Merkatuen etorkizuna bermatzeko helburuarekin Gipuzkoako Azoken Sarea sortu da

Azoken_sarea1.jpg

2021-01-28

16 udalerrik hartuko dute parte Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin, Landa Garapen Elkarteekin eta Elikarekin elkarlanean sortu duen ekimen hau.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin, Landa Garapen Elkarteekin eta Elika Fundazioarekin elkarlanean Gipuzkoako herrietako azokak aztertu, indartu eta hauen etorkizuna bermatzeko helburuarekin Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoa jarri du martxan. Prozesu honen bitartez, azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza plana adostuko dira; eta guztien artean Gipuzkoa osorako ikuspegi orokor bat landuko da.

Proiektu hau gauzatzeko hiru enpresa aholkulari kontratatu dira, Elhuyar, Eurogap eta Ikertalde. Ekimenaren hasiera honetan 16 udalerrik hartuko dute parte: Azkoiti, Azpeitia, Arrasate, Beasain Bergara, Donostia, Deba, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Oñati, Ordizia, Tolosa, Zarautz eta Zumarraga. Aurrera begira, helburua da egitasmoa Gipuzkoa osora eta baita Euskadi osora ere zabaltzea.

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek, bitarteko eragileekin batera (Landa Garapeneko Elkarteak eta Elika Fundazioa) urteak daramatzate hurbileko nekazaritza eta merkaturatze-zirkuitu laburren alde lanean, bide berriak aztertuz ekoizleek etekin ekonomiko handiagoa izan dezaten eta egitasmo hau, bide berean, azokei bultzada bat emateko sortu da.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak nabarmendu du “une egokia dela ekimena martxan jartzeko, Europatik ekoizleen alde datorren joera dela eta”. “Europako Batzordeak, Europako Itun Berdearen esparruan, onartu berri duen Baserritik Mahaira Estrategiak elikagaien segurtasuna eta dieta osasuntsuak eskuratzea babestuko duen elikadura-sistema jasangarrirako trantsizioa defendatzen baitu”. Orozek gaineratu du “estrategia hori Euskadiko gobernu-planean txertatuta dagoela, eta elikagaien ekoizpen jasangarriagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa bultzatuko duela, elikadurarekin gero eta sentikorragoak eta zorrotzagoak diren herritarren eskakizunei erantzungo diena, eta gure produktuekiko eta sektorearekiko hurbiltasuna eta konfiantza baloratuko dituena”.

"Horretarako, ezinbestekoa da eragile guztien arteko elkarlana, publikoak zein sektorialak, eta gaur aurkezten dugun Sare hau Euskadi osora zabaltzea da asmoa, Euskal Azoken Sarea eratuz", azpimarratu du Oroz sailburuordeak.

Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak nabarmendu du “Gipuzkoa aitzindaria” izango dela egitasmo honetan, “lurraldeko azoka kopurua eta hauek gizartean, ekoizleentzat zein erosleentzat”, duten garrantzia dela eta. “Gipuzkoako Foru Aldundian gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari gara, horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz”. Arrutik gaineratu du Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoarekin “bultzada handi bat eman nahi zaiela azokei, hausnarketa bat eginez, eta partaidetza prozesuen bitartez lan-ildo nagusi bat eta ekintza-plan bat sortuaz”.