Lehendakariordeak Eraikuntzaren Euskal Klusterrarekin aztertuko ditu datozen garaietarako enplegu-aukerak

2021-05-10

  •  Belaunaldien arteko erreleboa eta langile kualifikatuen prestakuntza lantzeko beharra ere landu dute

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak ERAIKUNE eraikuntza-industriaren euskal klusterrarekin batera aztertu ditu sektore horretan datozen garaietan irekiko diren enplegu-aukerak, bai eta langile kualifikatuen prestakuntzari eta belaunaldi-erreleboari ekiteko beharra ere. Lanbidek jasotako azken datuen arabera, eraikuntza da azken hilabeteetan ondoen portatzen ari den sektoreetako bat, eta, industriarekin batera, susperraldi onena izaten ari da krisi honetan.

Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordea eta Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea alboan zituela, Mendia Bilboko Klusterraren egoitzan bildu da Alberto Marin presidentearekin eta Jon Ansoleaga zuzendari nagusiarekin. Bilera hori lehendakariordeak euskal eragile ekonomiko eta sozial guztiekin aldizka egiten dituen bileren parte da, eta balio izan du ERAIKUNEri Enpleguaren Euskal Estrategiaren (2030) ildo nagusiak zehazteko. Estrategia hori Eusko Jaurlaritzak onartu berri du, datorren hamarkadan arlo horretako politika publikoak markatuko dituena, eta kalitatea, berdintasuna eta prestakuntzarako eta aktibaziorako eskubide berri bat sartzea izango dituena.

Zehazki, Estrategiak sektorerako darabiltzan proiekzioak eta planak azaldu dizkie, jasotako azken datuen arabera, azken hilabeteetan indar bereziz jokatzen ari denetako bat dela eta, industriarekin batera, krisi honetan susperraldi hobea izan duela egiaztatu ondoren. Gainera, sektore horrek potentzialtasun handia du Europako proiektuei lotutako planengatik, eraginkortasun energetikoaren eta jasangarritasunaren irizpideen arabera eraikinak birgaitzeko planengatik eta hiri-espazioak berroneratzeko planengatik.

Ildo horretan, Mendiak berretsi du Enpleguaren Euskal Estrategian jasotako proiekzioen arabera eraikuntzaren sektorean enplegu kualifikatuko aukera ugari egongo direla, eta desfase handia egongo dela langileen eskariaren eta eskaintzaren artean; beraz, funtsezkoa izan daiteke elkarrekin eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin egin daitekeen lana, tresna gisa.