Oinarrizko lanbide heziketa emateko eskumena eskuordetuta duten udalerrientzako zuzeneko dirulaguntzak (Gobernu Bilera 2021-5-18)

fotoconsejo.jpg

2021-05-18

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntzako sailburuak eskatuta, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak emateko eskumena eskuordetuta duten udalei zuzeneko dirulaguntzak ematea. 

Dirulaguntza hauek 68.116 euroko kopurua dute orotara, eta Oinarrizko Lanbide Heziketa emateko eskumena eskuordetuta duten udalei emango zaizkie, Covid-19ri aurre egiteko neurriak aplikatzeak eragin dizkien gastu gehigarriak finantzatzeko. Beraz, dirulaguntza hauen xede izango dira, batetik, prestakuntza presentziala edo online emateko material informatikoa eskuratzeko gastuak, hala nola ordenagailuak edo tabletak; eta, bestetik, Covid-19ren aurka babesteko material sanitarioa erosteko egindako gastuak, hala nola maskarak, eskularruak edo eskuetarako desinfektatzailea. 

Oinarrizko Lanbide Heziketa eskuordetua

2015eko uztailaren 27ko erabakiaren bidez, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak emateko eskumena eskuordetu zitzaien hala eskatu zuten udalerriei. Horrela, Hezkuntza Sailak udalerri bakoitzari eskuordetutako zerbitzuaren guztizko kostua finantzatzen dio, betiere ikasturte eta espezialitate bakoitzeko ikasle-taldea eratzen bada. Finantzaketa horrek barne hartzen ditu eskuordetza eman zaion Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloari egotzi dakizkiokeen kostuak, hala nola langile-gastuak, mantentze- eta funtzionamendu-gastuak, eta inbertsio errealak birjartzea. 

Hala ere, Covid-19k sortutako pandemia-egoera dela eta, udalerri horiek material informatiko gehigarria edo babeserako material sanitarioa erosi behar izan dute; Hezkuntza Sailak horiek finantzatzen laguntzen du, udalei zuzeneko dirulaguntza hauek emanez. 

Euskadiko 11 udalerrik eskaintzen dituzte Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak, eskuordetutako eskumenez.