Osasun Sailak adikzioekin, jarduera fisikoa sustatzearekin eta osasuneko profesionalak prestatzeko jarduerak antolatzearekin lotutako laguntzak onartu ditu (Gobernu Bilera 2021-08-31)

2021-08-31

  • Adikzioen inguruko gaiei buruzko ikerketa-jarduerak egiteko eta ezagutza zabaltzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu da Eguía Careaga Fundazioarekin (SIIS) 
  • Ikasleen artean jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko proiektu parte-hartzaileak garatzeko diru-laguntzetara 136.000 euro bideratuko dira 
  • Osasun-arloko profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntza-jarduerak antolatzeko 79.000 euroko aurrekontua onartu da

Garrantzi sozial handiko jarduera-ildotan aritzeko diru laguntzak arautzen dituzten Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren aginduak onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak. Guztira 500.000 euro banatuko dira adikzioei buruzko ezagutza zabaltzearekin, jarduera fisikoa sustatzearekin eta osasuneko profesionalak prestatzeko jarduerak antolatzearekin lotutako diru-laguntza hauetan.

Lehenengoz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Eguía Careaga Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena ezartzen da, SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa kudeatzeko. Adikzioen arloko dokumentazio-funts eguneratu eta sailkatu bat sortzen laguntzea da hitzarmenaren helburu orokorra, gai horri buruzko informazioa, aholkularitza eta ikerketa emateko.

Lankidetza-hitzarmenak Eguía Careaga Fundazioari esleitutako 100.000 euroko kreditua duen partida bat barne hartzen du, gizarte-gaiei eta adikzioei buruzko informazio-, ikerketa-, dokumentazio- eta ezagutza-jarduerak garatzen dituena,

Bigarrenez, 2021-2022 ikasturtean jarduera fisikoa sustatzera eta sendentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko diru-laguntzen deialdia egin da irabazi-asmorik gabeko elkarteei eta kooperatibei zuzendua ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.

Hain zuzen ere, ekintza honen helburua ikastetxerako ibilbidean modu aktiboan, jarraian eta autonomiaz erabil daitezkeen eskola-bideen sorrera eta dinamizazioa finantzatzea da. Gainera, eskola-patioak ikaskuntzarako, jolaserako eta mugimendurako espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko proiektuei ere lagunduko zaie, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako harremanak ezartzeko. Diru-laguntza deialdi honen aurrekontua 136.000 eurokoa da.

Azkenik, osasun-arloko profesionaleentzat etengabeko prestakuntza-jarduerak antolatzen diharduten irabazi-asmorik gabeko  erakundeak sortzeko edo funtzionatzeko beharrezkoak diren diru-laguntzak banatzeko deialdiaren oinarriak onartu dira.

Diruz lagundu beharreko prestakuntza-jarduerek Osasun Sailak estrategikotzat jotzen dituen gai ugari hartzen dituzte; besteak beste, osasun-kudeaketa, osasun publikoa, zainketa aringarriak eta familia- eta komunitate-medikuntzaren sustapena. Hoietaz gain, dementzia neurodegeneratiboen jakintza-gaiak ere kontuan hartzea da deialdi honen berritasun nagusia, hala nola Alzheimerra, Parkinson, alboko esklerosi amiotrofikoa eta abar. Programa honi 79.000 euroko aurrekontu-zuzkidura dagokio.