Pandemariaren ondorioz utzarazpenak etetearen eraginpean dauden errentatzaileei edo jabeei konpentsatzeko agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2021-10-26)

fotoconsejo.jpg

2021-10-26

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak onartu du pandemiaren ondorioz bizileku-alternatibarik ez duten familia zaurgarrientzako utzarazpen- eta kaleratze-prozedurak etetearen eraginpean dauden errentatzaileei eta jabeei konpentsatzeko agindua.

Laguntza horiek zuzentzen zaizkie beren etxebizitza berreskuratzeko tramiteak hasi zituzten baina, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren neurrien ondorioz, prozedura eten zitzaien pertsonei. Izan ere, 11/2020 Errege Lege Dekretuak babestu egiten ditu, besteak beste, pandemian utzarazpen baten ondorioz zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak. 2021eko ekainean autonomia-erkidegoen esku geratu zen laguntza horiek kudeatzeko prozedura.

Eusko Jaurlaritzaren aginduak 120.000 euroko hasierako aurrekontua ezartzen du, eta aurrekontu hori handitu ahal izango da, aldeko ebazpena lortzen duten eskaera guztiak ordaintzeko. Laguntzaren zenbatekoa higiezina dagoen inguruneko hileko batez besteko errentarena izango da, Alokairuaren Merkatuko Estatistikaren azken datuen arabera; edonola ere, zenbateko hori errenta finkatua baino handiagoa bada, jabeak jaso ez zuen errentamendu hori ordainduko da. Laguntza horiei esker konpentsatuko dira, batetik, jaso ez den alokairuaren kostua eta, bestetik, bere gain hartu direla frogatutako etxebizitzaren gastu arruntak, betiere 2020ko Errege Lege Dekretuan oinarrituta kaleratzea eteteko autoaren datatik urriaren 31ra arte edo, bestela, aurreko data batera arte, baldin eta auzitegiak etete hori lehenago kentzen badu.

Konpentsazioak bateraezinak dira beste laguntza batzuekin, baita alokairua ez ordaintzeko aseguruen ondoriozko kalte-ordainekin ere. 2021eko azaroaren 30era arte eskatu ahal izango dira laguntzak, eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren artean honako hauek daude: alokairu-kontratua, utzarazpena etetearen oinarri den zaurgarritasun-txostena edo etete-autoa bera.

Eskaerak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1202701/web01-tramite/eu/