Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du asteburu honetarako barnealdean elurragatik eta euriagatik

Alerta_Naranja.jpg

2021-11-26

  • Elurragatik aktibatuko den alerta larunbat goizeko 03:00etatik etziko, igandeko, 21:00ak arte egongo da indarrean, eta elurra 1000 m eta 400 m arteko kotan bota dezake ordu-tarteen arabera

  • Aldi berean, Segurtasun sailak alerta laranja aktibatu du euriagatik igandeko 15:00etatik asteleheneko 09:00etara, prezipitazio ugariei urtuko den elurra batuko baitzaie, eta horrek uholde-arriskua areagotuko du

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du elurragatik larunbat goizaldeko 03:00etatik igandeko 21:00etara, elur-maila 1000 m eta 400 m artean kokatuko baita ordu-tarten arabera. Aldi berean, alerta laranja aktibatu du euriagatik igandeko 15:00etatik asteleheneko 09:00etara, prezipitazio ugariek eta urtutako elurrak ibai-arroetan izan dezaketen eraginarengatik, horrek uholde-arriskua areagotuko baitu.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, neguko lehenengo denboralea izango da, behe-geruzetan nahiz goi-geruzetan oso hotza den aire-masa iritsiko baita eta, aldi berean, hainbat fronte pasatuko baitira guretik. Egoera horrekin, prezipitazioak iraunkorrak eta ugariak izango dira, batez ere isurialde kantauriarrean, eta zenbait lekutan trumoizkoak ere izan daitezke eta txingorra bota dezake. Ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da, eta elur-maila 400 metrora jaitsiko da larunbatean egunean zehar, eta igandeko azken orduan igo egingo da.

Bihar, larunbata, elur-maila 700-900 metroan kokatuko da goizaldean, 500-700 metroan goizean eta 400 metrora jaitsiko da azken orduan. Ez da baztertzen une batzuetan beherago ere elurra egitea, prezipitazioen intentsitatea eta ia atertu ere ez duela egingo kontuan hartuta. Igande goizaldean elur-maila 400-500 metroan mantenduko da, eta une batzuetan jaitsi ere egin daiteke. Goizean zehar igotzen joango da, eta arratsaldean 600-800 metroan kokatuko da eta egunaren amaierarako 1.100 metro ingurura igoko da.

Egoera horrekin, 1.000 metroko altueran 40-90 zentimetro elur pila daiteke, eta 600 metro inguruan 10 eta 45 zentimetro artean. 600 metrotik behera egin dezakeen elurra oso hezea izango da.

Prezipitazioengatik aktibatuko den alerta laranja igandeko 15:00etatik egongo da indarrean, ia atertu erez ez baitu egingo eta, gainera, elur-maila jaistean elurra urtzen joango baita. Horrek uholde-arriskua areagotuko du, eta alerta laranja, beraz, asteleheneko 09:00ak arte luzatuko da.

Aldi berean, Segurtasun Sailak abisu horia aktibatuko du prezipitazio iraunkorrengatik isurialde kantauriarrean bihar, larunbata, 00:00etatik igandeko 15:00ak arte, bai eta abisu horia ere nabigaziorako lehenengo bi milietan larunbateko 00:00etatik igandeko 15:00etara.

 

Gomendioak

ELURRA

  • Asteburu honetan mendira ez joateko gomendatzen da, eguraldi txarra egingo duela aurreikusten baita.
  • Aldez aurretik eskatu errepideen egoerari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako trafiko-zerbitzuaren 011 telefono-zenbakian.
  • Eguraldia oso txarra bada, hobe da ez bidaiatzea. Ahal izanez gero, garraio publikoa erabili, bereziki Araban eta goialdeetan.
  • Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu. Eta, ahal den guztietan, telefono mugikor bat eraman, bereziki bigarren mailako errepideetan zirkulatu behar duten gidariek.
  • Aurreko autoarekin ohikoa baino segurtasun-tarte handiagoa utzi.
  • Ez aldatu noranzkoa bat-batean. Bolanteari gozotasunez eragin.
  • Izotza dagoen eremu batean sartzen bazara, ez zapaldu galga, utzi ibilgailuari bere inertzia hutsez aurrera egiten.

EURIA

  • Ez aparkatu ibilgailurik eta ez kanpatu erreka inguruan edo urak erraz har ditzakeen lekuetan.
  • Kendu ibilgailuak putzuak sor litezkeen tokietatik, bai eta garajeetatik edo urak har ditzakeen lekuetatik ere.
  • Ahal dela, ez erabili autoa, bereziki gauez edo goialdeetan.
  • Autoa hartu behar izanez gero, saiatu bide nagusiak eta autobideak erabiltzen, eta ikuspen-arazorik edukiz gero, aparkatu autoa toki seguru batean.
  • Bertan behera utzi mendi-irteerak eta aire zabaleko txangoak.
  • Komunikabideen bidez une oro egon zaitez meteorologia-iragarpenen eta egoeraren jakinaren gainean.
  • Aldian behin aztertu inguruko hustubideen egoera, bereziki orain, hosto ugari baitago.
  • Ibaien egoeraren jarraipena Euskalmeten Twitter kontuan (@Euskalmet) jarrai dezakezu, eta errepideen egoera Trafiko Zuzendaritzaren Twitter kontuan (@trafikoaEJGV).

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.