Osakidetzak ostiralean irekiko du 29 eta 16 urte bitarteko pertsonei bere webgunearen bidez txertoa jartzeko hitzordua hartzeko aukera

2021-07-06

  • Txertaketaren erritmoa Euskadira iristen diren dosien araberakoa izango da oraindik
  • Osakidetzako web-orrian zita hartzeko aukera uztaila eta abuztu osoan egongo da zabalik 16 urtetik gorakoentzat
  • Baheketa asteazkenetik aurrera kurtso-amaierako bidaia egindakoei: Osasun Sailetik eskatu egiten zaie Mallorca, Salou edo Coniletik etorritako 16-19 urte bitartekoei Euskadira bueltatzean beren osasun-zentrora deitzeko PCR bat egiteko

Euskadin xede biztanleriaren erdiak baino gehiagok lortu du txertaketa-pauta betetzea, eta 10 pertsonatik 7k dosi bat gutxienez hartua dute dagoeneko. “Berri onak” dira, Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik adierazi duenez Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan egin duen agerraldian, pandemia Euskadin izaten ari den eboluzioaren berri emateko. Bestetik, txertaketa-prozesuaren eta biztanleriaren baheketa berri baten abiaburuaren berri eman du, kurtso-amaierako bidaien emaitzaz kutsatutakoen transmisioa lehenbailehen geldiaraztearren.

TXERTAKETA EUSKADIN

Txertaketari buruz, Osasuneko sailburuak jakinarazi du:

  • Uztailean amaituko da pauta osoko txertaketa, 60-69 urte bitartekoena.
  • Datorren astean itxiko da funtsezko langileen txertaketa-aldia.
  • Aste honetan 39 eta 30 urte bitartekoen txertaketan zentratuko da Osakidetza; eta aurrera jarraituko da 49 eta 40 urte bitartekoekin; hauen artean % 80 dira lehenengo dosia hartua dutenak.

Azkenik, nabarmendu duenez, ostiralean, Osakidetzak bere web-orrian zita hartzeko aukera zabalduko die 29 eta 16 urte bitartekoei txerta daitezen. 16 urtetik gorakoentzat, Osakidetzako web-orrian zita hartzeko aukera uztail eta abuztu osoan egongo da zabalik.

Horrela, lehentasunezko sailkapenak aurrera doazen neurrian, gainerako biztanleria da xedea. Lehenbailehen txertatzea da helburua, iristen diren dosien arabera.

AGERRALDIAK ETA BAHEKETA

Osasuneko sailburuak adierazi duenez, intzidentzia metatua 50 puntutik gora handitu da aste batean. Agerraldi batzuk sortu direla jakinarazi du, Zaintza eta Arreta Sareak detektatu dituena:

  • Hernani-Urnieta-Astigarraga agerraldiarekin lotutako kasuak: 342 positibo.
  • Mallorcako kurtso-amaierako bidaietako agerraldiarekin lotutako kasuak: 297 positibo.
  • Salouko kurtso-amaierako bidaiako agerraldiarekin lotutako kasuak: 107 positibo.
  • Eta Conileko bidaiarekin lotutako kasuak: 32 positibo.

Zirkunstantzia horien aurrean, Osasun Sailak zabaldu egingo du biztanleriaren baheketan parte hartzeko deia, kurtso-amaierako bidaietarako dagoeneko martxan jarria. Horregatik, eskatu egin die Mallorca, Salou edo Coniletik iritsitako eta oraindik iristen ari diren 16-19 urtekoei beren osasun-zentroarekin harremanetan jartzeko, bihartik aurrera, PCR bat egiteko.