Bilboko "Film sozialak" Nazioarteko Zinema Ikusezinaren 14. Jaialdiaren oinarriak (2022)

  • Bilboko
kcd-ongd.org

  • DataUrtarrilak 7
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Izena emateko epea: 2022ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 1era

 

 

 

-------

Aurkezpena 

Kultura Communication Desarrollo - KCD GGKE (aurrerantzean, Titularra edo KCD GGKE, aukeran)  EAEko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago inskribatua —IFZa: G-95550943; helbidea: Beurko  Zaharra 3, 38. pabilioia, 12. bulegoa, Barakaldo (Bizkaia) 48902, Espainia—, eta zinemaldi bat  antolatuko du, non ohiko zinema-aretoetan normalean proiektatzen ez diren filmak izango baitira  ikusgai, askotarikoak eta gizartearekiko konpromisoa aldarrikatzen dutenak. 

Bilboko (EAE) «Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren 14. Jaialdia antolatzen du KCD  GGKEak. Komunikazioaren eta kulturaren bidez garapen gizatiarra, kulturartekoa, bidezkoa eta  jasangarria sustatzea du xede KCD GGKE erakundeak, «Film sozialak» Zinema Ikusezinaren Jaialdia  antolatzen duenak. 

Urtero egiten da Bilboko «Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren Jaialdia, non ohiko zinema aretoetan normalean proiektatzen ez diren filmak izaten baitira ikusgai, askotarikoak eta  gizartearekiko konpromisoa aldarrikatzen dutenak. 

Ezinbesteko hitzordua dute jaialdi hori gizartea eraldatzeko komunikazioaz, zinema sozialaz eta giza  eskubideez arduratzen diren guztiek. Bestalde, ikus-entzunezko lanen bitartez gizateriaren zenbait arlo  erakusten dizkiguten guztien aintzatespen-eremua ere bada Zinemaldia. 

Hasieratik, parekotasun-kuotak eta berdintasunaren aldeko ekimen positiboak baliatzen ditu jaialdiak  alor guztietan: lanen hautaketa eta hedapena, emakume zinemagileen partaidetza, epaimahaikideen  aukeraketa eta abar. 

Bilboko Alondegiko Azkuna Zentroa du egoitza nagusia Zinemaldiak; zehazki, han dauden Golem zinema-aretoak. Data ofizialak, berriz, hauek ditu: 2022ko urriaren 13tik 20ra. Dena dela, abuztuan  eta irailean ere egingo da zenbait sustapen-proiekzio, zeinak ere sartuko baitira lehiaketan, ikusleen  botoak jasota. Zinemaldian saritutako lanak urriaren amaieran eta azaroaren hasieran proiektatuko  dira berriro. Gutxienez 25 lekutan jarriko dira ikusgai filmak, eta horietatik 14 Euskadiko hezkuntza  formaleko institutuak dira, Batxilergokoak eta Lankide Heziketakoak. 

1. Nork har dezake parte lehiaketan? 

Munduko edozein lekutako pertsonek zein herritarrek har dezakete parte lehiaketan, edozein dutela  ere jatorria edo nazionalitatea. Adingabeek, berriz, dagokien pertsona helduaren baimena behar dute  (gurasoak, legezko tutoreak…). 

Lan bat edo gehiago aurkez ditzake pertsona edo talde bakoitzak, betiere egile- edo banaketa eskubideen jabe badira. Jaialdiak ez du bere gain hartzen alor horri dagozkion arau-hausteen  erantzukizuna.

Oinarri hauetan deskribatutako sailkapenen batean sartzen diren euskarri digitaleko filmek ere har  dezakete parte lehiaketan, bai eta beste jaialdi edo eremu batzuetan proiektatutako lanek ere. 

Ezin dute parterik hartu aipatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek. 

Jaialdian parte hartzeak berekin dakar oinarri eta baldintza hauek guztiak onartzea,  batere salbuespenik gabe. 

2. Nola eman izena eta nola bidali lanak: 

Jaialdian parte hartzeko, online eman behar da izena, haren antolatzaile den KCD GGKE erakundearen  webgunean duzuen inprimakia beteta: https://www.kcd-ongd.org 

Euskarri digitalean zein fisikoan (DCP) bidal daitezke lanak. Parte-hartzaileek ordaindu behar  dituzte lanak bidaltzeko eta itzultzeko gastuak.  

Ez dira onartuko lanak baldin eta dagokien dokumentazioa ez bada bidali antolatzaileek ezarritako  epearen barruan. 

a) Nola bidali lanak Internet bidez 

Hona lanak Internet bidez bidaltzeko dauden aukerak: 

www.festhome.com eta www.clickforfestivals.com atariak (HD kalitatea onartzen dute). 

Vimeo edo Youtube, iraungitze-datarik gabeko deskarga-baimenarekin, esteka honetara:  cineinvisible@kcd-ongd.org. 

Dropbox, Myairbrigde, Mega, Wetransfer eta antzeko plataformen bidezko deskarga-estekak,  helbide honetara: cineinvisible@kcd-ongd.org. 

b) Bidalketa fisikoak (DCP bakarrik) 

Posta arruntez, helbide honetara: 

«Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren Jaialdiaren bulegoaKultura Communication y Desarrollo KCD GGKE 

Innobak eraikina – Inguralde Beurko Zaharra 3, 38. pabilioia, 12. bulegoa 

48902, Barakaldo – Bizkaia, Espainia 

Ohar garrantzitsua:Nazioarteko bidalketetan, idatzi gutun-azalean 

«BALIO KOMERTZIALIK GABEKO ERAKUSGAIA. ERABILERA KULTURALERAKO DA, SOILIK» KCD GGKEak egoki deritzen beste bide batzuk, dagokienean jakitera emango dituenak. 

Jaialdiaren antolatzaileen irizpideen arabera bakarrik sar daitezke lehiaketan 2022ko maiatzaren 1a  baino geroago bidaltzen diren lanak, aipatutako baldintzak betetzen ez dituztenak eta/edo behar  den dokumentazioa ez dutenak. 

Jaialdiak ez dio inolako kontraprestazio ekonomikorik ordainduko aurkeztutako lana  erregistratu duenari edo haren gaineko eskubideak dituenari. 

3. Zer dokumentazio aurkeztu behar den 

Dokumentazio hau aurkeztu behar dute parte-hartzaileek: 

a) Zuzendariaren edo zuzendarien argazkia.

b) Zuzendariaren edo zuzendarien curriculuma eta filmografia. 

c) Lanaren kartela. 

d) Lanarekin lotura duten hiru fotograma edo argazki, ahalik eta kalitaterik onenekoak. Jasotako  argazkirik onenek honetarako aukera dute: 

Jaialdiko kartelaren irudi nagusia izateko. 

Bilboko metroko geltokietan ikusgai jarriko den erakusketan parte hartzeko  (erakusketaren gaia: 2022ko Bilboko «Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren  Jaialdia). 

e) Fitxa tekniko handituan azaltzeko, jaialdiak erabakitzen duen euskarrian. 

f) Obra proiektatzeko bertsioa egiteko (ahalik eta kalitate-mailarik onena, eta ur-markarik  gabea). 

4. Zer baldintza bete behar dituzten lanek 

Oinarri eta baldintza hauek bete behar dituzte lanek, onartuak izan daitezen: 

Zinemaldiaren lau gai-multzoetako bat —gutxienik— jorratu behar dute. 

Fikziozko lanak, animaziokoak eta dokumentalak aurkez daitezke (film laburrak, ertainak zein  luzeak). 

Jatorrizko hizkuntzan aurkeztu behar dira lanak. Hizkuntza hori ez baldin bada ez gaztelania  ez euskara, bi hizkuntza horietako batean azpititulatu behar dira (euskaraz edo gaztelaniaz).  

2020ko urtarrilaren 1a baino geroago eginak behar dute izan aurkezten diren lanek. 

5. Zinemaldiaren kategoriak 

Lau gai-arlo hauetan banatzen ditu zinemaldiak hautatutako lan guztiak: 

Jasangarritasuna: zenbait garapen-ereduren inpaktu sozial, politiko, ekonomiko eta  ingurumenekoei buruzko ikus-entzunezko lanak, eta gizakion ongizateari eta  jasangarritasunari laguntzen dioten proposamen alternatiboei buruzkoak.  

Genero-berdintasuna: berdintasunaren kultura eraikitzen laguntzen du, eta gizartean  genero-berdintasunaren aldeko tresnak sortzen ditu. Gizonen eta emakumeen arteko  desberdintasunari buruzko gogoeta eta pentsaera kritikoa bultzatzen dute sail horretako  lanek, eta/edo sistema patriarkalarekiko eredu alternatiboak proposatzen. 

Kulturartekotasuna: munduko kulturen aberastasuna eta aniztasuna erakusten dute lanek,  bai eta hauekin lotura duten zenbait gai ere: giza migrazioak; kultura desberdinetako  jendearen arteko bizikidetza; arrazismoagatik, segregazioagatik, xenofobiagatik eta beste diskriminazio-modu batzuengatik egindako salaketak. 

Giza eskubideak: giza eskubide indibidual eta kolektiboen sustapenari eta bermeari buruzko  ikus-entzunezko lanak, bai eta oinarrizko askatasunen aldeko borrokari buruzkoak ere. Kategoria horretan sartzen dira, halaber, korronte politiko autoritario, elitista, arrazista,  xenofobo, LGTI+fobo eta edonolako diskriminazio-motaren aurkako jarrera sustatzen duten  lanak, bai eta pobrezia eta gizarte-bazterketa eragiten duten zergatiak salatzen dituztenak  ere.

6. Lanak hautatzeko irizpideak 

Emakume- eta gizon-kopuru bera izango du Zinema Ikusezinaren Jaialdiko Hautaketa Batzordeak,  Zinemaldiko lanak aukeratuko dituenak, alegia. 

Irizpide hauen arabera hautatuko dira lanak: 

Zinemaldiaren gai nagusiei egokitzea. 

Kalitate teknikoa. 

Zinemaldiaren xede diren ikusleei egokitzea. 

Irizpide horiek alde batera utzi gabe, ekintza positiboak egingo dira hautaketan, honako lan hauek  ere sartzeko: 

Munduaren hegoaldeko herrialdeetako zuzendariek egindakoak. 

Emakumeek zuzendatutakoak. 

Euskaraz egindakoak. 

Entzuteko desgaitasuna dutenentzako azpitituluak eta/edo autodeskribapena dituztenak. 

Edozein dela ere lanen kategoria, zinemaldiaren hautaketa-batzordeak erabakiko du zein kategoria  dagokien. Apelaezina da batzordearen erabakia. 

2022ko uztailaren amaieran jakinaraziko zaie parte-hartzaile guztiei hautatu dituzten ala ez beren  lanak. Hautaketa-batzordearen erabakia jakinarazi ondoren, ezin da erretiratu jaialditik  hautatutako lana

Jaialdiaren programazioa prestatutakoan, proiekzioak non eta zer egunetan izango diren jakinaraziko  zaie hautatutako lanen zuzendariei (2022ko irailean, gutxi gorabehera). 

Hautatutako lanen egileak proiekzioetara joateko baliabideak jarriko dira (garraio-, ostatu eta  mantenu-gastuak bere gain hartuko ditu zinemaldiak), baldin eta antolatzaileek egoki irizten badiote  edo horretarako dirurik badauka. 

7. Epaimahaia 

Genero-berdintasuna sustatzearren, emakumeak izango dira epaimahaiko kideen % 66. Jarduera hauetan diharduen jendeak osatuko du epaimahaia: garapenerako lankidetza eta  elkartasuna, ikus-entzunezkoa eta komunikazioa, eta beste zenbait alor sozial, kultural eta artistiko. Kategoria guztietako sariak banatuko ditu epaimahaiak, Balio Hezkuntzaren Saria, Ikusleen Saria eta  Zinema Ikusezina Saria izan ezik. Apelaezinak dira kategoria guztietako erabakiak. 

8. Sariak 

8.1. Ohar orokorrak 

Kasu guztietan, inongo lehiakideri eman gabe gera daitezke jarraian deskribatuko diren sariak, egoera  zein den. 

Eskudirutan ematen diren sariei, berriz, Espainiako legeriaren zergak eta erregulazioak dagozkie (BEZa  edo PFEZ). 

8.2. Zer diru-kopuru jasoko duten sarituek 

Guztira, bederatzi sari banatuko ditu Bilboko «Film sozialak» Nazioarteko Zinema Ikusezinaren  Jaialdiak, eta sarietako bakoitza BI MILA EUROKOA izango da (2.000 euro); dena dela, eskubidea dute  antolatzaileek kopuru hori aldatzeko, dagokien erakundeek egiten dituzten ekarpenen arabera. 

Hautatuak izan diren gai-multzoko sarirako gehi aipatu ditugun sarietarako lehiatuko dira aukeratutako  lanak, eta filmen zuzendariei emango zaizkie sariak, inskripzio-fitxan jasotako datuen arabera. 

Hona zer sari banatuko diren: 

Bosgarren atalean deskribatutako gai-multzoei dagozkienak: 

Jasangarritasuna kategoriako saria. 

Genero-berdintasuna kategoriako saria. 

Kulturartekotasuna kategoriako saria. 

Giza eskubideak kategoriako saria. 

Kategoria hauetako sariak ere banatuko dira: 

Emakume batek egindako Lan Onenaren Saria: emakume zinemagileen  ikusgaitasuna sustatzen du sariak, eta haien partaidetza handiagoa ikus-entzunezko  komunikazioan, lan bakoitzak jorratzen duen gaiaz landa. Zinemaldiko edozein gai multzotan esku hartzen duten emakumeek zuzendutako edo kozuzendutako lan guztiak  sartzen dira. 

Euskaraz egindako Gizarte Ekintza Onenaren Saria: euskaraz egindako eta/edo  azpititulatutako lan guztiak sartzen dira, edozein gai-multzotakoak direla ere. Ez dira  sartzen kategoria horretan gaztelaniaz egin eta euskaraz azpititulatutako lanak. Euskaraz  ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere egindako lanei dagokienez, zinemaldiaren  antolatzaileek erabakiko dute kategoria horretan sartzen diren ala ez. 

Zinema Ikusezinaren Saria: euskaraz zein gaztelaniaz egindako lan guztiak sartzen  dira, edozein gai-multzotakoak direla ere. Sariaren helburua: zuzendari baten lana  sustatzea, jaialdiaren irizpideei jarraikiz. 

Balio Hezkuntzaren Saria: jaialdiaren egoitza diren batxilergoko eta lanbide-heziketako  ikastetxeetan proiektatzen diren lanak sartzen dira, edozein gai-multzotakoak direla ere. Film laburrak bakarrik proiektatzen dira ikastetxe horietan. Helburua: zinema soziala, balio  sozialak eta pentsaera kritikoa sustatzea ikasleen artean. Ikasleek erabakitzen dute,  bozketa bidez, zein den filmik onena. 

Ikusleen Saria: ikusleen partaidetza sustatzea du xede kategoria horrek, non lanak  baloratzeko eta botoaren bidez beren zuzendaririk gogokoena hautatzeko aukera ematen  baitzaie jaialdiko ikusleei. Ikastetxeak ez diren egoitzetan proiektatutako lehiaketako lan  guztiak sartzen dira kategoria horretan (sari propioa dute ikastetxeetan proiektatzen  direnek). 

9. Datuen babesa eta konfidentzialtasuna 

Oinarri hauei jarraikiz tratatutako da —soil-soilik— ematen den informazioa eta, ahal den neurrian,  datuen konfidentzialtasun zorrotza bermatuko da lehiaketako proiektuen hedapenari eta partaidetzari  dagokienez. Honetarako tratatuko ditu KCD GGKEak lehiaketan esku hartzeko emandako datu  pertsonalak: lehiakideen partaidetza kudeatzeko eta, hala badagokio, sariak esleitzeko. Lehiaketa amaitu eta hurrengo sei urteak igaro arte gordeko dira jasotako datu pertsonalak, sor daitezkeen lege erantzukizunei aurre egiteko. 

Noiznahi balia ditzake interesdunak datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu, tratamendua mugatu,  aurkaratu eta beste operadore batera eramateko eskubideak, oinarri hauen hasieran ageri den  helbidera zein info@kcd-ongd.org-era idatziz, 94 602 46 68 telefono-zenbakira deituz edo helbide  honetara joz: KULTURA, COMMUNICATION Y DESARROLLO «KCD», Beurko Zaharra 3, 38. pabilioia,  12. bulegoa. PK: 48902 – Barakaldo. 

Hala behar izanez gero, dagokion nortasun-agiriaren kopia eskatuko da, datuen segurtasuna  bermatzearren. Noiznahi balia ditzake interesdunak bere eskubideak, datu-babesaren alorrean  eskuduna den agintaritzaren aurrean. 

10. Jabetza intelektuala eta industriala, eta irudi-eskubideak 

Espresuki adierazten dute parte-hartzaileek lehiaketara aurkezten dituzten bideoen jatorrizko egileak  direla, bai eta haien irudi, gidoi eta musikarenak ere. Debekatuta dago hirugarren batzuek egindako  lanak aurkeztea, bai argitaratu gabeak, bai argitaratuak, bai hirugarrenen batek haien gaineko  eskubideren bat duenak. Debekatuta dago, halaber, hirugarren batzuen jabetza intelektualak edo  industrialak osorik edo partez babesten duen filmik aurkeztea. KCD GGKEak ez du bereganatzen  inongo erantzukizunik aurkezten diren lanek ez badituzte betetzen baldintza horiek. 

Honenbestez, hori guztia adierazi duen parte-hartzaileak baimena ematen dio KCD GGKEari jasotako  lanak eta parte-hartzaileen izen-deiturak, irudia eta ahotsa erreproduzitu, erabil eta heda ditzan,  osorik zein partez, eta egoki deritzon modura aldatu eta egokitu, lehiaketa honekin edo KCD  GGKEarekin lotura duten publizitate- eta/edo sustapen-jarduera orotan, edozein hedabidetan, Internet  ere barne dela. Jarduera horiek ez diote ematen interesdunari inongo ordainik edo etekinik  eskuratzeko, oinarri hauei jarraikiz irabazten duen saria jasotzekoa izan ezik.  

Zehazki, hautatutako lanen gaineko eskubideak dituzten pertsonek zein erakundeek espresuki ematen  diote honetarako baimena KCD GGKEari: 

Publikoaren aurreko erakustaldi irekietan aurkeztutako lanak, argazkiak eta mugimenduan  diren irudiak erreproduzitu, ikuskatu eta proiektatzeko, jaialdian esku hartzen duten bitartean  behar bezainbat aldiz, barne direla zinemaldia hasi aurreko sustapen-proiekzioetakoak eta  hura amaitu orduko egingo direnetakoak.  

Zinemaldian ikusteko eta erakusteko behar diren euskarrietara lanak egokitzeko. Jatorrizkoaz bestelako hizkuntzetara lanak bikoizteko eta/edo azpitituluak jartzeko.  

Lanaren irudiak eta/edo zatiak erabiltzeko zinemaldia sustatzeko ikus-entzunezkoan, prentsa txostenean, informazio-karteletan eta/edo zinemaldiaren webgune ofizialean, haren sustapen lanak egiteko.  

Lehiaketarako hautatutako lanetako materiala erabiltzeko jaialdiari buruzko ikus-entzunezko  materialak eta inprimatuak sustatzeko eta hedatzeko (katalogoa, sustapen-iragarkia,  Interneteko webgunea, erakusketak). 

Kultura, Communication y Desarrollo KCD GGKEaren artxibategian gordeko dira lehiaketara aurkezten  diren lanak. Hautatutako lanetakoren bat jaialditik landa erabiltzen badu KCD GGKEak kultura- edo  hezkuntza-eginkizunetarako, lanaren zuzendariari berariazko baimena eskatu behar zaio, aldez  aurretik, eta kontratua sinatu harekin. 

11. Lanak ikusteko baldintzak 

Sail ofizialetako programazioa presentziala izatea da Bilboko «Film sozialak» Nazioarteko Zinema  Ikusezinaren Jaialdiaren asmoa. Proiekzioak presentzialki egiterik ez badago, online egingo dira. 

Online egingo dira palmareseko filmen proiekzioak (aurtengo jaialdia irabazi dutenenak,  alegia), edozein dela ere egoera, antolatzaileek erabilgarri duten «Film sozialak» onlineko  streaming-plataformaren bidez. 

Onlineko proiekzioak egiteko, erregistratu egin behar da webgunera sartzeko; denbora-epea, berriz,  mugatua da. 

12. Iruzurrezko partaidetzak eta lehiakideak deskalifikatzeko beste zenbait  arrazoi 

Anomaliaren bat detektatzen bada, edo edozein prozedura tekniko edo informatikoren bidez  partaidetza legez kanpo aldaraziz edo oinarri hauek beste zeinahi eratara urratuz parte-hartzaileren  bat lehiaketaren jarduera normala oztopatzen ari dela susmatzen, jaialdiak alde bakarrez erabaki  dezake parte-hartzaile hori lehiaketatik kanpo uztea. Apelaezina da jaialdiaren erabakia. 

Beste era batera esanda, eskubidea du KCD GGKEak edozein parte-hartzaile deskalifikatzeko, baldin  eta irregulartasun-susmorik edo -frogarik badago. 

Ez da onartuko eduki iraingarririk, indarkeriazkorik edo jende arruntaren sentsibilitatea urra  dezakeenik, ez eta legearen kontrako jarduerarik bultzatzen duenik ere. Eskubidea du KCD GGKEak  parte-hartzaile hauek lehiaketara ez onartzeko: irudi desegokiak dituzten lanak eta estetikarekin,  etikarekin eta gustu onarekin bat ez datozenak egin dituztenak. 

13. Erantzukizunik ez 

KCD GGKEak ez du inolako erantzukizunik bereganatuko etenik edo akatsik gertatzen baldin bada  lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiteko prozesuan. 

KCD GGKEak ez du inolako erantzukizunik bereganatuko parte-hartzaileren bat lehiaketatik kanpo  geratzen bada lehia atzeratzearen eta, horrenbestez, zegokion epetik kanpo egitearen ondorioz. 

Halaber, KCD GGKEak ez du inolako erantzukizunik bereganatuko parte-hartzaileek ez badituzte lege arauak eta oinarri hauek betetzen. 

Bestalde, irabazleren batek sariari uko egiten badio, ez du eskubiderik inolako kalte-ordainik edo  konpentsaziorik jasotzeko. 

14. Baldintza orokorrak 

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar erabat onartzea oinarriak eta KCD GGKEaren irizpideak haien interpretazioari eta sor daitezkeen gorabehera ororen konponbideari  dagokienez. 

Eskubidea du KCD GGKEak oinarri hauen ordez antzeko beste batzuk ezartzeko, hala behar izanez  gero.  

Eskari hauei aplikatuko zaizkie oinarriak: haiek onartzen diren egunetik aurkezten direnei, betiere  horretarako epearen barruan. Epea luzatzea erabaki dezake KCD GGKEak. 

Espainiako legeria dute gidari oinarriek eta lehiaketak, eta Bilboko auzitegi eta epaitegietara joko dute  parte-hartzaileek eta KCD GGKEak baldin eta auziren bat sortzen bada lehiaketa dela eta. Bestalde,  berariaz egiten diote uko alderdiek beste zeinahi foruri, legeak besteren bat agindu ezean.

KOMUNIKAZIOA 

Honako dibulgazio-tresna hauek ditu jaialdiak: 

Webgunea: https://www.kcd-ongd.org 

Twitter: @KCDONGD 

Facebook: @CineInvisibleBilbao 

Instagram @kcdongd 

Tel.: +34 946024668 

Helbide elektronikoa: cineinvisible@kcd-ongd.org

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri