RLEG-k Europar Batasunean politikak egiteko eta aplikatzeko prozesuan protagonismo handiagoa eta parte-hartze zuzena izatea eskatzen du

2021-05-07

  • RLEG ekimenean bildutako 14 eskualdeek Europaren etorkizunari buruzko hurrengo Konferentzian parte hartzeko eskatu dute
  • Europako erakundeei bidalitako gutunean, gainera, "Maila anitzeko gobernantza eraginkorrari buruzko goi-mailako topaketa" bat antolatzeko eskatzen da

Iñigo Urkullu Lehendakariak Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak lagunduta, legegintzako eskumenak dituzten Europako eskualdeen taldearen (RLEG-aren) bileran parte hartu du. Bilera telematikoki egin da eta, bertan, eskualde sinatzaileetako presidenteak eta Alain Lamassoure ohorezko gonbidatua izan dira.

Lehendakariak sustatu du bilera, botere legegilea duten eskualdeei EBn politikak egiteko eta aplikatzeko prozesuan zeregin handiagoa eskatzeko. Horretarako, Europako 14 eskualdetako presidenteek, Euskadi barne, gutun bat bidali diete Europako erakundeei, Europaren etorkizunari buruzko hurrengo konferentzian parte hartzeko eskatuz.

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, mahai gainean jarri den "RLEG gutunak" Europa berria eratzen lagundu nahi du: "Behetik gora eraikia, parte-hartzailea, plurala, irekia eta batua", zehaztu du. Ildo horretan, datozen hilabeteetan hausnarketa atzeraezina bultzatuko dutela adierazi du, ekimen honen inguruko borondateak eta atxikimenduak biltzeaz gain.

Halaber, gutunean "maila anitzeko gobernantza eraginkorrari buruzko goi-mailako topaketa" bat antolatzeko eskatzen da, esparru instituzional berri baten bideragarritasuna aztertzeko; izan ere, Lehendakariaren ustez, eskumen legegileak dituzten eskualdeen papera ez dago oraindik argi, Europar Batasunaren proiektuan bide hori aurkitzeko zain daude. "Europako arkitektura instituzionalaren parte gara eta herritarrengandik hurbilen dauden errealitateen ezagutza eta konpromisoa ematen dugu", adierazi du.

"RLEG gutuna" sinatu dutenen ustez, Europar Batasuna estatu kideen kluba baino askoz gehiago da. Pandemiaren egungo testuinguruak agerian uzten du politika eraldatzaileak funtsezkoak direla. Ildo horretan, Lehendakariak azpimarratu du eskumen legegileak dituzten eskualdeak funtsezkoak direla erabakiak hartzeko orduan, baita parte-hartze eta eraldaketa politikoko prozesuak konprometitzerakoan ere.

Dokumentu hori baterako presidentetzei bidali zitzaien, maiatzaren 3an, legegintza-botereak dituzten Europako hamalau eskualderen izenean: Euskadi, Valentzia, Balearrak, Katalunia, Tirol, Salzburgo, Austria Beherea, Austria Garaia, Karintia, Aland uharteak, Azoreak, Flandria, eta Vorarlberg eta Korsika  behatzaile gisa.

Ekimen horren bidez, RLEG-k aurrerapauso bat eman du Batasunean maila anitzeko gobernantza eraginkorra bermatzeko eta subsidiariotasun- eta proportzionaltasun-printzipioen dimentsio deszentralizatua gero eta hobeto aplikatzen jarraitzeko duen konpromisoan. Ildo horretan, Urkullu lehendakariak adierazi du eskumen legegileak dituzten Europako eskualdeek egiaztatzen dutela Europar Batasunaren bidea zentralizaziorantz lerratzen ari dela,” biderik sinpleena da, baina ez du laguntzen Europar Batasunarentzat nahi dugun “Partaidetzaren bidez egindako erakundeen eraldaketan””.

Zer da RLEG?

RLEG legegintza-eskumenak dituen eskualde-talde bat da, balio eta printzipioen oinarri komun bat partekatzen duena, eta erregulartasunez biltzen dena, modu informal eta irekian, 2018tik. Eskumen legegileak dituzten eskualdeak dira, eta herri edo nazioen ordezkari diren gobernuek konpromiso handia dute Europar Batasunaren balio eta printzipioekin eta integrazio-prozesuarekin. Europaren etorkizunari modu proaktiboan laguntzeko prest dauden Gobernuak, ikuspegi eraikitzaile eta erantzunkidearekin, EBn maila anitzeko gobernantza eraginkorraren kontzeptua hobetzeko.

Estatu kideekin, EBko erakundeekin eta EBko botere-maila guztiak ordezkatzen dituzten beste erakunde batzuekin batera, RLEG eskualdeak konprometituta daude herritarrei zuzendutako politikak abian jartzearekin, talde hori alde bakarreko helburuekin instrumentalizatzea saihestuz.