Ultraeskuinaren populismoari aurre egin eta desberdinkeriaren aurka borrokatzea Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan duen erronka nagusietako bat da

2021-12-02

  • Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aniztasunarekiko tolerantziaz eta errespetuz betetako diskurtsoa eman du Tratu-berdintasunari eta diskriminazio ezari buruzko EAEko II. Kongresuaren inaugurazio-ekitaldian

  • “Elkarri entzun behar diogu eta geure buruari galdetu zer gizarte izan nahi dugun”, esan du, eta, aldi berean, “inor atzean utziko ez duen gizartea” defendatzeko konpromisoa berretsi du

  • ‘Gorroto-diskurtsoari aurre egiteko erantzunak’ kongresua Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak antolatu du, Biltzen - Kultura arteko Integrazioaren eta Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuaren eta Eraberean sarearen laguntzarekin

Bilbo, 2021/12/02

Deustuko Unibertsitatean izango da eta bi jardunalditan –osteguna eta ostirala– egingo da Tratu-berdintasunari eta diskriminazio ezari buruzko EAEko II. Kongresua; Kongresua Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatzen du, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren bidez eta Biltzen - Kultura arteko Integrazioaren eta Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuaren eta Eraberean sarearen laguntzarekin.

‘Gorroto-diskurtsoari aurre egiteko erantzunak’ izenburupean, Deustuko unibertsitateko entzungelan zenbait espezialista batuko dira jardunaldietan, besteak beste: Jacobo Dopico, Zigor Zuzenbideko katedraduna, eta Paloma Viejo, Dublin City Universityko Bullying-aren Aurkako Baliabideen eta Ikerketaren Zentro Nazionalekoa, bai eta CEAR-Euskadiko ordezkariak, Berdintasun Ministerioko LGTBI Parte-hartzeko Kontseilukoak eta Khetane plataformako eta jurista ijitoen elkarteko ordezkariak ere.

Tratu-berdintasunari eta diskriminazio ezari buruzko EAEko II. Kongresua bi egunetan izango da; egun horietarako, zenbait mahai-inguru eta lantegi antolatu dira, eta kazetaritzako, biktimei arreta emateko eta zenbait gizarte-kolektibotako profesionalek parte hartuko dute.

Inaugurazio-ekitaldian, gaur goizean, Deustuko Unibertsitateko errektore-orde den Eduardo Ruiz Vieytez-ek eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu den Beatriz Artolazabalek parte hartu dute. Sailburuak, erronka eta konpromisoez hitz egin du, eta tolerantziaz eta aniztasunarekiko errespetuaz beteriko diskurtsoa eman du. “Datozen urteotarako, funtsezko erronka bat dugu: diskriminazioaren eta desberdinkeriaren aurka borrokatzea. Populismoko eta ultraeskuinaren goren uneko garai hauetan, irmo egon behar dugu. Atzera pauso bat ere eman gabe”, esan du.

Artolazabal gizarteari zuzendu zaio: “Elkarri entzun eta geure buruari galdetu behar diogu zer gizarte izan nahi dugun”. Eta berak eman du erantzuna: “Inor kanpoan utziko ez duen gizartea izan nahi dugu, inor atzean utziko ez duena”. Sailburuak esan du hura dela bere sailak legegintzaldi honetan onartu duen konpromisoa.

Bertaratu direnei egoera soziosanitarioa kontuan hartuta neurriak betetzeko eskatu ondoren, Artolazabalek lan-jardunaldi hauen balioa nabarmendu du, aurrera eman beharreko beste urrats bat gehiago bezala, aurreko egunetan Giza Eskubideen Unesco Katedrarekin eta Segurtasun Sailarekin elkarlanean gorrotoaren diskurtsoa gai nagusi izan zuten ekimenen ostean. “Duela egun batzuk, diskurtsoak aztertu genituen; kongresu honetan, fokua erantzunetan jarriko dugu”, esan du sailburuak.

Esan duenez, “eskala globalean giza eskubideen ahultasun-, mehatxu- eta urraketa-egoera batetik abiatzen gara; egoera horrek toki-mailako eta maila globaleko erantzuna behar du, erantzunkidetasunean eta ezinbestekotasunean oinarrituta.  Giza eskubideak banako dimentsiotik abiatuta ulertzen ditugu, baina, batik bat, dimentsio komunitariotik abiatuta”.

Sailburuaren iritziz, “XXI. mendean elkarrekin bizitzeak aniztasunean bizitzea esan nahi du”. Eta honako hau esan du: “Gorroto-diskurtsoek eta, jakina, gorroto-delituek honako bereizgarri hau dute: etniaren, erlijioaren, politikaren, generoaren, gizartearen edo jatorriaren inguruko etiketa baten balioa pertsonen balioaren eta haien duintasunaren aurretik jartzen dute”. Hori dela eta, honako hau eskatu du: “irmoak izan behar dugu gure diskurtsoetan, eta gure ekintzekin konprometituak izan behar dugu”.

Puntu honetan, Artolazabalek esan du giza eskubideen errespetuan oinarritzen den bizikidetzarako kultura eta hezkuntza sustatzen duten politika publikoak sustatu behar direla. “Prestatzeak, sentsibilitateak eta prebentzioak aniztasunari buruzko gizarte-diskurtso positibo baten funtsezko pieza izan behar dute. Gorrotoaren diskurtsoari aurre egiteko, gure erantzun ozena eta argia aniztasunaren diskurtso positiboa eta kudeaketa positiboa da”, esan du, hitz egiten amaitu aurretik. Amaitu aurretik, gizarteari eskatu dio berdintasunean eta bazterketarik ezean oinarritzen den gizartea defendatzeko, eta bere Sailak horretarako duen konpromisoa berretsi du.