NEIKERek 30.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagai Bankuari

NEIKER_BANCO_ALIMENTOS_ARABA.jpg

2021-11-19

" Ekimenaren bidez, zentro teknologikoak euskal lurraldeko 1.000 familia baino gehiago elikatzen laguntzen du, ikerketa jardueretan sortutako soberakinekin.

" Urteko entrega 2015az geroztik NEIKERek eta Euskadiko Elikagai Bankuen Federazioak daukaten lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen da.

Gizarte erantzukizun korporatiborako duen konpromisoaren barruan, NEIKER zentro teknologiko eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantza kideak, 2015. urteaz geroztik, Euskadiko Elikagai Bankuen Federazioarekin (FEBA) lankidetzan dihardu, bere ikerketa jardueretan sortzen diren soberakinak erakundeari emanez. Aurten, lankidetza hitzarmen horren barruan, 30.000 kilo patata eman dizkio Arabako Elikagai Bankuari.

Entrega azaroaren 17an egin zen, eta Arabako 1.200 familiatako 4.500 lagun elikatzeko balioko du. Bertan izan ziren Joaquín Salazar NEIKEReko Baliabide Orokorretako zuzendaria eta Daniel Fernandez Arabako Elikagai Bankuko lehendakaria.

2015etik mantentzen dugun akordioari esker, dagoeneko 100.000 kilo patata baino gehiago eman ditugu, eta gure jarduera zientifikoen kokagunea den ingurunearekin dugun konpromiso sozialaren erakusgarri da”, azpimarratu du Salazarrek.

Saiakuntzetako soberakinak

Zehazki, lehen sektorean espezializatutako zentroak egindako dohaintzan, Kennebec, Monalisa, Jaerla, Agria, Baraka, Red Pointiac, Desire eta Yona izan dira patata mota nagusiak. Guztiak ala guztiak Arkautiko (Araba) ikerketa lanetatik sobera dauden produktu gisa jasota daude.

Gure jarduerek nekazaritzako soberakin asko sortzen dute urtero. Patatei dagokienez, gehienak 'kontrol aurreko' eta 'kontrol osteko' saiakuntza eremuetan egindako probetatik datoz”, gaineratu du NEIKEReko adituak.

‘Kontrol aurreko’ eremuetan, NEIKERek ‘patata amak’ landatzen ditu. Lagin horiek inportatu egin dira eta Euskadin lehen aldiz landatuko diren haziak lortzeko erabiliko dira. Saiakuntza horietan jarraipena egiten zaie tokiko merkatuan sartu aurretik, hazien osasun ona ziurtatzeko.

Bestalde, ‘kontrol osteko'’ eremuetan kanpaina bateko ereiteko patata guztien jarraipena egiten da, araudiak ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Horretarako, Euskadin erabili eta ereiten diren loteen lagin bat hartzen da. “Horrenbestez, nekazari batek arazoak baditu bere lursailetan haziekin –ez dira behar bezala ernaltzen edo birosi arazoak dituzte–, eta arazo horren berdina kontrol osteko sailean agertzen bada, jakin egin daiteke haziak egoera txarrean zeuden edo arazoa nekazariaren lurrean bertan dagoen”, zehaztu du NEIKEReko Baliabide Orokorretako zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzaren Mintegiko Hazi eta Landareen Zerbitzua arduratzen da Araban lantzen den hazitarako patataren ekoizpenaren kontrol ofizialak eta ziurtapenak egiteaz, eta, NEIKERekin lankidetzan, landatu eta biltzeko lanak egiten ditu ‘kontrol osteko’ lursailetan.

NEIKERi buruz

NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologiko bat da. NEIKERen lan ildo nagusiak dira ustiategien jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatzea, klima larrialdiak nekazaritzan dituen ondorioak arintzeko aukerak bilatzea, bioekonomia bultzatzea, lehengai ez-berriztagarriekiko menpekotasuna murrizteko eta jarduera ekonomiko berriak sortzeko, nekazaritzan fitosanitarioen erabilera arrazionalizatzea eta abeltzaintzan antibiotikoen erabilera murriztea, antibiotikoekiko erresistentzia handitzearen inpaktua minimizatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakundea den heinean, NEIKERen jardueraren helburua da Eusko Jaurlaritzak diseinatzen dituen estrategiei erantzutea eta horiek bultzatzea, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzaren sektorea sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko.