Lehendakariordeak "hitzartzeko eta adosteko asmoa" defendatzen du Euskadiko gizartea eta ekonomia berreraikitzeko

2021-06-11

Idoia Mendia Lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak, gaur, “gizarte-elkarrizketa eta hitzartzeko eta adosteko asmoa” defendatu ditu; izan ere, horrek egingo du posible “Euskadiko gizartea eta ekonomia berreraikitzea”, Covid-19aren krisialdiaren ondoren.

Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran, Ekain Rico legebiltzarkide sozialistak maiatzeko Gizarte Segurantzako afiliatuen eta langabeen datuetan antzemandako ekonomiaren eta enpleguaren pixkanakako susperraldiaren inguruan eginiko galderei erantzuteko, Mendiak esan du “itxaropen-zantzu argiak” daudela.

Lehendakariordeak langabeziaren datuen inguruko bilakaera positiboa gogorarazi du, eta bere sailak azken hilotan abian jarri dituen ekimenak zerrendatu ditu. Haien artean, Lanbideren eraldaketa-prozesuaren hasiera, Euskadiko Enplegu Estrategiaren onarpena eta Legebiltzarrean Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Lege berriaren inguruko eztabaidaren hasiera nabarmendu ditu.

Mendiak esan du neurri horien guztien asmoa honako hau dela: “krisialditik enpleguaren kalitate handiagoarekin eta enplegua aurkitzen ez dutenentzako eta enplegura jotzeko moduan ez daudenentzako babes gehiagorekin irtetea”. Eta, horretarako, gizarte-elkarrizketak nolako garrantzia duen azpimarratu du: “guztiaren euskarria da”. “Lan eta Enplegu Sailak egiten duen guztia hitzartzeko eta adosteko asmoz egiten du; izan ere, horrek egingo du posible Euskadin gizartea eta ekonomia berreraikitzea”, esan du, amaitzeko.