Pedro Azpiazuk PRTR-REN Konferentzia Sektorialean adierazi duenez, Euskadik "Ahalegin guztiak egingo ditu arrakastatsua izan dadin"

02_08_2021_ConSecPRTR.jpg

2021-08-02

 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Ogasun Ministerioak deitutako Suspertzee, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Konferentzia Sektorialean hartu du parte, eta “Europako funts horien erabilera arrakastatsua izan dadin Euskadik ahalegin guztiak egingo dituela” ziurtatu du. Topaketak funtzionamenduari, jarraipenari eta informazioari buruzko gai teknikoak argitzeko balio izan du, eta Euskadik hainbat hilabetez azpimarratu dituen alderdiak landu dira bertan. Hala, inbertsioak urte anitzekoak izatea aurreikusiko da, eta horrek plangintza doituagoa ahalbidetuko du.

Halaber, erkidego batzuek PERTE autonomikoen figura eskatu dute, Euskadik planteatutakoarekin bat etorriz, eta bide hori aztertzeko irekita geratu da. 

Zenbatekoei dagokienez, ez da xehetasunik eman, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak joan den ostiralean, 2021eko Europako funtsen % 55 Autonomia Erkidegoek kudeatuko zituztela jakinarazi zuenean, eman zituenez gain. Autonomia Erkidegoek ezagutzen zuten jada datu hori.

Une honetan, hainbat ministerioren Konferentzia Sektorialetan eman diren iragarki partzialek, datozen hiru urteetan Euskadiri zuzeneko kudeaketarako 500 m/€ inguruko zuzeneko esleipena egitea aurreikusten dute, hezkuntzaren, enpleguaren, ingurumenaren, gizarte-politiken, berdintasunaren, garraioen, etxebizitzaren, hirigintzaren edo energia-eraginkortasunaren arloetan.

Azpiazuk plan hori irailetik aurrera modu intentsiboan gauzatzen jarraitzeko interesa ere agertu du. Une horretan Autonomia Erkidegoek eta toki-erakundeek protagonismo handiagoa izan beharko dute finantzatutako programen diseinuan (betiere Europak onartutako mugarriak eta helburuak betetzen direla bermatuz).