Pedro Azpiazu: "Jaurlaritzak ahalegina egingo du, baina fiskalitatea ez da negoziatu beharreko puntu bat"

2021-11-10

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazu elkarrizketatu dute, gaur goizean, Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan. Bertan, zuzentzen duen sailari dagozkion gaurkotasun-gaiak errepasatu ditu.

Elkarrizketa horretan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak gaur hasiko den bilera-sorta izan du hizpide, 2022ko ekitaldirako aurrekontuen negoziazioari begira. Pedro Azpiazuk adierazi du lehen harreman honek alderdi bakoitzak zer jarrera duen eta zer eskatzen duen ikusteko balioko duela, baina ziurtatu du marjina aztertu eta ahalegina egingo dela, betiere aurrekontu- eta eskumen-esparruaren barruan. Gainera, gaineratu du fiskalitatea ez dela orain negoziatu beharreko puntu bat.

Fiskalitateari dagokionez, Azpiazu sailburuak azpimarratu du beti dela beharrezkoa hausnarketak eta analisiak egitea, baina une honetan ez dela erreforma fiskalen garaia, ekonomia sustatzekoa baizik. “Iritsiko da unea. Orain baliabideak ditugu aurrekontu honetarako”, adierazi du. Hala, datorren urtean Europak egonkortasunari buruzko araudia alda dezakeela azaldu du, eta, orduan, hausnarketa bat egin beharko dela. "Zer zerga ditugun, kenkariak, zein diren nahi ditugun zerbitzu publikoak…", gaineratu du.

Era berean, Ekonomia eta Ogasun sailburuak ziurtatu du Euskadik gauza positibo asko dituela zerga-arloan enpresak erakartzeko, sozietateen gaineko zerga, adibidez. Ondarearen gaineko zergari dagokionez, Azpiazuk esan du zarata handia dagoela, baina, egia esan, biztanleriaren % 1ari soilik eragiten diola; “enpresari guztiek ez dute ordaintzen ondarea”. Dena dela, azpimarratu du garrantzitsua dela erakundeek zerbitzu publiko onak eskaintzea, eta, horretarako, beharrezkoa dela zergetatik datorren diru-bilketa izatea.

Gaurko elkarrizketan landutako beste gaietako bat aurreikuspen ekonomikoei buruzkoa izan da. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak azaldu duenez, oraingoz, Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurreikuspena % 6,7koa da, eta %6,4koa datorren urterako; hala ere, adierazi du balitekela jaitsiera bat egotea. “Agertokian zalantzak daude, azken hiruhilekoko datuak zeintzuk diren ikusi beharko da, baina oraingoz itxaron egingo dugu. Lasai”, esan du.

Pedro Azpiazu sailburuak Europako Funtsei buruz ere hitz egin du gaur goizeko elkarrizketan, eta azaldu du, jakinarazi dienez, aurten 595 milioi euro transferituko zaizkiola Euskadiri, eta datorren urtean, ziurrenik, 400 milioi euro gehiago; hau guztia, politika publikoetara bideratuko direlarik. Lehendakariak Nadia Calviñori bidaltzen dizkion hiru proiektuei dagokienez, Azpiazuk adierazi du oraindik ez dutela erantzunik jaso. "Oso garrantzitsua da erantzutea, guk planifikatu ahal izateko", adierazi du.