Pedro Azpiazuk bide telematikoz hartu du parte, Ogasun Ministerioarekin eta Autonomia Erkidegoekin egin den Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilentzia Planaren Konferentzia Sektorialean.

2021-01-21

 

EUSKO JAURLARITZAK EZ DU ONARTU SUSPERRALDI ETA ERRESILIENTZIA MEKANISMOA KUDEATZEKO OGASUN MINISTERIOAK PLANTEATU DUEN FORMULA

 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Konferentzia Sektorialaren eraketan hartu du parte. Konferentzia hori, Autonomia Erkidegoek Susperraldi eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM-MRR) finantzatutako proiektuetan izan behar duten parte-hartzea behar bezala bideratzeko Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko lankidetza-organoa da, eta Jaurlaritzak haren erregelamendua onartzeari uko egin dio, ez duela benetako kogobernantza-eredurik jasotzen iritzita. Sailburuak bere konfiantza erakutsi dio María Jesús Montero Ogasun ministroari, “benetako lankidetza egituratu ahal izateko, baina ez Autonomia Erkidegoen zeregina Gobernu Zentralak eskumen propioei buruz hartutako erabakiak gauzatzera mugatuko duen norabide bakarreko dinamika egituratzeko”.

Azpiazuk Gobernu Autonomikoak protagonista izatea eskatu du, eta “elkarrekin, ahalik eta Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planerako diseinu onena sortzeko” eskaintza egin du, “Gure Autonomia Erkidegoen indarguneetan oinarrituta”.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saila haserre agertu da Konferentzia Sektorialaren deialdia berandu egin delako eta Gobernu Zentrala SEM-MRR funtsen kudeaketaren ezaugarriak ezagutzera emateko erabiltzen ari den formularengatik “ginkana bat balitz bezala”.

Azpiazuk hiru alderdi azpimarratu ditu:

  1. Europar Batasuna prestatzen ari den eta aurreikuspenen arabera otsailean onartuko den SEM-MRRen Erregelamenduaren zirriborroak erakusten duenez, eskualdeetako eta tokiko agintariak bazkide garrantzitsutzat hartuko dira erreformak eta inbertsioak ezartzeko orduan, eta behar bezala kontsultatuko zaie eta inplikatuko dira, legezko esparru nazionala kontuan izanda.

 

  1. Abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuak, SEM-MRRen funtsen kudeaketaren eremuan, “Espainiak indarrean duen autonomien estatu-sistemaren lurralde-maila anitzeko gobernantza” aipatzen du, eta horrek eragile ekonomiko eta sozial guztien, gobernu-maila guztien eta administrazio publikoaren baliabide guztien inplikazioa eskatzen duela adierazten du.

 

  1. SEM-MRR funtsak kohesio-funtsak ez diren arren, FEDERrek finantzatzen dituen jarduketa mota berberak finantzatzera bideratuta daude, eta, beraz, oso zentzuzkoa litzateke haien gobernantza-moduekin bat egitea, Euskadi Next programan aurreikusten den bezala.

Azpiazu sailburuaren proposamenaren helburua Estatuak eta Autonomia Erkidego bakoitzak SEM-MRR 2021-2026 aldi osorako akordio bat sinatzea da, erkidego bakoitzak baliabide horiekin erabaki eta eragin ahal izan dezan, bere eremu estrategikoak bizkortzeko eta eraldatzeko.

“Orain arte, hainbat bitartekoren bitartez, apurka-apurka ezagutzen ari garen kudeaketa, eraldaketa-planteamendu serioak egiteko izan ditzakegun baliabideak argitzeko oztopoz betetako benetako lasterketa da; horretarako, sail anitzeko, erakunde arteko eta urte anitzeko proiektuak behar dira”, gaineratu du Azpiazuk. “Gauzak une honetan egiten ari den bezala zatitzeak SEM-MRRren funtsen kudeaketa eraginkorra eta efizientea lortzea eragotziko du, eta, aldi berean, FEDER funtsak gauzatzea zailduko du. Ezin dugu tren hau galdu”, esan du, amaitzeko.

 

 

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 21ean