Fernando Bernues: "Nozioen eta emozioen antzerkia interesatzen zait"
- DataUrtarrilak 28
- Gaia Arte eszenikoak
Tanttaka eta In Extremis Teatro konpainiek "El rey tuerto" antzezlana estreinatuko dute ostiralean Iruñean, Marc Crehuetek idatzi eta Fernando Bernuesek zuzendu duten komedia garratza.
Istiluen kontrako polizia bat eta polizia indarkeriaren biktima bat, afari informal batean. Hori du abiapuntu El rey tuerto Tanttaka eta In Extremis Teatro konpainiek ostiralean (urtarrilak 28, 20:00), Gayarre Iruñeko antzokian estreinatuko duten antzezlanak.
Bi konpainien arteko koprodukzioa, "umore beltzaren ukituak dituen komedia soziala", Marc Crehuet kataluniar antzerkigileak idatzi, eta 2013an estreinatu zuten, eta bertsio berri honetan Fernando Bernues dabil zuzendari eta Txori García Uriz, Iratxe García Uriz, Leire Ruiz, Oier Zuñiga eta Ion Barbarin antzezle taldean.
Bernuesekin hitz egin dugu udazkenetik aurrera euskaraz ere ikusi ahalko den antzezlan honi buruz.
Zerk eman zizuen arreta jatorrizko antzezlanetik zuen bertsioa egitea erabakitzeko?
Lehen unetik liluratu eta harrapatu gintuen, komedia beltz oso garratz, garaikide eta harrigarria delako, tentsio egoera izugarria sortzen duena. Gidoiaren sigi-saga guztien ondorioz, gertakari guztien dinamikak pertsonaia guztiak durduzatzen ditu.
Funtzioak ahalmen handia du gure iruditeria komun sozial eta politikoarekin bat egiteko, umore dirdiratsu eta garratza du, eta pertsonaietako batzuen bizitzan tragedia existentzial moduko bat da.
Ertz asko dituen antzezlana da.
Zein neurritan egokitzen zaio "El rey tuerto"ren zuen bertsioa jatorrizko bertsioari edo haren zinemarako egokitzapenari?
Begirune handiz jokatu dugu testuarekin, hori baita ezagun zaiguna. Marc Crehuetek berak antzezlana zuzendu zuen, baita pelikula ere, baina ez dugu ikusi ez bata ez bestea.
Testua, ostera, ondo ezagutzen dugu, eta den bezala errespetatu dugu, nahiz eta ia oharkabean pasatzen den anekdotaren bat gehitu dugun.
Antzezlana komedia bat da. Zure ustez, arriskua dago umoreak hainbat gai desaktibatzeko edo horiei garrantzia kentzeko edo, aitzitik, umoreak bestela jende jakin batengana iritsiko ez liratekeen mezuak helarazteko balio du?
Esaten duzun bezala, aho biko ezpata da umorea. Nire ustez, hausnarketak desaktiba litzake, baina baita, ironiaren bidez, aktibatu ere.
Kasu honetan, funtzioak asko du komedia garratzetik, baina bidea zabaltzen joaten da gertaera askoz gogorragoak, hausnarketa askoz existentzialagoak eta diskurtso politiko askoz sendoagoak emateko.
Zentzu horretan, gustatzen zaidana da pertsonaiak beti kontraesanez beteta daudela.


