Mondragon Unibertsitateko 2021-2022 ikasturteari hasiera eman dio Lehendakariak

2021-09-17

  • Iñigo Urkulluk nabarmendu du, zailtasunak zailtasun, Unibertsitateak erdigunean jartzen jarraitu duela bere balioak, ezagutza, berrikuntza eta ehun teknologiko, ekonomiko eta produktiboarekin duen elkarreragin estua

  • Ikasturte berri honetan, Eusko Jaurlaritzak Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko bigarren estrategia garatuko du, hiru helburu estrategiko partekatuz: talentu eraldatzailea, berrikuntzara bideratutako ezagutzaren transferentzia eta misio zientifiko-teknologikoak.

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun, buru izan da Mondragon Unibertsitateko 2021-2022 ikasturtearen hasiera-ekitaldian. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta ondoren Gastronomia Zentro Teknologikoko Osasun Arloko Ikertzaile Nagusia den Usune Etxeberriak lezio magistrala eman du, eta Vicente Atxa MUko errektoreak eta, azkenik, Iñigo Urkullu lehendakariak hitzaldiak eman dituzte.

Lehendakariak, bere hitzaldian, azpimarratu du, zailtasunak zailtasun, Unibertsitateak bere balioak, ezagutza, berrikuntza eta ehun teknologiko, ekonomiko eta produktiboarekin duen elkarreragin estua erdigunean jartzen jarraitu duela. "Pandemiak ez du lortu Mondragon Unibertsitatearen, erakunde publikoen, ekonomiaren, kooperatiben eta enpresen eta gizartearen arteko elkarlan estua ezkutatzea", adierazi du. Hala, Mondragon Unibertsitatea elkarlanaren, lankidetzaren eta inplikazio sozialaren erreferentea dela azpimarratu du, “gizartearentzat eredu bat bizi dugun zailtasun eta ziurgabetasun garai hauetan”.

Mondragon Unibertsitatearen proiektuak kooperatibismoaren balioetan duen lotura sendoari eta Arizmendiarrietaren ikuspegiari erreferentzia eginez – duela 65 urte enpresa txiki eta ertain baten garapenean oinarritu zen, talentu gazte eta berritzailez osatutako kooperatiba-egiturarekin –, Lehendakariak euskal eredu hori nabarmendu du, aurrekaririk gabeko nazioarteko garapen ekonomiko eta sozialari bide eman baitio. "Enpresa egin eta aberastasuna sor daitekeen adibide bat da, pertsonak erdigunean jarriz", gaineratu du.

Era berean, Urkullu lehendakariak adierazi du ikasturte berri honetan Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko bigarren Estrategia garatuko dela, hiru helburu estrategiko partekatuz: talentu eraldatzailea, jasangarritasuna oinarri duen etorkizunerako zutabea; berrikuntzara bideratutako ezagutzaren transferentzia; eta misio zientifiko-teknologikoak. Hala, aste honetan bertan, Espainiako Gobernuari unibertsitateko prestakuntza dualaren ereduan aurrera egiteko eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza indartzeko beharra azaldu diotela jakinarazi du, "besteak beste, prestakuntza dualerako kontratua behin betiko onartzea eskatu dugu".

Basque Culinary Center-en egin da ekitaldia eta bertan izan dira Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Gobernuko Ordezkari Denis Itxaso, Gipuzkoako Diputatu Nagusi, Markel Olano, Mondragon Korporazioako Presidente, Iñigo Ucín, eta MUko Presidente Mikel Alvarez.

Eskaintza akademikoa MU

2021-2022an Mondragon Unibertsitateak 6000 ikasletik gora izango ditu matrikulatuta ikasketa ofizialetan. Horietarik 5255 graduko ikasleak dira. Matrikulatutako ikasle berriak, bestalde, 2039 dira, horietatik 1543 gradukoak. Titulazio kopuruari dagokionean, 17 gradu eta 16 unibertsitate master eskainiko dira.