Pedro Azpiazu sailburuak 2021 aurrekontu proiektua aurkeztu du EGABko Batzordearen aurrean

2021-01-13

EUROPAK, NEXT GENERATION FUNTSETAKO BERRESKURAPENERAKO ETA ERRESILIENTZIARAKO MEKANISMOAREN BEM-MRR KUDEAKETAN ESKUALDEEK DUTEN EGINKIZUNA DEFENDATZEN DUELA AZPIMARRATU DU AZPIAZUK

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektua aurkeztu du Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Osoko Bilkuran, eta Europak Next Generation EU Funtsen Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismoaren (BEM-MRR) kudeaketan eskualdeek duten eginkizuna defendatzen duela azpimarratu du, ziurrenez datorren otsailaren 8an onartuko den aurreikusitako erregelamenduaren zirriborroan sartu baitu. Hala, aipatutako zirriborroan eskualdeko eta tokiko agintaritzak jasotzen dira, eta eragile garrantzitsutzat hartzen dira erreformak eta inbertsioak ezartzeko orduan; horregatik, behar bezala inplikatu behar dira, betiere estatu kide bakoitzaren eskumenen eta autonomiaren diseinuaren arabera. “Europako Batzordearen gomendio hori ia betebeharra da, Espainiako Estatuaren osaera autonomikoak eta erkidego batzuen berezitasunak, Euskadirenak adibidez, hala eskatzen dutelako”, azaldu du Azpiazuk.

Joan den abenduaren 29an, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Next 21-26 izenekoa onartu zuen. Euskadiren berreskurapenerako, eraldaketarako eta erresilientziarako inbertsio programa da, eta Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin koordinatuta, Espainiako Gobernuari helarazi dio, Next Generation EU funtsak, Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismotik –BEM-MRR– datozenak, zehatzago esanez, eskuratzeko Europara bidaliko duen Berreskurapenerako, Eraldaketarako eta  Erresilientziarako Planean (BEEP-PRTR) sar dezan.

Bileran, Pedro Azpiazuk EAEko 2021erako aurrekontuen xehetasunak azaldu ditu. Aurrekontua 12.442M/€-koa da, eta aurrekontu operatiboa (gastu erreala) 770M€ handitu da, hau da, iaz baino % 7,1 gehiago.

Aurten, hauek nabarmentzen dira aurrekontu-proiektuan:

  1. HAZKUNDE HANDIA OSASUNEAN ETA HEZKUNTZAN. 236,6M/€-ko hazkundea osasunean eta 169M/€koa Hezkuntzan.
  2. 542 M/€-ko COVID PROGRAMA: Sailen artean banatuta pandemiari aurre egiteko.
  3. INBERTSIO PUBLIKO HANDIAGOA (+% 6,4) ETA GASTU GEHIAGO I+G-N (+% 9,7): 2021ean, inbertsio publikoa –Euskal Y-a eta Hegoaldeko Saihesbidea kontuan hartu barik– 955M/€-tik gorakoa izango da, eta I+Gra bideratutako gastuak, berriz, 47 milioitik gorako hazkundea izango du, 535,8M/€-ra iritsi arte.

Eusko Jaurlaritzak, inoiz baino gehiago, gizarte-politikak bermatzeko eta hobetzeko eta garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzeko konpromisoei leial izaten jarraitzen du. Horrela, proiektu honen % 77,8 gizarte-politiketara bideratuta dago. Berriro ere, 10 eurotik ia 8 Osasun, Hezkuntza, Enplegu eta Gizarte Politiketara zuzentzen dira. Murrizketarik gabeko aurrekontua eta austeritatetik urrun dagoena, egoerari ekonomia- eta aurrekontu-ziurtasunetik aurre egitea ahalbidetzen duen zorpetze garrantzitsu bat barne hartzen baitu. Murrizketarik izango ez duten eta austeritatetik urrun egongo diren aurrekontuak, egoerari ekonomia- eta aurrekontu-ziurtasunarekin aurre egiteko. 

Pedro Azpiazu, Hernando Lacalle Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordearekin, Josu Garay Aurrekontu zuzendariarekin eta Yurdana Burgoa Kabineteko zuzendariarekin joan da Ekonomia eta Finantza Batzordearen Osoko Bilkurara.

 

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 13an