Musikariak Ikastetxeetan: Musikari eta kantariak ikastetxeetara hurbilduko ditu Hezkuntza Sailak

2021-03-22

  • Bigarren Hezkuntzako ikasleek musikarien lana, ibilbidea eta sortze prozesua hurbiletik ezagutuko dituzte, ikastetxean bertan
  • Martxoan hasi eta ekainera bitartean musikariek 92 saio egingo dituzte eskola eta institutuetan
  • DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduriko ekimenak kultura transmisioa ere badu helburu: gazteen artean euskal kantagintza ezagutaraztea

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak gaur goizean aurkeztu du Bilbon Hezkuntza Sailak martxan jarri berri duen programa: Musikariak Ikastetxeetan. DBH-ko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduriko programa honen bidez, musikariek saioak eskainiko dituzte ikastetxeetan, ikasleekin solasaldiak izan, euren sortze prozesuaz eta ibilbideaz jardun eta tartean, hainbat kantu eskaini, zuzen-zuzenean.

Hezkuntza sailburuordearekin batera aurkezpenean izan dira Gotzon Barandiaran, programaren koordinatzailea, eta Mikel Inuntziaga “Inun” kantaria. Azken honek zenbait kanta ere eskaini ditu, gitarra hartuta azaldu baita.

Martxoan hasi eta ekainera bitartean, 92 saio eskainiko dituzte musikariek ikastetxeetan: 13 saio Araban, 48 Bizkaian eta 31 Gipuzkoan. Hamaika estilotako 30 musikari arituko dira ikastetxez ikastetxe, ikasleei euren lana erakusten, euskal kantariak beti ere. Baina hori baino gehiago ere bada Musikariak Ikastetxeetan programa.

Musikariak Ikastetxeetan

Helburua ez da soilik musikariek eskola edo institutuetan kantu-saio batzuk eskaintzea. Programa honek formazio eta transmisio programa bat ere izan nahi du. Sortzaileek, musikariak kasu honetan, euren esperientzia eta lana aurkeztuko diete ikasleei, baina testuinguru baten barruan. Euskal kantagintzaren baitan kokatuko du bere esperientzia musikariak. Era honetan, ikasleek adibide partikular bat ezagutzeaz aparte, ezagutza global bat ere jasoko dute azken hamarkadatako euskal kantagintzaz. Ikasleak musika kultura oso batekiko esperientzia eta ezagutza jasoko du, erabat modu atseginean.

90 minutu ingurukoko saioan, bere sormen prozesua azalduko die ikasleei musikariak. Lehen hitza edo lehen akordea sortzen duenetik, zuzenean edo disko batean plazaratu arte dagoen sormen prozesu osoa: hitzetatik hasten bada sortzen, zeri idazten dion, zer esateko, zein neurritan, zein egitura darabilen, zelan gehitzen dion musika, zein instrumenturekin… Eta noski, hitzezko azalpenen artean, musikariak bere kantak joko dizkie zuzenean, ikastetxean bertan.

Aurretiko lanketa gelan

Horretarako, aurretik gaiaren inguruko lanketa bat egingo da eskoletan, saioan parte hartuko duten ikasleekin. Ikasleek entzun eta ikusiko dutenaren gainean ezagutza oinarrizko bat izan dezaten, irakasle eta eskolen eskura jarriko dira hainbat material eta elementu, klaseetan aurretik lanketa egin ahal izan dadin. Aurretiko lanketa horretan ezagutuko diren gaiak: euskal kantagintza berriaren sorrera, euskal rock-and-rolla, folkaren loraldia, RRV (Rock Radical Vasco) deiturikoaren eztanda, trikitiaren baserritik kalerako jauzia, 90eko hamarkadako oparotasuna, edo XXI. mendeko kantagintza, besteak beste.

90 minutuko iraupeneko saioetan euren esperientzia kontatu eta kantuak eskaintzeaz gain, Interneteko baliabideak ere erabiliko dituzte musikariek.

30 musikari, hamaika estilo

Euskal kantugintzan eta musikan ibilbide luzea egindakoak dira programan parte hartzen duten musikarietako batzuk; euren saiorik onenak oraindik emateko dituztenak beste batzuk. 30 musikari izango dira guztira, hamaika musika-estilotan ari direnak. Martxoan hasi eta ekainera bitartean eskainiko dituzte saioak ikastetxeetan. Honako hauek dira Musikariak Ikastetxeetan programan arituko diren 30 musikariak:

  • Aguxtin Alkhat
  • Aneguria
  • Birkite Alonso, Birkit
  • Elena Caballero, La Basu
  • Eñaut Elorrieta
  • Erik Berganza, Abereh
  • Estitxu Pinatxo
  • Iban Urizar, Amorante
  • Iker Lauroba
  • Ines Osinaga
  • Jon Basaguren
  • Jon Gurrutxaga
  • Joseba Irazoki
  • Jurgi Ekiza
  • Keu Agirretxea
  • Maite Larburu
  • Maria Rivero
  • Mikel Inuntziaga, Inun
  • Mikel Markez
  • Mikel Urdangarin
  • Miren Narbaiza
  • Olatz Salvador
  • Pantxix Bidart
  • Paxkal Irigoyen
  • Rafa Rueda
  • Thierry Biscary
  • Tristtan Mourguy
  • Unai Unda, Xatiro
  • Xabi San Sebastian
  • Zuriñe Hidalgo