Lehendakariordeak enplegua eraldatzeko lankidetza eta elkarrizketa sozialaren aldeko apustua eskaini dizkio CEBEKeko presidenteari

2021-06-09

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua CEBEKeko presidente berriarekin, Carolina Perez Toledorekin, bildu da gaur, eta enplegua eraldatzeko proiektuak abian jartzeko lankidetza helarazi dio, baita elkarrizketa sozialaren aldeko apustua ere, egungo krisiak dakartzan arazoak konpontzeko.

Euskal eragile ekonomiko eta sozialekin egindako bilera-sortaren barruan, sailaren ildoak ezagutarazteko eta bere politikak eraginkorragoak izan daitezen ekarpenak jasotzeko, Mendia Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko (CEBEK) presidentearekin (maiatzaren 12an aukeratua) eta Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusiarekin bildu da gaur. Bileran Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak eta Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak ere parte hartu dute.

Pérez Toledorekin izandako lehen hartu-eman honetan, lehendakariordeak Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiaren ildo nagusiak jakinarazi dizkio. Estrategia horrek hurrengo hamarkadan arlo horretako politika publikoak markatuko ditu, eta kalitatea, berdintasuna eta prestakuntzarako eta aktibaziorako eskubide berri bat ezartzea izango ditu helburu. Esparru horretan, Mendiak adierazi du, Euskal Estrategiak aurreikusten duen bezala, hurrengo hamarkadan enplegu-aukera ugari sortuko direla, eta, beraz, enpleguaren arloan proiektu eraldatzaileak abian jartzeko lankidetza erakutsi dio Cebeki.

Era berean, Mendiak "elkarrizketa, negoziazio kolektiboa eta kontzertazioaren garrantzia" azpimarratu du Perez Toledoren aurrean, "Egungo krisiak dituen arazoak konpontzeko eta egoera berrietara egokitzeak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko tresna onenak direlako". Bere ustez, "Akordioa eta lankidetza funtsezko faktoreak izango dira Euskadiko erreskate ekonomiko eta sozialaren prozesuan eta berreraikuntzan, eta erronka horretan ezinbestekoa da Gobernu guztiok bat egitea, udaletatik hasi eta Europaraino, baita enplegua sortu eta aberastasuna sortzen duten guztiok ere, enpresariekin eta langileekin".