MUGAK Gasteizera heldu da Housing the Basque Country erakusketarekin

2021-11-17

  • Iñaki Arriola sailburuak eta Ana del Val foru diputatuak inauguratu duten ‘Housing the Basque Country’ erakusketa urtarrilaren 16ra arte egongo da zabalik Amárica aretoan.
  • Lakua, Salburua eta Zabalganako eraikin bereziak ikus daitezke, baita Laudioko eta Aguraingo beste eraikin batzuk ere, Luis Asínen argazkiekin.
  • Erakusketa Mugak Arkitektura Bienalak Gasteizen aste honetan egingo dituen jardueren (guztiak doakoak) lehena da, Aihotz plazan egingo den beste erakusketa batekin, dokumental batekin eta Patxi Mangadoren hitzaldi batekin batera.

 

 

Etxebizitza eta arkitektura estuki lotuta daude. Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak ‘Housing the Basque Country’ erakusketa aurkeztu du gaur, trantsizioaz geroztik Euskadin izan den etxebizitza-politika laburbiltzen duena. Ilustratzeko, 30 eraikin erakusten dira, azken 40 urteetan eraikitakoaren adibide onenetako batzuk irudikatzen dituztenak, hamar lurralde historiko bakoitzeko.

Erakusketaren irekiera ekitaldian izan dira Iñaki Arriola, Mugak/ antolatzen duen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua; Ana del Val, Arabako Kultura eta Kiroleko foru diputatua; eta José Ángel Medina, Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren hirugarren edizioko komisarioa.

Arriola sailburuak azaldu duenez, “erakusketa Euskadin 1981az geroztik etxebizitza publikoan egindako bidearen laburpen bizia da, Espainia osoan parekorik ez duen jarduera bat, tipologia desberdineko 100.000 etxe baino gehiago eraikitzera eraman gaituena eta etxebizitzaren arloan dugun sentsibilitatea erakusten duena”.

Ana del Val diputatuak gaineratu duenez, “Sala Amáricaren erakusketak arrakasta-historia bat kontatzen digu, etxebizitza-politika gisa, eta hori guztion ahaleginaren arrakasta-historia besterik ez da, babes ofizialeko baliabidearen beharra izan dutenen zerbitzura jarrita, bizitza-proiektuei ekiteko aukera ematen duen etxe-eskubideaz gozatu ahal izateko. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkizuegu Bienala hiru lurralde historikoetara zabaltzeagatik, erakusketa honekin edo programatutako gainerako jarduerekin”.

1981ean eskumenak transferitu zirenetik, Euskadin babes ofizialeko 105.000 etxebizitza baino gehiago eraiki dira, eta horietatik heren bat, 35.000 baino gehiago, Eusko Jaurlaritzak sustatu ditu.

40. urteurren honetan, ‘Housing the Basque Country’ erakusketak etxebizitza publikoaren gaia jorratzen du etxebizitza sozialak, babestuak, tasatuak edo hitzartuak bere baitan hartuz. Bihartik urtarrilaren 16ra arte egongo da zabalik, Gasteizko Amárica aretoan, doan.

Hautatutako 30 eraikinetatik 10 Araban daude. Balio arkitektoniko eta estetikoengatik, lurraldera egokitzeagatik edo ekarpen tekniko eta eraikitzaileengatik nabarmentzen dira eraikin horiek. Gasteizen, Lakua, Salburua eta Zabalgana auzoetako etxebizitzak nabarmentzen dira, eta Laudioko eta Aguraingo etxebizitzak ere badaude.

Eraikin bakoitza argazki eta plano originalen bidez azaltzen da, eta maketekin eta formatu handiko beste argazki batzuekin batera, Luis Asínek eginak, egungo errealitatearen erretratu soziala egiten dute, baita bertako biztanleek espazio horiek nola erabiltzen dituzten erakutsi ere. Gainera, auzo modernoen hiri-bizitza eta gizarte-edukia azaltzen dira.

Erakusketa Aihotz plazan eta Mangadoren hitzaldia

Gaur hasi dira Mugak/en jarduerak Gasteizen, baina aste honetan zehar jarraituko dute. Izan ere, bihar erakusketa zabalduko da Aihotz plazan. Iragankorra izango da, bost egunez bakarrik ikusi ahal izango baita, ondoren Donostiara joango da eta. Habic klusterrak antolatuta, Euskadiko diseinuaren artisauak omentzen ditu. 70eko eta 80ko hamarkadetan diseinuzko altzariak lurraldeko industria-sektore berri bihurtu zituzten zortzi enpresa aurkezten dira bertan, horien artean Arabako bi.

Halaber, BiBat museoan Patxi Mangado arkitekto nafarra izango da ostiralean protagonista, karten eta arkeologiaren bildumak batzen dituen museoaren birmoldaketaren egilea. Berarekin batera Paco Valderrama egongo da, kazetari gasteiztarra eta, gainera, urtero World Press Photo erakusketa Gasteizera ekartzen duena. 18:00etan izango da hitzaldia.