Surfaren Nazioarteko Egunak behar bereziak dituen edonorentzat egokitutako hondartzak aldarrikatzen ditu

SURF_IREKIA__1_.JPG

2021-06-18

  • Euskadin, Surfing Euskadi turismo-sarearekin lotutako surf eskolek kirol egokitu horren zerbitzuak eta jarduerak eskaintzen dituzte.

 

Larunbat honetan, ekainaren 19a, Surfaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute, "The beach belongs to everyone" lelopean. Surfrider Foundation erakunde eko-surflariak, "Surfing Magazine" aldizkariarekin batera, hainbat hamarkadatan defendatu du hondartzak irisgarriak eta abegikorrak izatea, pertsona guztiek goza ditzaten, haien arraza, jatorri sozioekonomikoa, gaitasuna edo genero-identitatea edozein izanda ere. Eta, aurtengo edizioan, honako hau azpimarratu nahi dute: "Surfaren Nazioarteko Egun honetan, hondartzak guztioi ematen digun poza eta gogoa ospatzen dugu. Surfa sekulako oparia da eta hondartza leku ikaragarria da, osasungarria, segurua eta pertsona guztientzat eskuragarria izan beharko lukeena. Surflari eta hondartzainak garen aldetik, gure ardura da komunitate dardarati eta inklusiboa sustatzea, baliabide berezi hori babesteko eta gozatzeko ".

Euskadin, surfa zaletasun sendoko kirola da, eta, turismoaren ikuspegitik, jarduera hori gure kostaldean egin nahi duten pertsonak erakartzeaz gain, Bizkaian eta Gipuzkoan ere baditu eskolak, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak bultzatutako Surfing Euskadi www.surfingeuskadi.eus produktu-klubean integratuta. Euskal surfaren arloko enpresa eta profesionalen sare bat (surf eskolak, surflariak, ostatu espezializatuak, gidak, hargarriak eta surfeko charterra), modu koordinatuan lan egiten dutenak kalitatean, esperientzian eta profesionaltasunean oinarritutako eskaintza global eta indibidualizatu bat sortzeko.

Elkartutako eskolen artean, dagoeneko hainbat dira dibertsitate funtzionala duten pertsonei laguntzeko eskola eta elkarteentzako surf zerbitzu eta jarduera egokituak eskaintzen dituztenak. Partikularrak eta familiak ere artatzen dituzte denboraldi osoan, eskaintza espezifikoarekin.


Hori guztia bat dator Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan ezarritakoarekin. Kode hori orain arte sektoreko 346 enpresak sinatu dute, eta adierazten du turismo-jarduerek gizonen eta emakumeen berdintasuna errespetatu behar dutela, bai eta giza eskubideak eta, bereziki, biztanleria-talde ahulenen eskubide espezifikoak sustatu ere, bereziki haurren, adinekoen eta behar bereziak dituzten pertsonen, gutxiengo etnikoen eta herri autoktonoen eskubideak.