Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek Espainiako Arkitektoen Elkargoen Goi Kontseiluaren Arkitektura eta Hirigintzako saria jaso dute

Sin_titulo.png

2021-01-26

  • Epaimahaiak aintzat hartu ditu gidalerroen proposamen-izaera, Hiri Agendarekin bat egitea eta “gaur egun bereziki egokiak diren joerak” barne hartu izatea, hala nola hiri-berroneratzea, azpiegitura berdea eta paisaia, klima-aldaketaren aurreko erronka eta inklusibitatea
  • Arriola sailburuak LAGen lan kolektiboa baliarazi du, instituzioen eta herritarren parte-hartze handia izan baitu eta adostasunak lortu baititu euskal administrazio guztietan

 

EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek (LAG) Espainiako Arkitektoen Elkargoen Goi Kontseiluaren (CSCAE) 2020ko Arkitektura eta Hirigintzako saria jaso dute, “balio arkitektonikoak jasangarritasunarekin uztartzeagatik, baliabideak optimizatzeagatik eta hiri-habitataren eta habitat naturalaren arteko berroreka lortzeko helburuagatik, NBEren 2030 Agendaren helburuek agintzen dutenez”.

Zehazki, sariaren epaimahaiak nabarmendu du LAGek izaera proposatzailea dutela eta zehaztapen lotesleak jasotzen dituztela, hala nola: hiri-kokalekuen egitura ezartzea eta eremu funtzionalak zehaztea, lurzoru urbanizaezina kategorien bidez erregulatzea eta udal-plangintzan hornitu behar den gehieneko bizitegi-ahalmena kalkulatzea, “hiri-hazkundearen perimetroarekin lotutako tresna berriaren” bitartez.

Epaimahaiak baloratu du, halaber, LAGek Espainiako Hiri Agendarekin eta hirigintza arduratsu baterako “Cartagena” gisa ezagutzen den dokumentuarekin bat egin izatea, eta goraipatu egiten du “gaur egun bereziki egokiak diren joerak” biltzen dituztela, hala nola hiri-berroneratzea, azpiegitura berdea eta paisaia edo, zeharkako gaiei dagokienez —besteak beste, herritarren parte-hartzea—, klima-aldaketaren aurreko erronka eta inklusibitatea.  

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Gorenari eskertu egin dio emandako “sari ospetsua”, eta baliarazi du LAGek euskal lurralde-estrategia gisa duten balioa: “gidalerro hauek lurraldearen erabilera jasangarria bermatzen dute, etorkizuneko belaunaldientzat baliabideen eskuragarritasuna arriskuan jarri gabe”.

 “Berritasun nagusia —nabarmendu du sailburuak— antolamendu berriari zentzua ematen dioten zeharkako gai batzuk sartzearen eskutik dator, hots: genero-ikuspegia, osasuna, biztanleriaren zahartzea, klima-aldaketa, mugikortasuna, ekonomia zirkularra edo behar bezalako gobernantza”.

 

Eta adierazi du LAGen balio handia dela “zalantzarik gabe, lan kolektibo horretan instituzioen eta herritarren parte hartze handia lortu izatea eta, horren ondorioz, euskal administrazio guztietan adostasunak bildu dituen dokumentu bat erdietsi izatea”.