Tapia: "Energia eolikoak lagundu behar digu Europako Itun Berderen bidean jauzi kualitatiboa egiten. Ez da nahikoa beste batzuek egitea. Guk ere egin behar dugu"

2021-09-22

  • Klima-aldaketaren aurkako ekintza industria-ekoizpenaren mapa berean dago

  • Otsoa kudeatzeko plan bat behar da, ez da nahikoa bajak konpentsatzeko baliabideak izatea. Ezin dira neurriak ezarri nekazaritza eta abeltzaintzako bizimodutik urrun dagoen bulego batetik, mendiak bizirik mantentzen laguntzen digutenen interesak nola uztartu entzun gabe.

Arantxa Tapia sailburuak Onda Vasca irratian erantzun ditu egun-eguneko gaien inguruko galderak.

"Klima-aldaketaren aurkako borroka industria-ekoizpenaren mapa berean dago. Europako Itun Berdearen helburutik oso urrun gaude, baina urratsak eman ditugu. Aurreko legegintzaldian, Ekian jarri genuen martxan Euskadin dagoen parke fotovoltaikorik handiena, eta beste bat lantzen ari gara. Parkeak komunitate txikiagoetan jartzeko ere lanean ari gara. Dena da beharrezkoa”.

“Baina energia eolikoa da jauzi kualitatiboa ematen lagundu behar diguna, askoz leku gutxiago okupatuta, askoz ere ekoizpen handiagoa lortzen baitugu. Eta ez da nahikoa beste batzuek egitea, guk ere egin behar dugu, ez da nahikoa gertuko beste herrialde edo komunitate batzuek egitea. Guk ere egin behar dugu. Instalazio handiekin zein txikiekin”.

“Argiaren igoera kezkagarria da, bazetorrela ikusten ari ginen, baina ez dimentsio horretan. CO2 isurtzen dutenei ezartzen dizkiegun tasak eta garestitzen ari den gasa faktura elektrikoan eragina izaten ari dira. Gainera, Espainiako estatuko araudia horrela egonda, inpaktua Europako gainerako herrialdeetakoa baino askoz handiagoa da. Etxeko esparruak ez ezik, enpresek ere kezkatzen naute, ekoizpen-sareak sufritu egiten baitu”.

Europako funtsak. “Proiektu askok aprobetxatu nahi dute gure ekonomiak eskatzen duen eraldaketa hori. Eta martxan jarriko ditugu, Next funtsak iristen ez badira ere. Baina iristen badira, ongi etorriak izango dira, dena azkarrago egingo da eta. Administrazioak ere aparteko funts horiek espero ditu trantsizio-politika horiek arintzeko”.

“Otsoaren kudeaketa plan bat behar da, ez da nahikoa bajak berrezartzeko baliabideak izatea. Abeltzainek bizirik jarraitzea nahi dugu, bestela, gure mendiak, gure basoak, hutsik geratuko dira”.

“Ezin dira neurriak ezarri nekazaritza eta abeltzaintzako bizimodutik urrun dagoen bulego batetik, landa-ingurunean lan egiten dutenen interesak nola uztartu jakin gabe. Ez zaie entzun gai honetan zeresana duten komunitateei. Beharrezkoa da espazio hori mantentzen laguntzen digutenen interesak errespetatzea. Espainia hustuaz Hainbeste hitz egiten dute…, horrek ez du laguntzen. Euskadin arazo hori ez badugu ere, izan dezakegu landa-garapena eta abeltzaintza zaintzen ez baditugu. Otsoak babes egokia du Euskadin. Ez da entzun Konferentzia Sektorial bakoitzean esan duguna”.