Osakidetzak, irailaren 30ean, goi-errendimenduko txertaketa-puntuak itxiko ditu, biztanleriaren % 84k txertoa hartu ondoren

2021-09-10

Urritik aurrera, txertoa jartzeko hitzordua duten guztiei –dela lehenengo dosia jartzeko dela bigarrena jartzeko– osasun-zentroetan edo tarteko beste puntu batzuetan emango zaie arreta

 

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak gogorarazi du txertaketa-guneek antolamendurako ahalegin handia eragin dutela eta emaitza oso onak ekarri dituztela, baina, dagoeneko, ez direla beharrezkoak, Euskadin txertoa jarrita duen biztanleriaren ehunekoa handia delako

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazi dute Covid-19aren aurkako txertaketa-kanpaina arrakastatsua izaten ari dela. Gaur egun, 12 urtetik gorako euskal herritarren % 84k pauta osoa du, eta kopuru hori Estatuko batez bestekoa baino ia hamar puntu handiagoa da. Txertoa jartzeko xede-biztanleriak nabarmen behera egin duela ikusita, Osakidetzak uste du ez dela beharrezkoa goi-errendimenduko txertaketa-puntuak zabalik izatea, eta, beraz, irailaren 30ean ixtea aurreikusten da.

Data horretatik aurrera, txertoa jartzeko hitzordua duten guztiei –dela lehenengo dosia jartzeko dela bigarrena jartzeko– osasun-zentroetan edo tarteko puntuetan emango zaie arreta, dagokien osasun-antolamenduaren arabera. Hitzordua hartzeko unean, dela web-orriaren bidez dela telefono bidez, kokapen berriaren berri emango zaie (bai lehen hitzorduetarako bai bigarrenetarako):

 

ESI (Erakunde Sanitario Integratua)

Covid-19aren aurkako txertaketa-puntu berriak, 2021eko irailaren 30etik aurrera

Arabako ESIa

San Martingo osasun-zentroa Vitoria-Gasteizen

Arabako Errioxako ESIa

Lezako ospitalea eta Oiongo osasun-zentroa

Barakaldo-Sestaoko ESIa

Sestaoko EAGa eta Zaballako osasun-zentroa Barakaldon

Barrualde-Galdakaoko ESIa

Galdakao-Usansoloko ospitalea eta Gernika-Lumoko ospitalea

Bidasoako ESIa

Artaleku kiroldegia Irunen (kokapen bera)

Bilbo-Basurtuko ESIa

Basurtuko Unibertsitate Ospitalea (Areiltza pabilioia) eta Indautxuko osasun-zentroa Bilbon

Debabarreneko ESIa

Eibarko ospitalea

Debagoieneko ESIa                                       

Debagoieneko ospitalea

Donostialdeko ESIa

ATANO III pilotalekua (Donostia)

Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIa

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Buenavista osasun-zentroa Portugaleten

Goierri-Urola Garaiko  ESIa                                   

Zumarragako ospitalea eta Azpeitiko osasun zentroa

Tolosaldeko ESIa

Tolosako Ferial udal-zentroa, Villabonako Gurea zinema eta Andoaingo Arrate pilotalekua

Uribeko ESIa

Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea

 

GARRANTZITSUA: Lehen dosirako hitzordua irailaren 30ean baino lehen jartzeko hartzen bada, kokapen-aldaketak bigarren dosian baino ez du izango eragina.

Txertaketa-puntuen berrantolamendua etengabea izan da pandemia osoan zehar, eta beti izan da une bakoitzean txertoa hartu beharreko xede-biztanleriaren eta egon den txerto-kopuruaren araberakoa. Gogorarazi behar da txertaketa-kanpaina egoitzetako paziente eta langileen immunizazioarekin hasi zela; gure txertaketa-ekipoak egoitzetara mugitzen ziren, banan-banan, bai eta lehen lerroko osasun-langileak ere. Jarraian, beste erakunde batzuekin, prebentzio-zerbitzuekin eta mutualitateekin lankidetzan, funtsezko pertsonalaren txertaketa hasi zen, 80 urtetik gorakoei txertoa jartzeko hitzordua ematen ari zitzaien ia aldi berean. Kolektibo horren txertaketarako bide emateko –mugikortasun-arazo handiagoak dituztela kontuan hartuta–, Osakidetzak 117 txertaketa-puntu izan zituen gaituta, bai eta etxez etxeko txertaketa ere.

Udaberritik aurrera, txerto-kopurua handiagoa izaten hasi zenez eta, beraz, txertoa jartzeko xede-biztanleria handiagoa zenez, txertaketa-puntu handiak irekitzea erabaki zen (BEC, Ilunbe, La Casilla, Lakua pilotalekua, Landako Gunea Durangon, Lezako kiroldegia, Eibarko Astelehena pilotalekua, Irungo kiroldegia…), eta, ospitaleekin eta tarteko beste txertaketa-puntu batzuekin batera, aukera eman dute euskal herritarren txertaketa-abiadura areagotzeko, eta, hala, gaur egun biztanleriaren % 84k bi dosiak jarrita izateko. Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak ziurtatu duenez, “goi-errendimenduko txertaketa-puntuek antolamenduko eta logistikako ahalegin oso handia eragin dute, eta horri esker txertaketa-tasa handiak lortu ditugu”. Orain, berriz, txertoa jartzeko dagoen pertsona-kopurua nabarmen jaitsi da; beraz, baliabideen kudeaketa eraginkorra kontuan hartuta, egoera berrira egokitu eta txertaketa-puntuak berrantolatu behar dira.

TXERTOA JARTZEKO DEIA

Hala ere, Covid-19aren aurkako txertaketa-kanpainak jarraitu egiten du, eta Osakidetzak gogorarazten du biztanleriaren zati txiki batek jarraitzen duela txertoa jarrita izan gabe, bereziki 20 eta 35 urte bitarteko kolektiboan; tarte horretan, txertaketa-estaldura ez da % 80ra iristen eta, txertoak erabilgarri daudela kontuan hartuta, hitzordua hartzera animatu ditu.

Hitzordua hartzeko, Osakidetzaren web-orriko (www.osakidetza.eus;) Aurretiko Hitzordua atalean sar daitezke edo telefonoz deitu osasun-zentrora eta 1 aukera markatu, txertaketarena.  Dei hori kutsatu diren datatik bi hilabete igaro ondoren hitzordua hartzeko Osakidetzaren mezua jasotzen doazen pertsonei ere egiten zaie.

 

Gasteizen, 2021eko irailaren 10an