Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak alokatzeko hogeita hamar bat etxebizitza babestu eraikiko ditu Soraluze-Placencia de las Armasen

Firma_de_convenio_Soraluze_3.jpg

2021-05-24

  • Etorkizuneko eraikinaren beheko solairua udalaren gizarte-zuzkiduretarako erabiliko da

 

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak hitzarmena sinatu du astelehen honetan Soraluze-Placencia de las Armaseko alkate Iker Aldazabalekin. Hitzarmen horren bidez, Gipuzkoako udal horrek partzela bat lagako dio Eusko Jaurlaritzari Txurrukan, gobernuak alokatzeko babes sozialeko hogeita hamar bat etxebizitza eraiki ditzan.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak etxebizitza berri horiek sustatuko ditu Deba ibaiaren aldameneko 2.600 metro koadroko partzela batean, lehendik dagoen eraikin zaharra eraitsi ondoren. Etxebizitzetako lau Soraluze-Placencia de las Armaseko Udalak ordezko etxebizitzak emateko erabiliko ditu, eta beheko solairua udalaren gizarte-zuzkiduretarako erabiliko du toki-erakundeak. Halaber, Eusko Jaurlaritzak egingo ditu ingurunea urbanizatzeko lanak.

Sailburu Iñaki Arriolak azpimarratu duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoko udalekiko lankidetza funtsezkoa da autonomia-erkidegoan etxebizitza duina eta kalitatezkoa eskuratzea bultzatzeko beharrari erantzungo dion alokatzeko etxebizitza publikoa eraikitzeko, eta Soraluze-Placencia de las Armas horren adibide bikaina da”.  Etxebidek 126 etxebizitza-eskatzaile ditu izena emanda udalerrian; % 91 alokatzeko etxebizitzen eskatzaileak dira.

Udalerrian azken 15 urteetan egiten den ezaugarri horietako lehen esku-hartzea da, eta aukera emango du gaur egun Eusko Jaurlaritzak udalerrian kudeatzen dituen alokatzeko etxebizitza publikoen kopurua % 62 inguru handitzeko. Gobernuak, gaur egun, Soraluze-Placencia de las Armaseko herritarren zerbitzura jartzen ditu udalerrian alokatzeko 47 etxebizitza Alokabideren bitartez, 17 gobernuaren parkekoak eta 30 Bizigune programakoak. Izan ere, programa horren bidez partikularrek Alokabideri lagatzen dizkiote beren etxebizitzak, alokairu publiko eskuragarria eskatzen dutenen eskura jartzeko.

Soraluze-Placencia de las Armasekin sinatutako hitzarmenari Azkoitiko eta Eibarko udalekiko beste akordio batzuk gehituko zaizkio datozen egunotan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren asmoa baita errentamenduko etxebizitzen eskariari erantzuteko alokatzeko parke publikoa bultzatzen jarraitzea. Izan ere, hori da Gipuzkoako herritarrek lehentasunez eskatzen duten modalitatea, Etxebizitzaren euskal Legeak Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza eskuratzea bermatzeko bide gisa planteatzen duena, hain zuzen ere.