Lehendakariordeak Lanbide eraldatzeko egindako urratsak azaldu ditu Legebiltzarrean

2021-06-25

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak Lanbide eraldatzeko eta euskal enplegu sistema baten bizkarrezurra bihurtzeko egindako urratsak azaldu ditu gaur Legebiltzarrean.

Legebiltzarrean emandako erantzun batean, legegintzaldia hasi zenetik martxan jarri diren eta Euskal Enplegu Zerbitzuari eragiten dioten ekimenak errepasatu ditu Mendiak. Horren harira, gogorarazi du urtarrilean Lanbide Hobetezen eraldaketa-proiektua hasi zela, eta hilabete horretan bertan Gizarte Elkarrizketako Mahaian "krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatzeko eta birkokatzeko programa" onartu zela.

Otsailean, Lanbide Hobetzen proiektua azaldu zieten talde parlamentarioei, eta Lanbideren estatutuen dekretua aldatzea erabaki zuten. Apirilean "hamarkada baterako Enpleguaren Euskal Estrategia onartu zen, eta maiatzean Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren aurreproiektua aurkeztu zen". Ekainean Enplegu Foroa deitu da, jarraitu du, eta Euskal Enplegu Sistemaren Legea egiteko parte-hartze prozesua hasi da.

Halaber, lehendakariordeak gogorarazi du laster onartuko dela Lanbideko Koordinazio eta Komunikazio Unitatea sortzea, sareko bulego guztiei koherentzia emango diena, bai eta Prestazio eta Gizarteratze Zuzendaritza berria ere, Sara Buesaren zuzendaritzapean.

Mendiak aitortu duenez, "Barne berrantolaketan murgilduta gaude", eta "pauso asko eman dira, eragile sozialekin egin dugu eta langileei horren berri eman diegu".