Lehendakariordeak "ekintzailetza kolektiboaren garrantzia" nabarmendu du talentua atxikitzeko eta erakartzeko

2021-06-09

  •  Gaztenpresa 2020 Memoriaren aurkezpenean azpimarratu duenez, Euskadik potentzial handia du, "baina ezin da talentu horietako bakar bat ere alferrik galdu"

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak "ekintzailetza kolektiboa" beharrezkotzat jo du talentua atxikitzeko eta erakartzeko, eta Euskadik potentzial handia duela defendatu du, baina "ezin da gaur egun adierazteko zailtasun handiagoak dituzten talentu horietako bakar bat ere alferrik galdu: emakumeak, 45 urtetik gorakoak, gazteak edo dibertsitate funtzionala duten pertsonak".

Mendiak Gaztenpresa 2020 Memoriaren aurkezpenean parte hartu du Bilbon. Bertan, Laboral Kutxaren enplegurako fundazioak iaz egindako jarduera jasotzen da, bai eta enpresa berrien eta sortutako lanpostuen xehetasunak ere. Ildo horretan, Gaztenpresa Fundazioak ekintzailetzari laguntzeko estrategia orokor batean betetzen duen zeregina nabarmendu du. Estrategia horren helburua da "gauzak errazagoak izatea ideiak errealitate bihurtzera ausartzen direnentzat, aberastasuna eta enplegua sortzen duten  heinean".

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak arlo honetan Eusko Jaurlaritzak planifikatuta dituen jarduerak berrikusi ditu, eta, zehazki, bere sailetik (Enpleguaren eta Gizarte Ekonomiaren zuzendaritzetatik eta Lanbidetik) aurrera eramaten ari direnak. Enplegu zuzendaritzak 8 milioi euro baino gehiago izango ditu aurten, hainbat bideren bitartez; laguntzarik berritzaileenak izango dira, batetik, emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta enpresa eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua txertatzeko eta, bestetik, zainketen eta Silver Economyren eremuan aukerak detektatzeko. Gizarte Ekonomiaren zuzendaritzak, bestalde, 2,7 milioi euro baino gehiago ditu kooperatibek edo lan-sozietateek eskaintzen dituzten formulentzat. Eta Lanbidek 5,3 milioi inguru ditu ekintzaileei laguntzeko. Gogorarazi duenez, ekintza horiek helburu bikoitza dute: arlo publikotik ekintzaileek behar duten laguntza bultzatzea, "porrotaren beldurra gainditzeko".

Eraldaketa demografiko, energetiko eta soziosanitarioen eraginez erabateko iraultza jasaten ari den ekonomia batean agertuko diren aukera berrien aurrean, Mendiak adierazi du beharrezkoa dela "talentua atxikitzea eta erakartzea"; horretarako, kalitatezko enplegua sustatzen duten formulen artean, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaz gain, "ekintzailetza kolektiboa" ere bultzatu beharko da, alegia, ekin nahi dutenen arteko lankidetza sustatu beharko da proiektuetan.