Xabier Legarreta izango da Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendaria

2021-01-26

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura berrituaren ondorioz, Migrazio eta Asiloko Zuzendaritza sortu da, eta Familien eta Haurtzaroaren Zuzendaritzatik bereizi da. Zuzendaritza horren buru izateko, Gobernu Kontseiluak, gaur, Xabier Legarreta izendatu du zuzendari.

Zuzendari berria Gizarte Laneko diplomatua da; Bermeoko alkate izan zen, bere jaioterrikoa, 2007aren eta 2011ren bitartean; Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun, Herritarren Eskubide, Aniztasun eta Lankidetzako zuzendari orokorra, 2011ren eta 2015aren bitartean, eta Eusko Jaurlaritzako Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria, 2015aren eta 2016aren bitartean.

Zuzendaritza hau Irune Muguruzak zuzentzen duen Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak orain arte izan dituen eskumenak banatzeko beharraren ondorioz sortu da. Gizarte Politiketako Sailburuordetzan bi zuzendaritza sortzeaz gainera (bat, Familia eta Haurrak, Irune Muguruza buru dela, eta, bestea, Migrazioa eta Asiloa, Legarreta zuzendaria dela), aurrerantzean, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako Sailburuordetzak (José Antonio Rodriguez Ranz da buru) Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritza izango du, Monika Hernando buru dela. Egitura horrek aurreikusten du autonomia-erkidegoak asilo-eskumena bere gain hartzea, epai judizialean jaso den bezala.

Hala, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak immigrazio-politiken plangintza, koordinazioa eta ebaluazio orokorra kudeatzeko eskumena du; herritar etorkinen Gizarte Integraziorako eta Partaidetzarako Foroari laguntza eta asistentzia eskaintzekoa; etorkinen gizarte-integraziorako eta -partaidetzarako politika integrala eta zeharkakoa sustatu eta koordinatzekoa; Euskadin migrazio-fenomenoaren bilakaeraren segimendua eta azterlana egitekoa; beste administrazio publiko batzuekiko koordinazio-mekanismoak eta -tresnak proposatzekoa, eta etorkinei harrera emateko sareari eta etorkinen asoziazionismoari sendotzeko laguntza ematekoa. Asiloa dela eta, errefuxiatuen harrerarako eta integraziorako beharrezkoak diren jarduketa-programak eta erantzunak koordinatuko ditu.

Artolazabal sailburuak Eusko Legebiltzarrean Saila aurkezteko urriaren amaieran egin zuen agerraldian esan bezala: “migrazio- eta asilo-politiken eremuan, migratzaileen harrera eta integrazioa giza eskubideekiko eta elkartasunaren printzipioarekiko errespetuan oinarritu behar delako premisan lan egingo dugu”.