Urriak 24, Klima-Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Eguna

Argitalpen-data: 

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) urriaren 24a izendatu zuen klima-aldaketaren aurkako nazioarteko eguna. Hori dela-eta, Gazteen Euskal Behatokitik klima-aldaketaren aurkako mobilizazioetan parte hartu duten Euskadiko gazteei buruzko datu batzuk aurkeztera gatoz.

2020an, 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteri galdetu genien ea aurreko urtean mobilizazio ekologistaren batean edo klimaren aldeko edo klima-aldaketaren aurkakoren batean parte hartu zuten. Erreferentziako urtean, zehazki 2019ko irailaren 27an, Klimaren aldeko Greba eta manifestazioak egin ziren hainbat hiritan, "Fridays for Future" plataformak klima-aldaketaren aurkako neurriak hartzeko beharra aldarrikatzeko mundu mailan antolatuta zituen mobilizazioen barruan.

Euskadiko hamar gaztetik hiruk (% 29,3) aurreko urtean greba, manifestazio edo bestelako mobilizazio ekologistetan edo klimaren aldeko mobilizazioetan parte hartu zutela adierazi zuten. Emakume gazteek esan zuten horrelako mobilizazioetan parte hartu zutela gizon gazteek baino neurri handiagoan (% 35,3 eta % 23,5, hurrenez hurren). Gainera, 15-19 urteko pertsonak izan ziren mobilizazio ekologistetan edo klima-aldaketaren aurkako mobilizazioetan gehien parte hartu zutenak, % 40,8 zehazki; 20-24 urtekoen taldean, berriz, % 25,3k parte hartu zuten, eta 25-29 urtekoen artean, % 21,2k

2019an mobilizazio ekologistetan edo klima-aldaketaren aurkako mobilizazioetan parte hartu zuten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, sexuaren eta adin-taldeen arabera (%)

Bestalde, gazteei galdetu zaie ea zein neurritan jotzen duten beren burua ekologistatzat. % 26,9k oso ekologistak direla diote, % 50,0k nahiko ekologistak eta % 20,4k ez direla oso ekologista edo batere ekologista ez. Gainerako % 2,7ak ez du bere burua definitu.

Gazteek ekologismoarekiko duten atxikimendua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa da mobilizazio ekologistetan edo klimaren aldeko mobilizazioetan parte hartzea.

2019an mobilizazio ekologistetan edo klima-aldaketaren aurkako mobilizazioetan parte hartu zuten Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa, ekologismoarekiko atxikimenduaren arabera (%)

Datu horiek “Euskadiko gazteak 2020/2021” txostenaren aurrerapena dira. Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin egiten ditu Euskadiko gazteak bilduma osatzen duten azterlanak, gazteen egoera eta iritziak ezagutzeko eta haien bilakaera, bai eta gazteen kolektiboen arteko desberdintasunak ere, aztertzeko asmoz.