Lurralde Plangintzako Sailak hiri-berroneratze integrala sustatu du Ezkerraldea-Meatzaldeako lau auzo berritan, 14 milioi eurorekin

20210607_Ezkerraldea_Ignacio_de_la_Puerta_izda_y_Miguel_de_los_Toyos_dcha.jpg

2021-06-07

  • Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren aparteko ekarpenak aukera ematen du bostehun bat etxebizitzatan eta haien auzoetan jarduteko Abanto-Zierbenan, Portugaleten, Santurtzin eta Trapagaranen
  • Saila ari da, dagoeneko, Aiaraldeako udalekin lanean, bizilagun berriak hartzeko, beste 3,5 milioi gehiagorekin

 

Eusko Jaurlaritzak aparteko 14 milioi euro bideratuko ditu, 2021aren eta 2023aren artean, Ezkerraldea-Meatzaldeako lau auzotan hiri-berroneratze programetara, eskualde kalteberen edo lehentasunezko jardun-eremuen proiektu eragileen esparruan. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, astelehen honetan, Bilbon, auzoetan jarduketa integralak sustatzeko funtsak jasoko dituzten udalekin batu da: Abanto-Zierbena, Portugalete, Santurtzi eta Trapagaran. 522 familia, guztira, izango dira eskualde horretan hiri-berroneratze integralerako funts gehigarrien onuradun zuzen. 

Auzo horietako bakoitzean, hurbileko bulego bat sortuko da, opengela delakoa, bizilagunek finantzaketarako eta profesionaletarako bide izan dezaten, eraikinen irisgarritasuna eta energia-efizientzia hobetzeko. Halaber, hiri-inguruneetako hobekuntza-proiektuak sustatuko dira, eta auzoan bizi diren pertsonen enplegagarritasuna sustatu ahal izateko prestakuntza-ekimenak egongo dira.

Abanto-Zierbenaren kasuan, 200 etxebizitzatan esku hartuko da, Las Peñucas auzoan; Portugaleten, 23 etxebizitzatan, Grumete Diego kalean; Santurtzin, Aurora Vildósola multzoan, 104 etxebizitzatan, eta, azkenik, Trapagaranen, San Andres auzoan, dentsitate txikiko 135 etxebizitza obrerotan eta blokeko 60 etxebizitzatan.

14 milioi euro horiek 2020-24 Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Berpiztu programatik datoz; haren barruan, Eusko Jaurlaritzak plan berezia aktibatu du, guztira 180 milioi euroko aparteko aurrekontuarekin, lehentasunez jarduteko eremuetan proiektu eragileak sustatzeko –Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri, Oarsoaldea eta Aiaraldea–. Ekimenak aurten hasiko dira, eta 2023ra arte gauzatuko dira. Ezkerraldea-Meatzaldean auzo kalteberetako jarduketa integralerako baliatuko den kopurua honela banatuko da: 1,5 milioi, 2021ean; 6,4 milioi, 2022an, eta 6 milioi, 2023an. Une hauetan, Lurralde Plangintzako Sailburuordetza Aiaraldeako udalekin ari da lanean, hiri-berroneratzeko proiektu berriak identifikatzeko; 3,5 milioi euro daude erabilgarri ekimen mota hori sustatzeko.

Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzako sailburuordeak honako hau esan du: “lau auzo berri horien bidez, bikoiztu egiten dugu, ia, hiri-berroneratzearen Euskadiko eredua ezarrita duten puntuen kopurua; modu aitzindaria da eremu kalteberetan esku hartzeko, berroneratze energetikotik eta etxebizitza eta auzoen irisgarritasunaren birgaitzetik, eta emaitza onak izaten ari da. Gainera, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko ez ezik, haien prestakuntzan esku hartzeko aukera ere ematen du, lan-aukera berriak izan ditzaten. Formula hori, dagoeneko, eredugarri izaten ari da beste autonomia-erkidego batzuentzat”.

 

Auzo berri horien bidez, Opengela hiri-berroneratze integraleko proiektua Euskadiko bederatzi auzotan egongo da aktibo. Badaude abian Opengela Europako proiektuko bi auzoen opengelak, eredua probatzekoak –Otxarkoaga Bilbon, eta Txonta Eibarren–; Aramotz, Durango eta Basaundi Bailarakoak –Lasarte-Oria– ere badaude. 2021ean, hurbileko bulegoa duten auzoen artean Pasaiako Andonaegi auzoa ere egongo da, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren aurrekontu arrunteko zortzi milioi eurorekin.