Lehendakariordeak Zorrotzaurreko prestakuntza-zentroak bisitatu ditu, eta berrikuntza kalitatezko enpleguak lortzeko tresnatzat hartu du

KUNSTAL_210226_1.jpg

2021-02-26

  • Idoia Mendia IED Kunsthal Diseinuko Goi Mailako Zentroko, AS Fabrik-eko eta DigiPen Institute of Technology Europe-Bilboko ordezkariekin bildu da. Azken prestakuntza-zentro horretan bideo-jokoen diseinuko eta garapeneko graduak ematen dira

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak Zorrotzaurren (Bilbo) ezarritako hiru prestakuntza-zentro berritzaile bisitatu ditu gaur, eta bere ordezkariei eskatu die berrikuntza kalitatezko enpleguak lortzeko tresnetako bat izan dadin.

Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuorde Alfonso Gurpegui lagun zuela, Zorrotzaurren ezarri berri diren hiru prestakuntza-zentro berritzailetan egon da lehendakariordea. Zehazki, honako hauen instalazioak bisitatu ditu: IED Kunsthal Bilbao Diseinuko Goi Mailako Zentroa; Bilbao AS Fabrik, Mondragon Unibertsitateak Bizkaiko hiriburuan duen egoitza berria, 4.0 industriak ekonomia digitalean dituen erronkei buruzkoa; eta DigiPen Institute of Technology Europe-Bilbao, bideo-jokoak diseinatzeko eta garatzeko graduak ematen dituena. Era berean, bilera bana egin du hiru horien ordezkariekin.

Hitzorduan, Mendiak zentro horietatik sortzen diren aukera berriak nabarmendu ditu, Zorrozaurreko irla "enpresa sortzaile eta teknologikoen mikrokosmos" bihurtu baitute, eta ziurtatu duenez, zentro horiek ezarriz gero, "Sinergiak sortuko dira, aberastasun eta enplegu gehiago lortzeko". Azken batean, "Talentua dagoen tokian kokatu nahi duten markak erakartzeko poloa" da.

Era berean, zehaztu duenez, enpleguaren arloan, Sailak hiru helburu nagusi ditu aurten, konponbideetan berritzaile izateko asmoarekin, eta horiek guztiek, prestatzeko, dagokion aurrekontu-esleipena dute. 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategia da, hilabete batzuen buruan onartuko dena; 2021-2024 aldirako Enpleguaren Plan Estrategikoa diseinatzea; eta 2022-2026 aldirako Gizarteratzeko Euskal Planaren lanak hastea. Ildo horretan, gaineratu duenez, "Berrikuntza sustatu nahi da, etorkizunean definituko gaituzten kalitatezko enplegu guztientzat baliagarria izango den adimen artifizialeko eta digitalizazioko estrategia batekin".