Ohar informatiboa: Txertaketa-prozesua Euskadin

2021-02-12

COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpainak Euskadin aurrera jarraitzen du, eta, dagoeneko, 92.204 txerto eman dira (54.875 lehen dosikoak eta 37.329 bigarrenekoak). Gainera, Osakidetzako plantillako % 39,62k jaso du lehen dosia, dagoeneko.

Gaur, otsailaren 12an, Astra Zenecaren 10.500 txerto iritsi dira Euskadira, astelehenean iritsi ziren 9.100 txertoez gainera. Hori eta Osasuneko Lurraldeen arteko Kontseiluaren Osasun Batzordeak txertoa emateko ezarritako lehenespen-irizpideak aintzat hartuta, txerto horren txertaketa datorren asteko asteazkenean hasiko da, Ertzaintzako agenteen artean. Eguneko zentroetako profesionalen txertaketa datorren astean egingo da, foru-aldundiekiko koordinazioaren eta operatiboaren arabera; izan ere, haietako langileek emango dute.

Nabarmendu behar da Euskadik jarraituko duela segurtasunerako stockari eusteko estrategiarekin, bigarren dosia sasoiz eta behar den moduan ematen dela bermatzeko; estrategia hori, gertatutakoak ikusita, egokia izan da. Osasun Ministerioak berak jakinarazi du Modernaren dosien kopurua murriztu egingo dela datozen entregetan, eta autonomia-erkidegoei gomendatu die bigarren dosia bermatzeko txerto-erreserba nahikoa izatea.

Txertoen entregen eta eskuragarritasunaren inguruko ziurgabetasuna dela eta, dosiak emateko plangintzak eta deiak etengabe ari dira eguneratzen, eta Modernaren dosi-kopurua murriztu izanak ere eragina izango du. Datorren asterako aurreikuspena da hurrengo kolektiboen txertaketarekin paraleloan jarraitzea, betiere txertoen eskuragarritasunaren arabera.

  • Egoitzetan bai egoiliarren bai profesionalen erabateko immunizazioarekin jarraitzea.
  • Osakidetzako osasun-profesionalen lehen lerroa eta bigarren lerroarekin jarraitzea.
  • Klinika pribatuetako osasun-profesionalen lehen lerroa.
  • Ertzaintza
  • Eguneko zentroetako profesionalak.

 

Txertaketak gainerako kolektiboekin jarraituko du, dosien eskuragarritasunaren arabera.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 12a