STEAM Euskadi Topaketak genero-ikuspegiari helduko dio hirugarren saioan

2021-02-10

  • Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du biharko topaketak
  • Euren esperientziak azalduko dituzte, STEAM Euskadi Saria irabazi duen proiektuetako batek eta sariketa horretan finalista izan den ikastetxe batek

Otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat eginez, STEAM Euskadi Topaketaren hirugarren saioak STEAM hezkuntza eta genero-ikuspegia izango du hizpide bihar.

"STEAM hezkuntzan genero-ikuspegia barneratzeko baliabideak" izenburupean, STEAM Euskadi Sariaren lehen edizioan parte hartu duten beste bi eragilek beren proiektua azaldu eta beren esperientziak partekatuko dituzte, Hezkuntza Sailak, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan antolatzen duen webinar saioaren bidez.

Batetik, sariketa horretan finalista izan zen Bedrrio-Otxoa ikastetxeak AutoEZTIMA izeneko bere ekimena partekatuko du saio telematikora konektatutako guztiekin. Bilboko ikastetxeak STEAM ikasgaien inguruan ikasle nesken autoestimua sustatzeko eta ahalduntzeko lan egiten du.

Bestetik, Deustuko Unibertsitateak Inspira STEAM proiektua zertan datzan azalduko du, eta Euskadiko hainbat ikastetxetan nola ari diren garatzen. Ekimen honek Lehen Hezkuntzako nesken bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzen ditu, taldeko mentoringaren bidez, zientzia, teknologia eta berrikuntzako emakume profesionalek zuzendutako saioetan. Ikasketak aukeratzerakoan emakumezko ikasleak baldintzatzen dituzten alderdiak lantzen dira. Proiektu honek STEAM Euskadi sarietako bat irabazi zuen joan den azaroan, genero ikuspegia duen ekimen onenaren atalean.

Aipatu zentroekin batera, eta aditu gonbidatu gisa, Mentxu Ramillo Politika eta Administrazio Zientzietan doktore eta Enredando blogaren egilea ere badenak parte hartuko du topaketan. Blog horretan hainbat gairi buruzko hausnarketak partekatzen ditu. Wikiemakumeok elkarteko kide ere bada Remillo, eta 2017an saritu zuten Wikipedian genero-arrakala murrizteko bere proiektuagatik.

Azkenik, saioari itxiera Miren Artarazek emango dio, Hezkuntza Saileko Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak.

Arrastoa uzten duten esperientziak hezkuntza arloan

STEAM Euskadi Topaketaren baitan antolatzen ari diren saio guztiak webinar formatuan ari dira garatzen, hau da, telematikoak dira, eta ezinbestekoa da izena ematea bertan parte hartzeko. Ostegun honetako saiorako izen ematea –doakoa- irekita dago STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean, saioa hasi baino ordu erdi lehenago arte. Saioa 17:30etan hasiko da eta izena eman duten guztien topaketa jarraitzeko esteka bat jasoko dute. Izen emateak: http://steam.eus/topaketak/

Urtarrilean, otsailean eta martxoan zehar, hamabost egunean behin, sei saio ari da burutzen Hezkuntza Saila Innobasquerekin lankidetzan, STEAM Euskadi Topaketen barruan.

Prestakuntza-webinar moduan egiten dira, eta STEAM Hezkuntzan giltzarri diren hainbat gai jorratzen dira horietan, hala nola: ikasgaiak integratzea, metodologia aktibo egokienak, kultura zientifikoa eta pentsamendu kritikoa, bokazio teknologikoak neskatilen artean edo aniztasuna ikasgelako jardueren diseinuan nola barneratu.

Online egiten diren topaketa hauen xedea da STEAM hezkuntza bultzatzeko jardunbide onenei ikusgarritasuna ematea batetik, baina baita zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloetan bokazio goiztiarrak bultzatzea eta STEAM konpetentziak garatzea ere. Horregatik, 2020ko STEAM Euskadi Sarietan finalistak izan diren 12 ekimenak sakon ezagutuko dira saioetan. Hezkuntza-proiektu horiek zuzendu dituzten irakasleak izango dira protagonista. Gainera, saio bakoitzean, aditu bat gonbidatzen da.

Lehen saioa urtarrilaren 14an burutu zen “Espiritu ekintzailea STEAM proiektuen bidez” goiburuarekin, eta 220 parte hartzailek eman zuten izen saioak jarraitzeko. Bigarren saioak ere parte hartze zabala izan zuen urtarrilaren 28an “STEAM ekimenak garatzeko ikaskuntza-testuinguru errealak” izenburuarekin.

Datozen asteetarako (otsailean eta martxoan) aurreikusitako saioek ere STEAM hezkuntza jorratuko dute hainbat ikuspegitatik, hala nola kultura zientifikoa, diziplinartekotasuna edo aniztasuna, honako goiburu hauekin:

  • STEAM esperientzien bidez kultura zientifikoa bultzatzea
  • Nola bultzatu ikasgelan STEAM diziplinen zeharkakotasuna?
  • STEAM hezkuntza: elkarbizitza eta aniztasuna lantzeko bidea

STEAM Euskadi Topakaten inguruko informazio guztia ikusgai dago STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean: http://steam.eus/topaketak/