María Cerezuela: 'Maria Jauregi da nire familiaren ondoren bizitzaren inguruko irakatsi handiena eman didana'
- DataOtsailak 7
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Euskal aktorea emakumezko aktore berri onenaren Goya sarirako izendatu dute, "Maixabel" pelikulan Maria Jauregi gorpuzteko egindako lanagatik.
"Maixabel", iaz jakin-min eta arreta gehien bereganatu zuen pelikuletako bat, hamalau sari irabazteko izendatuta dago otsailaren 12an, larunbatarekin, Valentzian banatuko dituzten Goya sarietan. Horietako bat María Cerezuelaren (Barakaldo, 1993) hautagaitza da, emakumezko aktore berri onenaren atalean, pelikula horretan Maria Jauregiren, Juan Maria Jauregui ETAk hildako politikariaren alabaren, interpretazio hunkigarria egiteagatik.
Espainiako zinemaren gau nagusiaren atarian, Cerezuelarekin hitz egin dugu sari banaketaren atarian nola dagoen jakiteko, benetako pertsona batena egitea zelakoa den galdetzeko eta EITBren parte-hartzearekin Icíar Bollainek zuzendutako pelikulan egindako lanaz zer oroitzapen dituen jasotzeko.
Zorionak izendapenarengatik, María. Nola jaso zenuen albistea?
Ama eta ahizparekin nengoen, Berlinen. Hirurotako batek ere ez genuen daturik telefonoan, izendatuen iragarpena entzun eta ikusteko, baina ama tarte batez konektatu ahal izan zen eta ikusi ahal izan genuen.
Tira, egia esan, ikusi zuena eta esan zidana ahizpa izan zen, ni oso urduri nengoen eta. Amari besotik heldu nion, ahizpa oihuka entzun nuen arte: "Baietz!", "Baietz!". Berehala, hirurok besarkada oso estu bat eman genion elkarri. Oso hunkigarria izan zen.
Espero zenuen halakorik, Maixabel zure lehen film luzea izanik?
Egia esan, ez nuen inoiz pentsatu ere egin izendatuko nindutenik. Filmatzen ari ginela, nire lana ondo egitea besterik ez nuen buruan. Baina gezurra esango nizuke esango banizu inoiz ez dudala horrekin amets egin.
Izendapenak iragartzeko egun gutxi falta zirela, galdutzat ematen nuen.
Nolakoa izan da Maria Jauregirena egitea?
Maria Jauregi izan da, nire familiaren ondoren, bizitzaren inguruan irakatsi handiena eman didan pertsona.
Existitzen den, begiratzen dizun benetako pertsona batena egitea oso zaila da erantzukizun handia ekartzen duelako. Asko ikasi dut maila profesionalean, baina maila pertsonalean are gehiago ikasi dudalakoan nago.
Mariak maitasuna, eskuzabaltasuna eta enpatia benetan zer diren irakatsi dit. Bai bera, bai Maixabel, emakume zoragarriak dira. Lur honetakoak ez direla ematen du. Berarekin, hain neurekoia, gizakion ezaugarri horren argia den hori, ez izaten ikasi dut; besteak behar edo nahi duenari gehiago begiratzen, eta ez horrenbeste nahi dugunari.
Betiko egongo naiz Mariarekin eskertuta.
Zer muga ezartzen dizkizu benetako gertakari eta pertsonetan oinarrituta lan egitea?
Errespetua eta erantzukizuna. Baina abantailak ere badaude, nire ustez: begi batzuk dituzu bertara begiratzeko, eta ahots bat entzuteko.
Izan duzu harremanik Mariarekin pelikulan berarena egin aurretik?
Bai. Filmatzen hasi aurretik, berarekin gelditu nintzen.
Ni oso urduri nengoen. Ordu erdi lehenago iritsi nintzen hitzordura, eta, aurrez aurre izan nuenean, esan nion ez niola elkarrizketarik egin nahi, ezta informazioa atera ere. Azkenean, gaiarekin zerikusirik ez zuten gauza pilo bati buruz hitz egin genuen. Eta zoragarria izan zen.
Beraren energia sentitu ahal izateak paperari aurre egiten lagundu zidan.
Nolakoa izan da Icíar Bollaín, Blanca Portillo eta Luis Tosarren eskarmentua duten aktoreekin lan egitea?
Luxua, zentzu guztietan. Eta hiru munstro horien artean Urko Olazabal ere aipatu behar da. Oparia izan da laurokin lan egitea.
Icíar izaki dirdiratsua da, zer nahi duen eta nola lortu nahi duen dakien profesionala. Aktorea laguntzen, entzuten, errespetatzen eta baloratzen duen zuzendaria.
Blancak oso ondo zaindu ninduen, eta niretzat beti izango da pertsona berezia, asko maite dudana.
Eta Luisekin ez nuen horrenbeste egoteko pribilegioa izan, baina izaki magiko eta oso dibertigarria da.


