Ignacio Arakistain: "Handienek soilik dute denbora mespretxatzeko boterea"

  • Ignacio Arakistain:
eitb.eus

  • DataUrtarrilak 26
  • Gaia Musika

Azpeitiar musikari eta ikertzaileak Donostiako Orfeoia-Musikene sariaren seigarren edizioa irabazi berri du Valentin Larrea musikariaren inguruan egindako lanari esker.

Ignacio Arakistain Agirre musikariak (Azpeitia, 1998) Donostiako Orfeoia-Musikene saria jaso berri du, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian organoko goi mailako ikasketak kalifikazio gorenekin bukatu eta gero Valentin Larrea Iturbe (1876-1970) musikariaren lan eta bizitzaren berreskurapen bidean gradu amaierako ikerketa lana egiteagatik.

Idatzian, Arakistainek Valentin Larrea Iruñera aldatu zen gabiriar musikariaren lanari eta bizitzari begiratu die, Larrea zenaren senideak haren lana berreskuratzeko egiten ari diren lanak akuilatuta: "Larrearen bizitzaren puzzlea osatzen saiatu naiz, eta, lana nire instrumentuarekin lotuz, Valentinen organorako lana modu analitikoan aztertu dut", azaldu du Arakistainek.

Luzeago hitz egin dugu berarekin.

Zorionak sariagatik, Ignacio. Zer aldarterekin jaso duzu?

Aitormen eta ohore gisa jaso dut VI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria. Musikenen gradua ikasten duen ikasle orok ikerlan bat egin behar izaten du ikasketa horiek amaitu aurretik. Nire kasuan, eta ohikoak diren instrumentuari edo errepertorioari buruzko aferak alde batera utzita, euskal musikaren ondarea berreskuratzen saiatu naiz, Valentin Larrea Iturbe (1876-1970) musikari gabiriarraren bizitza eta obra aztertuz.

Musikaria eta euskalduna naizen heinean, gure herriko iraganeko artista eta sortzaileen lana berreskuratzeko eta zabaltzeko konpromiso estua sentitzen dut, eta euskal kulturaren ekosisteman ezinbesteko izan behar luketen bi instituzio hauengandik saria jasotzeak asko pozten nau eta bultzadatzat hartzen dut, ikertzen jarraitzeko.

Zerk jarri zintuen Valentin Larrearen lorratzean?

Hasiera batean, neuk ere nire instrumentuari buruzko zerbait ikertzea pentsatzen nuen. Organista naiz, pianista izateaz gain, baina egun batean Esteban Elizondo musikari donostiarraren mezu bat jaso nuen, eta bertan bi emakumeren mezua birbidali zidan. Han irakurri nuenez, Valentin Larrea delako baten bilobetako bi ziren emakumeok (Elena eta Maite Berazadi Larrea), eta aitonak organorako idatzitako musika argitara ateratzea nahi zuten, 2019an martxan jarritako proiektu bati jarraipena eman nahian.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri