Osakidetzak berriro bidaliko dizkie gaur arratsaldean SMS-ak 79 urtetik beherakoei, web-aren bidez txertoa jartzeko hitzordua hartu ahal izateko

2021-04-12

 

Aurten 77, 76 eta 75 urte betetzen dituzten pertsonei ere bidaliko zaie mezua hitzordua hartzeko

 

Txertaketak aurrera darrai Euskadin. Osakidetzak, datozen egunotan, 70 eta 79 urte bitarteko kolektiboaren immunizazioarekin jarraituko du. Gaur arratsaldean, SMSak bidaliko ditu, berriro, webaren bidez Covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosia zer egunetan eta ordutan hartuko duten aukeratu ahal izateko. Web bidezko hitzordua  1942an eta 1943an (79 eta 78 urte) jaiotako pertsona guztiei irekita egongo da, baldin eta asteburu honetan ezin izan badute hitzordua hartu eskuragarri dauden dosiak amaitu direlako, eta 1944tik 1946ko   bitartean jaiotakoei ere zabalduko zaie (77, 76 eta 75).

Osakidetzak ostiralean aurreratu zuen bezala,    laurogei urtetik gorako pertsonen kolektibo osoaren txertaketa lehen dosiarekin amaitu da, txertoa etxean hartu behar dutenena izan ezik. Gainera, erabilgarri dauden dosiekin 70 eta 79 urte bitarteko kolektiboaren immunizazioarekin hasi da; lehendabizi, nagusienekin. Ostiralerako, larunbaterako eta iganderako eskainitako hitzordu guztiak arrakastaz bete dira.

Baina txertoen beste sorta bat iritsiko denez, berriz ere ireki ahalko da, datozen orduetan, web bidezko hitzordua hartzeko aukera eta kolektibo horren txertaketarekin jarraitu. Lehentasuna 78 eta 79 urte dituzten pertsonekin amaitzea izango da, eta, txertoen erabilgarritasunaren arabera, hurrengo urteetan jaiotakoei joango zaie hitzordua ematen. Txertoak bihar arratsaldetik aurrera emango dira.

Hitzordua eskuratzeko prozedura honako hau izango da:

  • Osakidetzak SMSa bidaliko du eta, hartan, web bidezko hitzorduaren zerbitzura sartzeko esteka egongo da. OTI txartelaren zenbakia, lehen abizena eta jaiotza-data sartu beharko dira, eta txertoa jartzeko egun eta orduak eskainiko dira, zuzenean.
  • Baliteke SMSa beste partikular baten telefonora iristea, hori delako Osakidetzarekin beste kontu batzuetan erabiltzen duten ohiko kontaktua. Errakuntzarik egon ez dadin, testu-mezuan mezuaren hartzaile den pertsonaren jaiotza-data eta generoa zehaztuko dira.

 

  • Baliteke Osakidetza telefonoz jartzea harremanetan, agendetan hutsik dauden tarteak bete behar badira, eta harremanetarako mugikorrik ez duten pertsonen kasuan.

 

  • Web bidezko hitzordua zabalik egongo da, betiere txertoak badaude erabilgarri. Txertoak agortzen direnean, mesedez, ez deitu osasun-zentrora edo Osasun Kontseilura; komunikazio-lineek osasunarekin zerikusia duten beste behar batzuetarako egon behar dute erabilgarri. Osakidetzak behar bezala jakinaraziko du noiz jarriko den txertaketa berriro martxan, dosiak erabilgarri dauden unean.