Maskara higienikoak ikuskatzeko kanpaina, zehapen-izaerarekin

2021-03-30

Zehapen-izaera duen kanpainak arreta berezia eskainiko die maskara saredunei, eta iragazketa bakterianoaren (BFE) laborategiko analisia egingo da

Gaur hasi da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Kontsumobide bitartez, sustatutako beste ikuskapen-kanpaina bat, eta apirilean eta maiatzean Euskadiko establezimenduetan saltzen diren maskara higienikoak aztertuko ditu.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Javier Hurtadok, ostiralean aurreratu zituen Eusko Legebiltzarreko kontrolerako osoko bilkuran Kontsumobidek maskarak ikuskatzeko abian jarriko duen hirugarren kanpaina hori buruzko xehetasunak.

Aurreko bi kanpainetan merkaturatzen diren maskara higienikoen eta NBEn etiketak aztertu zituzten, eta ez, ordea, maskara kirurgikoak; horiek osasun-produktuak direnez, ez baitira bere eskumenekoak. Horrez gainera, eskularruak eta gel hidroalkoholikoa ere analizatu zituzten. Kanpainan webguneak edo plataformak eta establezimendu fisikoak aztertu zituzten, eta hainbat produktu ibilgetu zituzten eta etiketetan hautemandako akatsak zuzentzeko eskaerak egin zituzten; kasurik gehienetan zuzendu ziren.

Ikuskapen horien ondoren, Kontsumobidek informazio-kanpaina bat jarri zuen martxan hedabideetan, herritarrei gogorarazteko maskaren etiketetan zer jarri behar duen eta maskarak nola erabili behar diren, ezinbestekoa bihurtu den produktu bat baita.

Gaur hasiko den ikuskapen-kanpaina hau maskara higienikoen etiketei eta ezaugarriei buruzko Kontsumo Ministerioaren CSM/115/2021 Aginduan oinarrituko da, agindua atzo jarri baitzen indarrean.

Sailburuak kanpaina honen ardatz nagusiak gogorarazi ditu: “Kanpainak zehapen-izaera izango du, eta arreta berezia eskainiko die maskara saredunei. Bestalde, kontrola ez da mugatuko etiketak zuzenak diren egiaztatzera; horrez gainera, laginak hartuko dira eta laborategira bidaliko dira iragazketa bakterianoaren eraginkortasuna (BFE) aztertzeko”.

 

Maskara higienikoak ikuskatzeko kanpaina

Kanpaina Euskadiko hiru lurralde historikoetan gauzatuko da, eta laborategian aztertzeko 25 lagin hartzea aurreikusten da. Horrek esan nahi du 25 modeloren iragazketa bakterianoaren analisia egingo dela etiketan adierazitakoa dela egiaztatzeko. Analisi horrez gainera, modelo horien eta beste batzuen eta establezimenduetan dauden beste marka batzuen etiketak ere aztertuko dira, Kontsumo Ministerioren arau berria betetzen duten jakiteko.

Etiketetan aztertuko diren ezaugarrietako batzuk hauek dira: argibideak zein hizkuntzatan dauden; neurriari eta garbiketa-kopuruari buruzko datuak; zenbat ordutan erabil daitezkeen; fabrikazio-lotea; fabrikatzailearen edo banatzailearen izena eta datuak; laborategiko analisiei buruzko txostenak, etab.

Irregulartasunak hautemanez gero, irregulartasunaren araberako prozedura irekiko da (akatsak zuzentzeko eskaera, produktua ibilgetzea, alerta-sarean sartzea, etab.), eta produktuaren arduraduna etiketan agertzen dena izango da.