakoitzak bere onena gehitu dio filmari.


