Zerga Hezkuntzako moduluan izena emateko epea ireki da. Dagoeneko 150 ikastetxe baino gehiago inskribatu dira eta aurreko ikasturtean 8.500 ikaslek parte hartu zuten

2021-09-23

Euskal Autonomia Erkidegoko 150 ikastetxe baino gehiago inskribatu dira Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek sustatutako Zerga Hezkuntzako moduluan. Programa hori Iruzur Fiskalaren aurkako Borrokarako Baterako Planaren barruan sartzen da, eta prebentzio-estrategiak garatzea du helburu. Estrategia horien bidez, eta hezkuntza-ingurunea baliatuta, zerga-kontzientziazio handiagoa sustatu nahi da adin txikietatik.

Ikasturte honetan (2021/2022), Ekonomiari eta Fiskalitateari buruzko programan behin-behinean izena emateko epea irekita dago ikastetxeetan. Programa zuzentzen zaie Lanbide Heziketako, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko bi mailetako ikasleei.

2017. urtean abian jarri zen ekimen hori finkatu egin da ikasturte-ikasturtez, eta jarraipena izango du ikastetxeetan izan duen harrera onari esker. Duela lau urte, 132 ikastetxek estreinatu zuten programa, eta joan den ikasturtean (2020/2021) 252 ikastetxek eta guztira 8.525 ikaslek hartu zuten parte (29 Araban, 131 Bizkaian eta 92 Gipuzkoan). Ikastetxe horietan egindako inkesta baten emaitzen arabera, parte-hartzaileen % 87k ontzat eta oso ontzat jo du modulua eta % 95ek hurrengo urtean berriz egingo luke.

Aurreko edizioan, modulua euskaraz eman zen ikastetxeen % 67an eta gaztelaniaz zein euskaraz ikastetxeen % 12an. Bestalde, modulua honako hezkuntza-maila hauetan landu zen batik bat: % 62 DBHko 4. mailan, % 31 Batxilergoko 1. mailan eta % 13 Lanbide Heziketan. Horrez gain, adierazi behar da, COVID-19ari aurre egiteko beharrezkotzat jo zuten ikastetxeetan, eskolak % 100 on line eman ahal izan zirela, eta, hala, programaren osagai digitala indartu zela.

Unitate didaktikaren helburu nagusiak dira:

a) Ekonomiari eta fiskalitateari buruzko oinarrizko ezagutzak eskaintzea, ikasleek kontzientziazio fiskal handiagoa izan dezaten.
b) Euskal sistema fiskalaren oinarrizko ezaugarriak eta zerga nagusien egitura azaltzea, eta bildutako diruarekin administrazioak egiten dituen zerbitzu publikoak zehaztea.
c) Iruzur fiskala borrokatzearen garrantziari buruzko eztabaida soziala sustatzea, eta, kultura demokratiko batean, erantzukizun fiskala gizarte-bizikidetza eraikitzen duen balioetako bat dela aintzat hartzea, baita zerga-betebeharrak betebehar zibiko gisa identifikatzea ere.

Hemen aurkituko duzu Zerga Hezkuntzako moduluari buruzko informazio gehiago eta moduluan izena emateko formularioa:

https://bit.ly/3hrlRMN