NEIKERek ongarrien kontsumoa murriztea lortu du proba pilotu aitzindari batean, doitasunezko nekazaritza erabiliz

Nitralda_NEIKER.jpg

2021-05-28

• NITRALDA proiektuan lortu da, Euskadin lehen aldiz ongarritze dosi aldakorra aplikatzeko teknologia erabiliz, ongarritzea laborearen beharretara egokituz eta preskripzio mapetatik abiatuta

• Proiektua bat dator Eusko Jaurlaritzak ustiategi txiki eta ertainak digitalizatzeko duen estrategiarekin; horren bidez, nekazaritza ekosistemen eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetu nahi dira

• Hiru proba pilotu egin dira, ahalik eta konbinazio gehienak probatzeko, eta eskuliburu bat egin da, doitasunezko nekazaritza teknika hori martxan jartzeko behar den informazioa biltzen duena

NEIKERek, NITRALDA proiektuaren esparruan, ongarri nitrogenatuen erabilera %19 murriztea lortu du, Euskadin lehen aldiz ongarriaren dosi aldakorraren teknika erabiliz, zeinak ongarriaren aplikazioa laborearen beharretara egokitzea ahalbidetzen duen. Doitasunezko nekazaritza teknika bat da, preskripzio mapak erabiliz, laboreei ematen zaizkien ongarrien ekarpena optimizatzen eta murrizten duena, errendimendua murriztu gabe.

Ongarrien erabilera murriztea da "Farm to Fork" izeneko Europako Itun Berdearen funtsezko puntuetako bat, ezarritako helburua izanik 2030erako ongarrien ekarpena %20 murriztea.

NITRALDA proiektuan, NEIKERekin batera, parte hartzen ari dira Javier Alava eta Hermanos Torre nekazariak, GARLAN S. Coop., Arabako Nekazari eta Abeltzainen Elkartea (UAGA) eta HAZI erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren finantzaketarekin, eta bat dator nekazaritza digitalizatzeko estrategiarekin -batez ere ustiategi txiki eta ertainetan-, agroekosistemen efizientzia eta jasangarritasuna hobetu nahian.

Gari sail pilotuetako errendimendua kalkulatzea

NEIKEReko taldeak gari sail pilotuen errendimendua aurreikusteko gai den eredu bat garatu du, Sentinel-2 (European Space Agency) satelitetik lortutako laborantza egoerari buruzko datuetan eta partzelen morfologiari buruz Geoeuskadin ostatatutako datuetan oinarrituta.

Eredua entrenatzeko, gainera, errendimenduko monitore baten datuak erabili dira. Monitore horrek lursaileko eremu bakoitzean bildutako ale kiloei buruzko informazioa ematen du. Behin eredua entrenatu eta balioztatu ondoren, hiru partzela pilotutan erabili zen (guztira Arabako 19 hektarea), hiru errendimendu mapa sortzeko. Mapa horiek nekazariekin eta GARLANeko teknikari aholkulariarekin kontrastatu ziren, euren ekarpenak egin ahal izateko eta mapak errealitatearekin bat zetozela egiaztatzeko.

Informazio horrekin guztiarekin, partzela bakoitzerako preskripzio mapa bat zehaztu zen, ongarri dosi desberdinak aplikatzeko eremuak sortuz. Erabiltzeko, preskripzio mapa hori fabrikatzaile bakoitzak adierazitako formatuarekin sartzen da traktorearen monitorean, ongarritzeko gailuak uler dezan zenbat ongarri jarri behar duen partzelaren eremu bakoitzean.

Saiakuntzetan, ongarritze metodo tradizionalarekin alderatuta, hiru partzeletako batean emandako ongarri nitrogenatuaren kantitatea %19 murriztu ahal izan zen.

Ongarritze aldakorreko teknologia ebaluatzeko, monitorea eta ongarrigailua dituzten hiru multzo erabili dira. Zehazki, Jhon Deere sistema (Javier Alava), Amazone + Trimble (Hermanos Torre) eta Khun + Topcom (NEIKER).

Amaitzeko, ongarritze teknika aldakorra erabiltzeko, eskuliburu bat idatzi da, erabilitako monitore gehi ongarrigailu hiru konbinazioetan jarraitu beharreko urratsak jasotzen dituena.

Proiektuak 46.000 euroko aurrekontua zuen guztira, eta Euskadiko gastronomiaren eta elikaduraren balio katea digitalizatzeko estrategiaren barruan kokatzen da (Smart Food Country 4.0).