Lehendakariordeak "gobernantza kolaboratiboa" defendatu du Oarsoaldea Laneratzeko Poloaren proiektua abian jartzeko ekitaldian

2021-07-09

  • Lan eta Enplegu Sailak 2023ra arte sei milioi euro bideratuko ditu lehentasunezko jarduketa-eremutzat jo den Gipuzkoako eskualde honetan laneratzea sustatzeko
  • Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia izango dira proiektu honen onuradunak, eta lau jarduera-ildo izango ditu

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak "kogobernantza kolaboratiboa" defendatu du gaur; horri esker, gehien kaltetutako eskualdeetan kalitatezko enplegua, inklusiboa eta berdintasunezkoa lortzeko proiektuak abian jarri nahi dira, eta helburu komun horretarako Oarsoaldean abian jarriko den erakundeen arteko lankidetzaren adibidea goraipatu du.

Mendiak Oarsoaldea Laneratzeko Poloaren proiektua abian jartzeko ekitaldian parte hartu du gaur Oiartzunen. Ekimen horrek baliabideak emango dizkio lehentasunezko jarduketa-eremutzat jo den eskualde horri. Harekin batera izan dira Errenteriako alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziako presidente Aizpea Otaegi, Pasaiako alkate Izaskun Goméz, Oiartzungo alkate Jexux Leonet, Lezoko zinegotzi Miguel Ángel Sánchez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendaria Unai Andueza.

Aurreko bi legegintzaldietan, Eusko Legebiltzarrak aho batez erabaki zuen ekonomia suspertzeko plan bat abian jartzea lehentasunezko jarduketa-eremu deiturikoetan, besteak beste, Gipuzkoako eskualde honetan. Berpiztu programaren baitan, joan den maiatzaren 18an, proiektuaren jarraipen-batzorde batek erabaki zuen 180 milioi euro gehiago sartzea aurrekontuan jasota zegoenaz gain. Oarsoaldea Laneratzeko Poloak 24 milioi euro jasoko ditu, horietatik sei Lan eta Enplegu Sailetik, enplegua eta gizarteratzea sustatzeko talka-plan baterako.

Ekimen horrek lau jarduera-ildo biltzen ditu. Lehenengoa, Badia-Berri laneratze-enpresaren eskutik kolektibo kalteberentzako laneratze proiektuak sendotu eta sustatzeko; bigarrena, enpleguaren eta gizarteratzearen arloko berrikuntza zentro bat sortu eta finantzatzeko, Gipuzkoan erreferente izango dena eta egoitza nagusia Gasteizen izango duen enplegu politika aktiboetako berrikuntza zentroen euskal sarean txertatuko dena; hirugarren ildoa lan eta prestakuntza programa bat egiteko izango da, eskualdeko egungo aukera-nitxoetan prestakuntza eta kontratazio ekintzak jasoko dituena, eta epe ertainean aurrean ditugun hiru trantsizioei begiratuko diena, digital-teknologikoa, ekologikoa eta soziosanitarioa. Eta laugarren ildoa gizarteratzeko ekintza espezifikoak garatzeko izango da, gizarteratzeko eskualdeko sarearekin lankidetzan bazterketa egoeran edo bazterketa arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko hainbat proiektu abian jarriz.

Lehendakariordeak azaldu duenez, "Oarsoaldea Laneratzeko Poloan garatuko diren jarduera guztiak eskualdeko Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduerarekin koordinatuta egongo dira; helburua da zereginak eta ardurak ez gainjartzea edo bikoiztea, eta eraginkortasuna eta emaitzak biderkatzeko sinergiak sustatzea".

Aurkezpenean, Idoia Mendiak nabarmendu nahi izan du eskualde horretan abian jarriko den "gobernantza kolaboratiboa", eta eskerrak eman dizkie Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalei, Eskualdeko Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Mendiak azpimarratu duenez, "kuantitatiboa bezain garrantzitsua den beste erabaki bat hartu dugu: tokian bertan zaudetenokin lanean jarraitzea, zuen bizilagunak eta euren premiak hoberen ezagutzen dituzuen horiekin elkarlanean aritzea; udalekin eta osatzen duzuen eskualde-erakundearekin". Ildo horretan, azpimarratu duenez, "hori da 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian finkatuko dugun eredua, herri-itunaren proposamen ireki eta malgua, gizarte-eragileen ekarpenak eta, berriz ere, legebiltzar-taldeenak, barne hartuko dituena".